euskaraespañol

In memoriam: Anton Borja

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/08/03

Irudia

Unibertsitatera sartu aurretik, Antón Borja Lanbide Heziketako irakasle eta militante izan zen. Izan ere, uste osoa zuen lanbide heziketa hobetu beharra zegoela, gizarteko heziketa sarearen oinarri funtsezkoetako bat zelakoan; alabaina, edozein hezkuntza proiekturen senide txiki eta ahaztua zen, eta hala da oraindik ere. Dedikazio horren erakusgarri dira haren hainbat eta hainbat idatzi, 1990eko urteetakoak batik bat. Dedikazio horrek, halaber, agerian uzten du haren giza ezaugarrietako bat: hots, fideltasuna, lan egin zuen erakundeei ziena, ezagutu zituen gizartearen eta ekonomiaren inguruko kezkari ziona, eta bere lankide eta lagunei ziena. Leiala izateaz gain, beti agertzen zen laguntzeko prest, inoiz ez baitzion uko egiten eskatzen ziotenari: eztabaidetan parte hartzea, testuak idaztea, elkarrizketak ematea... Gozatu egiten zuen irakasten; bereziki, ingeniarien eskolan ekonomiari buruz ematen zituen eskolekin eta esperientzia ikasgeletan ekonomiaren historiari buruz ematen zituenekin.

Ingeniaritzako ikasketek heziketaren alderdiak eta lanbideak uztartzeko bidea eman zioten; hala, modu naturalean, lanbidea eta enplegua batu zituen, eta gai horrexekin lortu zuen ekonomiako doktoregoa. Hiruko hori –prestakuntza, enplegua-industria, kualifikazioak– pentsamenduaren konstante bat izan da.

Betidanik ikertu nahi izan zuen industria ekoizpen postfordista bereganatzen ari zirela zeritzon alderdi eta edukietan. Industriaren jatorri ziren oinarri tayloristak gainditzen ari ziren, eta artean zehaztu gabeko postfordismorantz ari zen bidea zabaltzen. Euskal Herrian, 1980ko urteetatik aurrera, industria galtzen hasi zen, eta etengabeko erreleboaren bila ekin zioten. Industria politika zabaldu egin zen zerbitzuak aintzat hartuz, ezinbestean, eta hiri, udal eta kultura politikekin bat egin zuen; Bilbo da horren adibide garbia.

Ikuspegi sistematikoa izan zuen beti; horren arabera, industria ekoizpena da sistema osoaren "potentzia" bermatzen den erdigunea, eta horretan lagundu beharko lukete gainerako eragile guztiek (nagusiki, sektore publikoak). Gainera, beti esaten zigun publikoaren defentsa zela, hain zuzen ere, pentsamendu kritikoaren ezaugarri nagusia. Finean, Habermasen jarraitzailea zen; izan ere, errealitatea interpretatu ez ezik, eraldatu ere egin nahi zuen. Alegia, ez zen soilik alderdi positiboarekin –den horrekin– gelditzen; beti izan zuen gogoan alderdi normatiboa –izan behar duen hori–, betiere hobekuntza integrala lortu nahian, eta ez soilik ekonomikoa edo industriala.

Bigarren milurtekoaren azken hamarkadan, Euskal Herria izan zuen aztergai, hala lanean nola argitalpenetan. Izan ere, alde batetik, euskal ekoizpenaren sarea leku aproposa da Antón Borjak zituen ezagutzak aplikatu ahal izateko –etengabe eraldatzen ari den sarea delako–; bestetik, beti ulertu nahi izan zuen zer gertatzen zen hurbilen zuen inguru sozial eta ekonomikoan (eta, beraz, inguruko lurraldean). Era berean, nazioarteko ikerketa proiektuetan ziharduen.

