euskaraespañol

Erromako historiari buruzko euskarara itzulitako lehen eskuliburua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/21

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak oraintsu argitaratu du euskaraz Erromatar Goi Inperioa Mendebaldean izeneko liburua: P. Le Rouxek, bere arloko espezialista ospetsuenetako batek, Erromako historiari buruz idatzitako eskuliburua da.Ez da unibertsitaterako argitalpen huts bat; euskal hezkuntza komunitate osoarentzako erreferentziazko eskuliburu bihurtu nahi da.

UPV/EHUko Euskara Zerbitzuak programa bat dauka, unibertsitate honetan ematen diren jakintza arloetako eskuliburuak egiteko eta, hala badagokio, itzultzeko. Horren xedea da ikasleek eskura izatea ikastaroak errazago egin ahal izateko material nahikoa.Horrek, gainera, euskararen normalizazioan laguntzen du, euskara zientzia hedakuntzarako jakintza hizkuntza eta tresna gisa ezarriz, eta gaur egungo beste hizkuntzen maila berean kokatuz.

Horren harira, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak euskarara itzuli eta argitaratu du P. Le Rouxek idatzitako Erromako historiari buruzko eskuliburua; Paris-X Unibertsitateko Historia Erromatarreko katedraduna da Le Roux, bere arloko espezialista ospetsuenetako bat. Itzulpena Karlos Zabalak egin du (2011n Euskadiko Itzulpen Saria lortu zuen), eta Jesus Mari Makazaga aritu da zuzendari Euskara Zerbitzuan. Ondoren, Kenari Gómez Zubiak gainbegiratu du alderdi linguistikoa; Euskara Zerbitzuko kide eta Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea da.Bestalde, alderdi teknikoa Elena Torregaraik gainbegiratu du, Letren Fakultateko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasleak.

Argitalpenak mugarria jarri du euskal unibertsitate publikoan. Izan ere, "lehenengo aldiz itzuli da euskarara Erromako historiari eta, zehazki, inperioaren mendebaldeari buruzko eskuliburu bat. Horri esker, gehiago jakin ahal izango dugu Antzinako Historiako aldi horretaz, funtsezkoa baita gure lurraldeko eta inguratzen gaituen munduko historia hobeto ulertzeko" azpimarratu du irakasleak.

Aldez aurretik, Koldo Larrañagak (hura ere UPV/EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko irakaslea da) lan handia egin zuen egile greko-latindarrek Euskal Herriari buruz idatzi zituzten testu garrantzitsuenak itzultzen. Lan aitzindari horrez aparte, ordea, orain arte ez genuen halako erreferentzia libururik. Horrenbestez, ez da unibertsitaterako argitalpen huts bat; euskal hezkuntza komunitate osoarentzako erreferentziazko eskuliburu bihurtu nahi da.