euskaraespañol

Marta Macho Stadlerri Matematikaren Errege Akademiaren domina eman diote

RSMEk haren dibulgazio lana eta berdintasunarekin duen konpromisoa azpimarratu ditu

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/26

Irudia

Espainiako Matematikaren Errege Akademiaren (RSME) Gobernu Batzordeak aho batez onartu du, bere lehenengo edizioan, UPV/EHUko Marta Macho Stadlerri ematea RSMEren domina. Domina horrek aitorpena ematen die matematikaren arloan ekarpenak egin dituztenei.Irakaslearekin batera saritu dituzte José Luis Fernández Pérez, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Analisi Matematikoan katedraduna, eta Antonio Martínez Naveira, Valentziako Unibertsitateko Geometriako eta Topologiako irakasle emeritua. Marta Macho Stadlerri dagokionez, RSMEk haren dibulgazio lana azpimarratu du, bai eta berdintasunarekin duen konpromisoa eta hezkuntza maila desberdinetako matematika irakasleen artean zubiak eraikitzeko gaitasuna ere.

Marta Macho Stadlerrek esan du pozik dagoela domina jaso duela eta: "Zertxobait harrituta, baina oso pozik nago Espainiako Matematikaren Errege Akademiaren (RSME) aitorpenarekin, oso garrantzitsua baita niretzat. Gainera, José Luis Fernándezekin eta Antonio Martínezekin partekatu dut saria; izen handiko pertsonak dira matematikaren arloan, eta horrek bertigo pixka bat ematen dit". Hau ez da Marta Macho Stadlerren lana aitortzen duten lehen aldia: otsailean, Alacanteko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak ere aho batez onartu zuen III Premio Igualdad-UA saria ematea irakasleari. "Orduko ekitaldia benetan hunkigarria izan zen, baina oraingo honek bestelako garrantzi profesionala du, Matematikaren Sozietateak berak ematen duelako" aitortu du irakasleak.

Marta Macho Stadler UPV/EHUko Geometriako eta Topologiako irakasle agregatua da. 1985etik, irakaskuntzarekin, ikerketarekin eta dibulgazioarekin lotutako hainbat lanetan aritu da. "Cultura con M de Matemáticas" udako ikastaroen sustatzailea da, eta UPV/EHUko Zientzia Kulturako Katedraren "Mujeres con Ciencia" blogaren editorea. Halaber, berak antolatzen du "Ellas hacen Ciencia" zientzia dibulgaziorako urteroko hitzaldi zikloa; 2011. urtetik, ostegunero egiten da azaroan, Bilbon. Bestalde, 2010etik Zientzia eta Teknologiaren Berdintasunerako Batzordeko kide da, eta Espainiako Matematikaren Errege Sozietatearen Emakumeak eta Matematika Batzordeko kide ere izan da.