Ekoizpenaren edo zerbitzuen arloan zeuden asmo pribatizatzaileak eta finantza inbertsioak ikusirik, proposatu zuen sektore publikoak etengabe parte hartzea industria sektore handietan. Sektore horren ezaugarrietako bat hezkuntza, prestakuntza eta berrikuntza da. Publikoak, ordea, bankuan ere egon behar zuen –gogor kritikatu zuen Kutxabanken pribatizazioa–, bai eta sektore handietan ere; are gehiago estrategikoak baldin badira. Gaur egun, energia alternatiboen industriari erreparatzen zion bereziki.

Ibilbide profesional luzea du, zeinetan diziplinartekotasuna eta dibulgazioaren aniztasuna landu baititu, besteak beste. Lehenengo kasuan, nolabaiteko "diziplina bakarreko" ortodoxiari aurre egin behar izan zion (Ekonomia, Soziologia, Historia, Ingeniaritza, etab.). Borja irakasleak, hala diziplina anitzeko trebakuntzagatik (ingeniaria eta ekonomialaria zen) nola zituen kezkengatik, gizarte gaiak jorratu zituen ikerketa testuetan, dibulgazio artikuluetan, liburu profesionaletan eta irakaskuntzako lanetan. Alabaina, ezaugarri teknologikoko eduki batzuk ere gehitu zituen, eta, hala, diziplina anitzeko "osotasun integratua" sortu zuen.

Horixe erakusten zuen haren irakasle lanak, denetariko gaietan eta fakultateetan irakatsi baitzuen. Halaber, haren esanetako zenbaitek ezin hobeto islatzen dute zer pentsatzen zuen: "'Makina-erremintak' eboluzionatzea eta etorkizunean esportatu ahal izatea nahi bada, aintzat hartu behar dira hainbat analisi maila: ingeniaritza, ekonomia, informatika eta soziologia, bai eta geologia ere".

Azken 10 urteetan, munduko krisia landu zuen. Krisiaren hasieratik, konbentzitu gintuen ez zela zaparrada baten pareko krisi bat, zeina pixka bat itxaron ostean amaitzen baita; aitzitik, krisi luze-luzea izango zela zioen. Aurtengo otsail hasieran bertan, gainera, oraindik ere luzerako dugula esan zuen. Bestalde, azpimarratu zigun askotariko krisia dela, krisi bat baino gehiago biltzen dituena (ekonomikoa, soziala, politikoa eta kulturala), eta, konpontzeko, alderdi horiei guztiei erreparatu behar zaiela. Euskal esparruari dagokionez, enplegu teknologikoaren etengabeko galera aztertzen ziharduen; Europako beste herrialde batzuen aldean, oso txikia da hemengo ehunekoa.

Era berean, sinetsarazi zigun Europako ekonomia gero eta gutxiago dela lehiakorra mundu mailan; hori, gainera, aintzat hartu gabe Estatu Batuek "segurtasunaren" eta Interneteko enpresa nagusien esparru osoan duten nagusitasuna. Euskadiren kasuan, industria politiko aktibo batekin baino ezingo da berrindustrializatu herrialdea; eta berdin hegoaldeko Europa osoan ere, Italiaren eta Espainiaren kasuan bereziki.

Azken urte hauetan, haren lanaren oinarri izan dira azterlan estatistikoak, ondo funtsatutakoak: nazioarteko aholku enpresenak, nazioarteko estatistika institutuenak, gobernuetako txostenak eta Europako Komunitatearenak. Haren iturriak sendoak ziren, bai eta gogoetak ere; hala eta guztiz ere, bere pentsamoldea maila guztietan adierazteko gai zen. Berdin-berdin zuen gogoko testu akademiko bat –oro har, luzea eta trinkoa– zein egunkari bateko bi orrialdeko artikulu bat idaztea.

Eskerrik asko, Antón. Gogoetari, irakaskuntzari eta dibulgazioari eman zenion bizitza, eta hutsune handi-handia utzi duzu: pertsona handi-handiek uzten duten hutsunea, alegia. Hala ere, geurekin izango ditugu zure lanak, zure eskolak eta ezagutu zintugunon oroitzapenak.