euskaraespañol

Muxar txikia Iberiar penintsulara "itzuli" da

UPV/EHUko ikertzaileek karraskari horren Kuaternarioko aztarnak aurkitu dituzte; uste zen 4,5 milioi urte lehenago desagertu zela eremu horretan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/11

Irudia
Lezetxikin aurkitutako muxar fosilak.

Frantzia ekialdetik Errusiaraino, muxar txikia ia-ia Europa osoan bizi da gaur egun. Iberiar penintsulan, baina, ez dago muxar txikirik; hortxe topatu ziren, ordea, haren lehendabiziko arrastoak, Miozeno garaikoak (orain 23 eta 5 milioi urte arteko garaia). Europako beste eremu batzuetara hedatu ostean, penintsulako fosil erregistrotik desagertu zen, Pliozenoaren hasieratik (duela 4,5 milioi urtetik gutxienez). Alabaina, Gipuzkoako Lezetxiki aztarnategian (Arrasate), UPV/EHUko ikertzaileek Muscardinus avellanarius espeziearen arrastoak aurkitu dituzte, Goi Pleistozeno garaikoak (125.000 eta 10.000 urte artekoak). Quaternary Science Reviews aldizkari entzutetsuan argitaratu dute aurkikuntza.

Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko, eta Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzaileen aurkikuntzak garrantzi bikoitza du. Alde batetik, Lezetxikin aurkitutako muxar txikiaren hortzak Iberiar penintsulan aurkitutako espezie horren Kuaternarioko lehenengo arrastoak dira. Izan ere, nahiz eta genero horren aztarna zaharrenak Miozenoko penintsulako aztarnategietakoak diren, erregistro berriagorik ez egoteak esan nahi du ondorengo aldian desagertu zela lur hauetatik, Behe Pliozenoan. Bestalde, Lezetxiki da muxar arrastoak aurkitu diren Europako lekurik hego-mendebaldekoena; horrek espezie horren banaketa geografikoa zabaltzen du.
Gaur egun, muxar txikiaren presentzia hurritzei lotuta dago (ez alferrik, ingelesez Hazel dormouse esaten zaio), baina aurki daiteke askotariko basoetan ere. Txikia denez eta ia inoiz ez denez jaisten zuhaitzetatik, hegazti harrapariek nekez harrapatzen dituzte. Hori dela eta, deposituetan muxar gutxi egon ohi da.

Lezetxikin aurkitutako muxar txikiaren arrastoek emandako informazio paleoekologikoak berretsi egiten ditu maila berberetan identifikatutako mikrofaunaren analisiaren ondorioak: alegia, garai hartako klima gaur egungoaren antzekoa zela, eta, beraz, haitzuloaren ingurua basotsua izango zela.

Lezetxiki ezaguna da nazioartean, giza aztarnak (hala neandertalenak nola Homo heidelbergensis espeziearenak) aurkitu diren Kantauri itsasoko ertzeko aztarnategi bakarrenetakoa delako. Gainera, ez da lehen aldia koba horrek paleontologiaren arloan ezusteak ematen dituena. Alvaro Arrizabalaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak zuzendutako azken indusketa kanpainetan, haren ikerketa taldeak makakoaren Europako azken aleetako baten (Macaca sylvanus) beheko masailezurraren zati bat aurkitu du, bai eta urkietako arratoiaren (Sicista betulina) Iberiar penintsulako lehendabiziko aztarnak ere.

Erreferentzia bibliografikoa

Garcia-Ibaibarriaga, N., Arrizabalaga, A., Iriarte-Chiapusso, M.J., Rofes, J. and Murelaga, X. 2015. The return to the Iberian Peninsula: first Quaternary record of Muscardinus and a palaeogeographical overview of the genus in Europe. Quaternary Science Reviews 119: 106-115.
Castaños, P., Murelaga, X., Arrizabalaga, A., Iriarte-Chiapusso, M.J., 2011. First evidence of Macaca sylvanus (Primates, Cercopithecidae) from the Late Pleistocene of Lezetxiki II cave (Basque Country, Spain). Journal of Human Evolution 60: 816-820
Rofes, J., Garcia-Ibaibarriaga, N., Murelaga, X., Arrizabalaga, A., Iriarte-Chiapusso, M.J., Cuenca-Bescós, G., Villaluenga, A., 2012. The southwesternmost record of Sicista (Mammalia; Dipodidae) in Eurasia, with a review of the palaeogeography and palaeoecology of the genus in Europe. Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 348-349: 67-73