euskaraespañol

In memoriam: Xabier Sáenz de Gorbea

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/09

Irudia
Xabier Sáenz de Gorbea

Arte Ederren Fakultateko irakasle Ismael Manterolak irakurri zuen testu hau Xabier Sáenz de Gorbearen omenez egin zen ekitaldian, ekainaren 3an, Bizkaia Aretoan.

"Lankide bat hil zaigu. Hala ere, Xabier Senz de Gorbea lankide bat baino gehiago zen. Euskal Herriko artearen protagonistetako bat. Arte Ederren Fakultateko historian oinarrizko zutabea, 70eko hamarkadetako arte ekimenen protagonista, 80ko eta 90eko arte kritikaren iritzi emaile sendoena, 2000. urteko lehenbiziko bi hamarkadetako heldutasunaren ahotsa.

Horregatik, Euskal Herriko arteak galdu duena arte kritiko bat baino gehiago da. Galdu duguna artearen sustatzaile sutsuenetako bat da, artea pasioz beteta  bizi zuena. Jende asko egongo da arteari buruz hitz egiten eta idazten duena, baina, Saenz de Gorbeari arteari buruz hitz egiteaz eta idazteaz gainera, artea gustatzen zitzaion, eta artea ikusteko, disfrutatzeko, aztertzeko eta bereizteko moko fina zuela esango nuke konparaketa gastronomikoa egitea zilegi bada.

60ko hamarkadako azken urtetan eta 70ekoan Bartzelonan ikasitakoa Euskal Herrira ekarri zuen eta Bilboko Arte Ederren Eskolako lehen eta Fakultateko gero hainbat eta hainbat belaunaldien erreferente izan da. Zenbat ikasle pasako ziren bere klasetatik? Zenbat artista belaunaldien azken artearen berri emaile izan ote da? Zaila da jakitea, 30 urte baino gehiago unibertsitateko dozentziari emanda bizi izan baita.
Horrekin batera, zenbat erakusketa antolatu ote ditu?

Komisariotza lan izugarria egin duela esateak ez luke ondo adieraziko Saenz de Gorbearen lana; hain zuzen azkenak aurreko urteko bukaeran egin zituen Bilboko Rekalde Aretoan eta Donostiako San Telmo Museoan eta Koldo Mitxelenan Nestor Basterretxeari eskainitako erakusketarekin.

Zenbat arte kritika idatzi ote ditu? Deia egunkarian astero astero argitaratutakoak kontaezinak badira, beste hainbeste topatu ditzakegu aldizkari, katalogo eta beste argitalpenetan. Zer esanik ez irratirako egindako kolaborazioak eta telebistarako egindako programak.

Nik hala ere, eta topiko xamarra bada honelako artikulu nekrologikoetan, bere alderdi humanoa azpimarratuko nuke, laguntzeko beti prest ikusi dudalako. Ez nuen inoiz entzun artistek eskatutako katalogoetarako testuei ezetz esaten. Dena emateagatik azkar joaten direnekin gertatzen den bezala, nik uste dut, Xabierrek ez zekiela ezetz esaten.

Askotan komentatu genuen ezetz esaten ikasteko kurtsoren bat antolatzea zein lagungarria izango litzaigukeen.
Orain, beranduegi denean, damu bat dut. Berak hainbestetan egin zuen dokumentazio eta datu jasotze lana berarekin egin ez izana damu dut. Artxibo ibiltaria zen Xabier, bere buruan historia egiteko hainbat eta hainbat istorio zeudenez gaixotasun horrek eraman du. Euskal Herriko artearen historia egiteko datu asko joan dira berarekin; eskerrak paper artxiboa ere bazuela. Sarritan hitz egin genuen modu humoretsu xamarrean, paperak betetzen zuen tokiaz eta dena gordetzearen obsesioaz. Orain, seguru asko, eskertu egingo dugu.

Azkenik, bere konpromisoa ere azpimarratu nahi nuke. Integritate ideologikoa. Ez zuen inoiz funtzionari kastakoa izan nahi, horregatik tinko jarraitu zion bere pentsamoldeari eta uko egin zion tesia egiteari unibertsitateko alderdi instituzionalegiek beldur handia ematen ziotelako.

Irakaskuntzan entregatuta, pasioa jarrita, irakasle bikain, baina poltronan eserita geratzen ziren irakasle funtzionario izatearen beldur, ez zion bide horri jarraitu. Horrelako integritatea erakutsi zuen bizitzan ere, nazioarteko mailako arte historialaria izanda, bere inguruari ematea erabaki zuelako. Lehen aipatutako artisten aldeko eskuzabaltasun bera izan zuen herriarekiko eta horregatik memoriaren berreskurapenean eta zabaltzean izugarrizko ahalegina egin zuen, oroitzeak hobeak izaten laguntzen digulako eta horrek justiziaren aldeko urratsa eman dezakeelako. Horregatik ez nuke bukatu nahi Xabierrek artearen dibulgazioan egindako lan izugarria aipatu gabe. Arte irakasle ezeren gainetik, artearen ikerlaria eta dibulgatzailea, euskal kulturaren munduak arte historialari ona galdu du."