euskaraespañol

Nazioarteko bisitariak UPV/EHUn

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/05

Irudia

Ekainaren 8tik 12ra, UPV/EHUko Nazioarteko Harremanen Bulegoak "Langileen Prestakuntza Astea" (Staff Training Week-STW) antolatu du, ikasle eta langileen nazioarteko mugikortasunarekin lotutako gaiak ardatz hartuta. Estatu Batuetako unibertsitate bateko eta Europako hogei unibertsitatetako baino gehiagotako ordezkariek (Italiakoak, Erresuma Batukoak, Esloveniakoak, Errumaniakoak, Frantziakoak, Finlandiakoak, Portugalgoak, Alemaniakoak, Poloniakoak eta Azerbaijangoak) UPV/EHUren hiru campusak bisitatuko dituzte, honako egun hauetan:

  • Gipuzkoako Campusa: ekainaren 8an eta 9an, Donostia-San Sebastiánen.
  • Arabako Campusa: ekainaren 10ean, Vitoria-Gasteizen.
  • Bizkaiko Campusa: ekainaren 11n eta 12an, Bilbon.

UPV/EHUren Nazioarteko Harremanen Bulegoak jarduera hori antolatu du, ikasle eta langileen (hala irakasleak nola administrazioko eta zerbitzuetako langileak) nazioarteko mugikortasunarekin lotutako gaietan sakontzeko; besteak beste, Erasmus+ programa berrian eta harrera unibertsitateek bisitariei ematen dizkieten zerbitzuetan. Orobat, prestakuntza astean parte hartzen duten bisitarien jatorrizko unibertsitateak ezagutu nahi dira, eta parte hartzaileekin jardunbide onak partekatu. Bestalde, UPV/EHUren jarduera ere ezagutarazi nahi zaie unibertsitate bisitariei, honako hauen berri emanez: UPV/EHUren ikastegi eta titulazioak, Université de Bordeauxekin sortutako mugaz haraindiko campusaren proiektua, graduondoko ikasketen eskaintza eta UPV/EHUko nazioarteko proiektuen I+G bulegoak egiten duen lana. Azkenik, ahaleginak egingo dira mugikortasun hitzarmenak sinatu diren unibertsitateekin harremanak sendotzeko, bai eta ikasle eta langileen truke aukera berriak sortzeko ere.

Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreorde Nekane Balluerkak nabarmendu egin du jarduerak duen garrantzia, eta hau adierazi du: "nazioartekotze helburu estrategikoak betetzeko, gure nazioarteko presentzia sendotzen eta areagotzen jarraitu behar dugu. "Langileen Prestakuntza Astea" bezalako ekimenak lagungarri dira gure erakundeak hitzarmenak sinatu diren unibertsitateekin dituen harremanak hobetzeko; gainera, ahalbidetu egiten dute mugikortasun aukera berriak sortzea gure ikasle eta langileentzat".