Elikagaiak, ekoizlearengandik kontsumitzailearengana
Mapa bat osatu dute zuzenean ekoizleari erositako barazki eta frutak erosi eta kontsumi daitezkeen Gasteizko establezimenduekin
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/07/17
UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Soziologia 2 Saileko irakasle José Ramón Mauleónek eta Joseba Fernández de Landa ikasleak kale izendegi bat osatu dute, zuzenean ekoizleari erositako Arabako barazki eta frutak eros daitezkeen Gasteizko establezimenduekin. Horretarako, Arabako Foru Aldundiaren eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza izan dute. Kale izendegia hala paper formatuan nola formatu digitalean dago eskuragarri.
Urteotan galtzen ari dira nekazaritza ustiategiak Araban, eta Gasteizko elikagai saltokiak ere ixten ari dira, nahiz eta kontsumitzaileek gero eta gehiago balioesten dituzten tokiko jakiak. Hori dela eta, "zuzenean ekoizleari erositako Arabako elikagaiak erosteko Gasteizko establezimenduei buruzko informazioa eskaintzeak on egin diezaioke inguruko sare ekonomikoari, ingurumenari eta kontsumitzaileari berari" adierazi du José Ramón Mauleónek.
Gaur aurkeztutako kale izendegian, Araban ekoitzitako eta zuzenean ekoizleari (bitartekorik gabe) erositako barazkiak, patatak, lekaleak edo fruta eros daitekeen Arabako hiriburuko establezimenduak daude jasota. Elikagai horiek hautatu dira kontsumoa sustatzeko, gomendatzen dena baino gutxiago jaten dira eta. Halaber, "orri berdea" delakoarekin identifikatu dira nekazaritza ekologikoaren arauei jarraikiz landutako elikagaiak saltzen dituzten establezimenduak.
Kale izendegia paper formatuan eta formatu digitalean eskura daiteke, web helbide honetan: https://alimentosalavesesengasteiz.wordpress.com/
Hiru establezimendu mota
Hiru kategoriatan bereizi dira elikagai horiek saltzen dituzten establezimenduak:
- Saltoki txikiak: denda hauetako elikagai gehienak probintziatik kanpokoak dira, baina Arabako elikagai freskoren bat edo beste dute. 8 saltoki txiki aurkitu dira.
- Banatzeko modu berriak: kategoria honetan zuzenean ekoizleari erosteko hainbat modu bildu dira; besteak beste, "barazki saskiak", produktuak saltzeko ekoizleen elkartea eta kontsumitzaileen elkartea. Halaber, ekoizleak bere produktuak zuzenean saltzen dituen merkatuak ere jaso dira; horrelako 6 establezimendu topatu dira.
- Jatetxeak: establezimenduok zuzenean Arabako ekoizleei erosten dizkiete sukalderako lehengaietako batzuk. 4 jatetxe aurkitu dira.
Argazki-oina (ezk-esk): Arantza Beitia Arabako Canpusaren Garapenerako zuzendaria, Eduardo Aguinaco Arabako Nekazaritza Saileko foru diputatua, Javier Garaizar Arabako Campusaren errektoreordea eta José Ramón Mauleón Soziologia 2 Saileko irakasle titularra. UPV/EHU