euskaraespañol

Aurkikuntza berri eta garrantzitsuak Torrentejo aztarnategian

Indusketa arkeologikoen bigarren kanpainak duela 4.000 urteko buztinkiak, nekropoli antropomorfo bat eta etxe baten hondarrak atera ditu argitara

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/08/20

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Paisaien eta Ondarearen Ikertaldeak, Arabako Foru Aldundiarekin eta Bastidako Udalarekin lankidetzan, indusketa arkeologikoen bigarren kanpainan dihardu Santa Luzia izenez ezagutzen den Torrentejo aztarnategian. Gaur egun, leku horretan geratzen den bakarra mahasti artean dagoen eliza erromaniko bat da eta bertan, urtero, erromeria egiten dute maiatzean.

Juan Antonio Quirós irakasleak zuzendutako UPV/EHUko taldeak kanpaina honetan  egindako esku hartzeak berrikuntza baliotsuak ekarri ditu. Horrela, bada, espero ez zen Kalkolitoko eta Behe Brontze Aroko okupazio garrantzitsu bat aurkitu dute, K.a. 2000. urte ingurukoa izan daitekeena, hau da, duela 4.000 bat urtekoa. Zehazkiago, Kalkolitoko buztinki apainduen multzo garrantzitsua aurkitu dute (Ciempozuelos estilokoa), baita aro horri berezko zaizkion bestelako materialena ere.  Era honetako aurkikuntzak, aire zabaleko herrixkenak, oso urriak izaten dira; hortaz, aurkikuntza honek Ebroko haraneko nekazal okupazioaren faserik zaharrenak argitzen lagunduko du.

Horrez gain, Goi Erdi Aroko elizaren iparraldean haitzean zulatutako nekropoli antropomorfo garrantzitsu bat ere aurkitu dute. Oraindik abian dira ikerketa espezializatuak baina badirudi hilobi eremu hori herrixkako biztanleak lurperatzeko eremua izan zela, komunitatearen gizarte memoria mantentzeko lekua hain zuzen. Behe Erdi Aroan, alabaina, herrixka hutsik geratu zenean, komunitatea desegin egin zen, hilerria lurpean geratu zen eta non zegoen ahaztu zen.

Horrez gain, Tarteko Erdi Aroan eta Behe Erdi Aroan erabili zen XI. mendeko etxe garrantzitsu baten aztarnak aurkitu dituzte elizaren hegoaldean. Quirós irakaslearen esanetan, oraindik goiz da eraikinaren funtzionaltasuna eta kronologia zehazteko, baina badirudi dokumentazioan jasota dauden jauregi aristokratikoetako bat izan daitekeela.

Arkeologia lan hauei esker ikusi da berritze lan sakonak egin zirela elizan eta herrixka osoan XVII. mendean zehar. Andre Mariaren eliza, garai hartan erortzear zegoena, erabat berritu zuten tarte batzuetan eta eraikin berri bat eraiki zuten, ermitau baten bizileku izan zena. Harrobi bat, eliza berreraikitzeko erabilitako gune bat, biziguneak eta garai horretakoak izan daitezkeen hainbat material arkeologiko garrantzitsu aurkitu dituzte.

UPV/EHUko irakasleak azaldu duen moduan, aurkikuntza berriei esker Kalkolitora eta Behe Brontze Arora hedatu daiteke aztarnategiaren okupazioa. Horrela, bada, baieztatu da Torrentejo oso leku garrantzitsua dela honako hauek aztertzeko: Goi Erdi Aroko herrixken osaera prozesuak, jaunen botereen osaera prozesua eta Nafarroako monarkiaren finkapena Errioxako eremuan, herrixkak hustu eta populazioa herrigune nagusietara (kasu honetan, Bastidara) joateko prozesuak eta garai modernoko aldaketak. Gainera, abian diren azterketa paleoekologikoei esker, ulergarriagoak dira mahastiak hedatzeko prozesua eta espezializatua den, eta, hortaz, beste lurralde batzuen menpe dagoen ekonomia ezartzeko prozesua.

Ondo dokumentatutako aztarnategia

Torrentejo Arabako Erdi Aroko herrixka dokumentatuenetako bat da eta 1075. urteko dokumentu batean agertzen da aipatuta lehenengo aldiz, hain zuzen ere, Nafarroako Antxo IV.a erregeak (Peñalengoak) herrixkaren erdia eta Andre Mariaren eliza Errioxako San Millán de la Cogollako monasterioari dohaintzan emateko egintza batean. Ez da oso ohikoa errege batek herrixka oso bat jabetzan izatea, baina XI. mendeko dokumentuek agerian uzten dute Ebroko haraneko eremu hau jaunen botere handien menpe egon zela milagarren urte inguruan. Garai horretako beste dokumentu batzuetan herrixkako zenbait biztanleren izenak agertzen dira (García Vela, Álvaro, Sancho Muñoz, Vita, Diego Álvaro, Domingo Tellez, etab.) eta, horrez gain, zerealen aldean mahasti gutxi zegoela ere aipatzen da.

2014. urtean egindako indusketei esker Erdi Aroko herrixka VII. mende aldera eratu zela zehaztu ahal izan zuten. Garai horretan zenbait nekazaritza terraza eraiki ziren elizatik gertu, auzolanaren bidez. Elizatik gertu, halaber, X. mendeko etxebizitza baten hondarrak aurkitu zituzten. Eraikin hori eraitsi egin zuten gaur egun zutik dagoen eliza erromanikoak ordezkatu zuen hasierako eliza prerromanikoa eraikitzeko. Badirudi herrixka Behe Erdi Aroan hustu zela, 1400. urte inguruan. Elizak hainbat aldaketa izan ditu eta horietatik garrantzitsuena 1780-1781 urteetan egindakoa izan zen, hain zuzen ere baselizaren adbokazioa aldatu eta hura Santa Luzia izenez ezagutzen hastea ekarri zuena. Eraikinaren egungo itxura Saturnino Lópezek 1866an egindako zaharberritzearen ondorioa da.

Argazkia: UPV/EHU