euskaraespañol

Libro de las buenas andanças e fortunas que fizo Lope García de Salazar

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/06

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak berrikitan argitaratu du Libro de las buenas andanças e fortunas que fizo Lope García de Salazar, María Consuelo Villacorta Machoren (Gaztelaniaren Historiako irakaslea UPV/EHUn) edizio kritikoa. Lope García de Salazarrek bi liburu historiko idatzi zituen, eta biak ala biak funtsezko iturri dira Behe Erdi Aroko gizarte gatazkak ulertzeko.

Lope García de Salazarrek bi liburu historiko idatzi zituen: Crónica de Vizcaya eta Libro de las buenas andanças. Bere leinuko goi mailako kide gisa, Erdi Aroan Euskal Herriaren historia baldintzatu zuten bandokideen gerrateetan aritu zen; hain zuzen ere, horregatik idatzi zuen Libro de las buenas andanças e fortunas que fizo Lope García de Salazar: kronika unibertsala da, funtsezko iturria Behe Erdi Aroko gizarte gatazken jatorria ulertzeko. 1471tik 1476ra bitartean idatzi zuen, eta edizio honetarako XV-XIX. mendeen artean eskuz idatzitako berrogeita sei kopia bildu ahal izan dira.

Libro de las buenas andanças e fortunas liburuarekin (Erdi Aro berantiarreko kronikaren egitura du), Lopek Goi Erdi Aroan eta kondairetan aurkitu zuen godoen eta bizkaitar kapareen arteko jarraitutasun genealogikoa; baina interesak ez ziren nazionalak: helburua behe noblezia periferikoaren boterea defendatzea zen, eta, ororen gainetik, motibazio pertsonala zen nagusi. Hain zuzen ere, jarrera indibidualistatik, Salazarrek munduaren historia oso pertsonala sortu zuen. "Ni"-aren ikuspegiak, "hain itxura modernoa duenak", berez justifikatzen du obraren edizio kritikoaren interesa.

Nolabait, esan daiteke Salazarrek berezko kanona sortu zuela, XV. mendean joan-etorrian zebiltzan zenbait liburu baliatu zituelako bere kronikaren iturri gisa: materia troiarra eta arturikoa, ziklo karolingioa, Roncesvalles, La leyenda de los siete Infantes de Lara, Mocedades de Rodrigo, Libro de buen amor, Ystoria de Alexandre, Estoria de España, Historia de la linda Melusina, Pedro López de Ayalaren kronikak, 1344ko kronika, Livro de linhagens, Poema de Fernán González, Poema de Alfonso XI, El Victorial, Condesa traidora izeneko ipuina, Cantar de Sancho II, Arrigorriagako gudaren eta Jaun Zuriaren izendapenaren kondairak, La madrastra de Iñigo Esquerra, Godoak 740. urtean Santoñara heldu zireneko kondaira eta abar. Material horiekin, kronika unibertsala sortu zuen, irakurritakoak eredu hartuta. Narrazioa hogeita bost liburu edo kapitulutan banatu zuen, eta munduaren historia jasotzen dute, Genesitik XV. mendera arte.

Beraz, nahitaezko lana da jatorrizko mitoek (kondairak, ahozko tradizioak eta antzinako literatur egokitzapenak) identitate nazionalak sortzeko duten funtzioa interpretatzeko. Gainera, hizkuntzaren historialariei dagokienez, XV. mendeko kronika honek aukera ematen du dagokion eskuzko idazkien tradizioan erabilitako aldaera erromantzea ezagutzeko. Esan den bezala, derrigor kontsultatu beharreko dokumentua da, Erdi Aroko azken mendeetako gizarte krisia ulertu nahi bada; bereziki Euskal Herriko bandoen gerrateei eta Kantauriko kostaldeko leinu handienen jatorriari dagokienez.

Edizio kritiko honen egilea, María Consuelo Villacorta Macho, Gaztelaniaren Historiako irakaslea da UPV/EHUn, eta Eusko Jaurlaritzako Sociedad, poder y cultura en el País Vasco (siglos XIV y XV), IT-322-10 ikertalde kontsolidatuko kidea (José Ramón Díaz de Durana irakasleak zuzentzen du). Bere ikerketaren ardatza ekdotikaren funts teorikoak dira, eta Lope García de Salazarren obra du aztergai nagusia. Libro de las buenas andanças... liburuaren edizioa bere doktorego tesiarekin hasitako bide luzearen azken txanpa da: Edición crítica del Libro de las buenas andanças e fortunas que fizo Lope Garçía de Salazar. Títulos de los libros XIII, XVIII, XX, XXI, XXIV y XXV (Bilbo: 2005). Orduko corpusa azken sei liburuen edizioarekin osatu zuen gerora: Las bienandanças e fortunas de Lope García de Salazar. Edición crítica (Bilbo: 2004).

Libro de las buenas andanças e fortunas que fizo Lope García de Salazar lana osatzen duten hogeita bost liburuen edizio honek, José Antonio Pascual irakasleak hitzaurrean esaten duen bezala, "zientzia berme guztiak ditu; izan ere, irakurketa ezin hobea egin da, edizio kritiko orbaingabea eraikitzea ekarri duen egitura filologikoa baitu oinarri hartua".

Informazio gehiago dago webgunean: https://web-argitalpena.adm.ehu.es/listaproductos.asp?IdProducts=UHHNM151350

 

Argazkiak: UPV/EHU