euskaraespañol

Ur-araztegiak ez daude prestatuta konposatu kimiko berriak guztiz ezabatzeko

Inguruetako arrainek dituzte konposatu disruptore endokrinoen metaketa-tasarik handienak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/06

Irudia

Sistema endokrinoan konposatu kimiko berriek eragiten dituzten aldaketak direla medio, malformazioak, feminizazioa eta ugalkortasunaren jaitsiera jasan ditzakete bizidunek. Ikertzaile-talde batek Euskal Herriko kostaldean egindako azterketak erakusten duenez, araztegien inguruetan daude urik kutsatuenak, biokontzentrazio-mailarik gorenak, arrain intersexen kopururik handienak… Science of The Total Environment aldizkarian argitaratu dute ikerlanari buruzko artikulua, ‘Determination of endocrine disrupting compounds and their metabolites in fish bile'.

Ondarroako arrantza-portuan, Debako Marinan, Gernikako estuarioan (araztegiko irteera-korrontearen ondoan) eta Santurtziko eta Pasaiako industria-portuetan egin zuen ikerketa aipatutako taldeak, 2012ko maiatzetik ekainera bitartean. Chelon labrosus arrainak (lazunak, edo korrokoiak) arrantzatu zituzten eta, egun berean zein handik hiru hilabetera, ur-laginak jaso, arrainen konposatu-kontzentrazioarekin erlazionatzeko. "Espero bezala, Gernika izan zen konposatu-kontzentrazio handieneko gunea, eta arrain intersex deritzenen kopuru handiena ere han jaso genuen", dio ikerketa-taldeko Asier Vallejok.

Zergatik Gernika? Zergatik "espero bezala"? Hona Vallejoren azalpena: "Gizakiok botatzen dugun zikinkeria guztia garbitzea da araztegien eginkizuna. Gertatzen da, ordea, araztegi gehienak ez daudela prestatuta agertzen ari diren konposatu berriak arazteko. Hori dela eta, nahiz eta kontzentrazio oso baxutan itsasoratu edo ibairatu, isuria konstantea denez, eragin oso handia dute arrainengan. Horregatik espero genuen horrelako kontzentrazioak topatzea Gernikan. Baina ez da bakarrik Euskal Herrian gertatzen; oso fenomeno orokorra da, mundu osokoa".

Hala eta guztiz ere, kezkatuta egoteko aparteko arrazoirik ez dagoela dio ikertzaile horrek: "Oraingoz ez, behintzat. Aztertu ditugun arrainak korrokoiak dira: ez dira jaten, normalean, Euskal Herrian. Arrain-mota hori beti ibili ohi da hondakinen artean jan bila". Aitortzen du Vallejok gizakiongan ere, seguruenik, badutela eraginik konposatu disruptore endokrinoek, "baina ez dakigu zenbaterainokoa, zer kontzentraziotan egon behar duten konposatuek gizakioi eragiteko. Hori, medikuek zehaztu beharreko kontua da".

Behazuna

Azterketaren alderdi teknikoei dagokienez, hauek dira aipagarrienak: konposatuen metaketa-maila jakiteko, arrainek behazunean zeukaten konposatu-maila aztertu zen. Horretarako, metodo analitiko berri bat erabili zuen ikerketa-taldeak. Fase solidoko erauzketa du oinarri metodoak; analisia, berriz, gas-kromatografia–masa-espektrometriaren bidez egin da.

Uretan detektatu ez ziren zenbait konposatu (pestizida batzuk, alkilfenolak, hormonak…) behazun-laginetan azaldu ziren. Ikerketa-taldearen iritziz, baieztatu egiten du horrek konposatu horiek metatzeko behazunak duen gaitasuna. Hori dela eta, biomonitorizaio-tresna interesgarria izan omen daiteke behazuna etorkizunean. Egiaztatu da, halaber, konposatu askok arrainetan metatzeko joera dutela, eta handiagoak izaten direla balioak arrain arretan eta intersexetan emeetan baino. Dena dela, azterketa sakonagoak egin behar dira hori erabat ziurtatzeko, ikerketa-talde horrek dioenez.

Bibliografia erreferentzia

O. Ros, J.K. Izaguirre, M. Olivares, C. Bizarro, M. Ortiz-Zarragoitia, M.P. Cajaraville, N. Etxebarria, A. Prieto, A. Vallejo: "Determination of endocrine disrupting compounds and their metabolites in fish bile", Science of The Total Environment, Volume 536, December 2015, Pages 261–267.

 

Argazkia: Cylonphoto/Dollar Photo Club