euskaraespañol

Industrializazioa Deba ibarrean, berrikuntza egiteko beste modu bat

‘La «otra industrialización» del País Vasco' liburuaren egileek lehenengo industrializazioan, Eibar, Arrasate, Bergara, Soraluze eta Oñati herrietan gertatutako aldaketa sakonak aztertu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/01

Irudia
Jose Urrutikoetxea, Karmele Zarraga eta Manuel González, liburuaren egileak

Manuel González Portilla, José Urrutikoetxea Lizarraga eta Karmele Zarraga Sangroniz UPV/EHUko irakasleek La «otra industrialización» en el Páis Vasco. Las pequeñas y medianas ciudades: capital humano e innovación social durante la primera industrialización liburua argitaratu berri dute. Deba ibarrean, 1860 eta 1930 urteen artean, lehenengo industrializazioa delakoan, bizi izandako aldaketetan sakondu dute lan honetan. "Beste industrializazioa" izendatu dute, Bilboko itsasadarraren inguruan jazotakoaren aldean desberdina delako, nahiz eta antzekotasunak ere badituzten, jakina. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak plazaratu du liburua.

Euskal Herriko industrializazioa kokapen geografiko guztiz desberdinetan garatu zen; bata, Bilboko errioari dagokion ingurunean, eta bestea, Gipuzkoa eta Bizkaia ekialdeko udalerrietan. Azken horietan, industrializazioa hirigune txiki sakabanatuetan abiatzen da, eta apurka-apurka hiri industrial txiki eta ertain bilakatuko dira hirurogeita hamar urtetako tarte horretan. Egileek bost herri aukeratu dituzte, Eibar, Arrasate, Bergara, Soraluze eta Oñati, eredu direlako Gipuzkoako gainerako herrietan gertatutakoa azaltzeko.

"Beste industrializazio" hori aipatutako herrietan lehenagotik zegoen ekonomia aurreindustrialarekin estuki lotuta dago. Udalerriotako biztanleen zati handi batek menperatzen zituen XIX. mendeko bigarren herenean erabiltzen ziren lanbideak. "Testuinguru honetan aurreko arotik datorren familia kapitala eta ezagutza teknologikoa batzen dira. Langileak prozesua ezagutzen du, berrikuntzan jarduten du, eta modu horretan ekoizpena hobetu egiten da", azaltzen dute Manuel González Portilla eta  José Urrutikoetxea Lizarraga egileek.

Industrializazioak Ingalaterran eta Atlantikoko arroan sortzen dituen aurrerapenak eskualde honetera ere heltzen dira, eta era mailakatuan jarduera ekonomikoan txertatzen da. Oinarri horietatik sortu zen Deba ibarreko "beste industrializazio" delakoaren osagai izan ziren enpresa industrial txiki eta ertainak. "Agerian geratzen da  -gaineratzen dute Gonzálezek eta Urrutikoetxeak- industrializazio eredu britainiarra ez dela ezinbestekoa, ez dela bakarra, baliagarria dela beste hori ere, eredu tradizionalerik datorrena, hain zuzen ere".

Gune industrialak inguruko giza kapitalaz hornitzen dira. Behargin horien artean, gainera, alfabetizazio maila gero eta handiagoa da. Gaztelaniaz gauzatzen dute alfabetizazioa, euren ama-hizkuntza euskara bada ere. Esfortzu gehigarri baten emaitza da eta,  zalantza barik, produktibitatean igarriko da, seguruenik. "Ukitu ezin den balioak edo ondasunak dira, baina eragina dute modernizazio prozesuan, izan ere berrikuntza garatzeko langile prestatuagoak agertzen baitira".

Ikertzaileek hainbat iturri erabili dituzte lan honetarako. Erabilitako iturrien artean, nabarmentzekoak dira 1860, 1900 eta 1930 urteetako erroldei dagozkien laginak. Urte horien artean jazotako aldaketak aztertu dituzte, adierazgarriena da hiru belaunaldiren garapena ikertzeko aukera eskaintzen dutela.

Liburuak lau atal nagusi ditu: Planteamiento, fuentes y metodología; El punto de partida (1860): dualidad e inicios de la sociedad industrial contemporánea; Tensiones de un mundo en cambio, 1860-1900; eta, Consolidación de la industrialización y del cambio social, 1900-1930.

Egileak, Manuel González Portilla, José Urrutikoetxea Lizarraga eta Karmele Zarraga Sangroniz, UPV/EHUko Historia Garaikidea Saileko Demografia Historikoa eta Historia Hiritarra Taldeko kideak dira. Hogei urteko ibilbide emankorra dauka taldeak, eta hamaika lan argitaratu dituzte urteotan, besteak beste, Vivir en familia, organizar la sociedad, Las ciudades mineras de la Ría de Bilbao durante el boom minero eta Procesos de transición, cambio e innovación en la ciudad contemporánea.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa