euskaraespañol

Anisakisaren krisia, 2014ko gai nagusia elikagaien segurtasunaren arloan

UPV/EHUko ikerlari talde batek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako prentsa idatzian argitaratutako 1.864 albiste aztertu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/08/05

Irudia

José Ignacio Armentia, José María Caminos eta Flora Marín, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle eta MediaIker Kazetaritza Ikerketa Talde Finkatuko kideek, ELIKA-Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioarekin lankidetzan, plazaratu berri dute Elikagaien segurtasuna Euskadiko Prentsan Txostena 2014. UPV/EHUk argitaratu du lana. Liburu hau aipatu bi erakundeek bultzatutako Gizarte Unibertsitateko ikerketa-proiektu bati esker gauzatu da.

UPV/EHUk eta ELIKAk kaleratutako hirugarren txostena da hau, aurreko biak 2012 eta 2013 urteei dagozkienak dira. Ikerketaren helburua da komunikabideek Elikagaien Segurtasunari zer-nolako tratamendua ematen dioten ezagutzera ematea; horrezaz gain, baita ere, albisteen edukien kalitatea eta zehaztasuna, eta arrisku eta elikagai-alertei eskainitako ikuspuntua aztertu dute.

Ikerketa honetan bederatzi egunkaritan argitaratutako informazioak aztertu dituzte: El Correo, El Diario Vasco, Deia, Noticias de Gipuzkoa, Diario de Noticias de Álava, Gara, Berria, El País eta El Mundo, azken bi horietan Euskadi edizioa besterik ez da landu.

Elikagaien segurtasunak Euskadiko prentsan daukan tratamendua jorratzen duen ikerketa honen arabera, 2014. urtean 1.864 informazio argitaratu ziren guztira, 2013. urtean baino %3,3 gehiago. Sinatu gabeko testuak % 35,1 dira, hiru puntu gehiago aurreko urteko txostenean jasotako datuen aldean. José Ignacio Armentia, liburuaren egile baten esanetan, "ehuneko hau nabarmena da, izan ere mota horretako informazioak askotan kalitate txikiagoko testuekin lotzen dira eta". Profesional kopuru handiak (362) sinatu ditu testuok, gai hauetan espezializazio-maila oso eskasa dela adierazten du horrek, ikertzaileen arabera. "Kontuan eduki behar da 35 kazetarik soilik 6 testu edo gehiago sinatu dituztela", azpimarratu du Armentiak.

Anisakisa, obesitatea eta lindanoa

Testu kopuru handiena sortu zuen jazoera maiatzean gertatu zen, eta Kantauriko antxoetan topatutako anisakisarekin zerikusia izan zuen. Bestelako gai batzuek ere presentzia nabarmena izan zuten aztertutako hedabideetan: obesitatetik eratorritako arazoak, Barakaldoko Oiolako urtegian ustez aurkitutako lindanoak eragindako salaketak, zenbait arrain espezieen kuota-banaketen inguruko negoziazioak edo gatzak sortzen duen mendekotasuna.

Berrietan jorratutako gaiei dagokienez, 2014an "Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza" izan zen azpimarragarriena; ostean, "Osasuna, nutrizioa eta alergiak" arloko testuak daude; eta, hirugarrenik, "Elikagaiak, elikadura" alorrekoak.

Aurreko urte bietan legez, eutsi egin zaio informazio-generoen nagusitasunari (% 78,6), baina apur bat behera egin du 2013. urtearekin erkatuz gero. Interpretazio-generoak eta iritzizkoak garrantzi txikiagoa izan dute, % 14,6 eta % 6,7, hurrenez hurren. "Albisteak dira nagusi –txostenaren egileek azaltzen dutenez– oro har errazagoa delako informazioa ematea gainerako generoek eskatzen duten lanaren aldean".
Informazio-agentzien testuak (% 6,9) zertxobait hazi dira, 2013ko datuekin alderatuz, baina ez askorik; % 1,3, hain zuzen ere. 2014. urtean ere, gehienbat, koadernotxo berezietan eta gehigarrietan argitaratu dira elikagaien segurtasunaren gaineko informazioak: testuen % 20,6, aurreko urtean (2013an, % 13,7) baino gehiago. "Arriskua" berba agertzen den albisteen kopurua jaitsi egin da, 2014an % 9,5 izan ziran, eta 2013an, % 10,8.

Elikagaien Segurtasuna Euskadiko Prentsan Txostena 2014 liburua debalde kontsulta daiteke helbide honetan:
https://web-argitalpena.adm.ehu.es/listaproductos.asp?IdProducts=USMWB151756