euskaraespañol

Zuhatza abentur, gainditutako proba

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/08

Irudia

Urriaren 1ean, osteguna, unibertsitateko 64 ikasle abiatu ziren Zuhatza uhartera Zuhatza abentur lehenengo edizioari ekiteko.  Talde mistoak (emakumezko 4 ikasle eta gizonezko beste 4), irakasle eta ikertzaile edo AZPko kide batekin, Arabako Campuseko zortzi ikastegiren ordezkariak ziren. Kirol, kultura, denbora pasa eta abarrekin lotutako hainbat proba mota gainditu behar zituzten osteguneko arratsalde eta gau partean eta ostiral goizean.

Eguraldi aldakorra izan arren, ikasleak ez ziren inola ere kikildu, eta lehenengo egunean txalupa pedaldunez egindako uretako proba bat, kirol arloko bat eta gauean taldean egindako beste bat gainditu ondoren, negu kutsuko goiz batez esnatu ziren.

Irakasleen eskola eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatea ziren faborito azken bi probetarako: uhartearen inguruko orientazio proba bat egin behar zuten era askotako trebetasunak erakusteko, eta beste proba piragua lasterketa bat egitea uhartetik Aldayetako ontziralekura. Irakasleen eskolak aldeari eutsi eta estropada abantaila handiz hasi zuen −lasterketa hasteko, ikastegi bakoitzak aurreko probetan lortutako puntuak hartzen ziren kontuan−, baina ur bazterrean egin beharreko trebetasun jardueran denbora askotxo galdu eta fisikoki prestatuago zeuden kirol fakultateko ikasleek irabazi zuten. Faboritoek izandako akatsa baliatu zuten ingeniaritza eskolakoek eta bigarren postuan gelditu ziren.

Azkenean, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko taldeak eraman zuen saria, hots, 2.000 euroko bidaia bat. Sari berdina zozketatu eta Enpresa eskola suertatu zen zortedun.

Bazkalondoan neke eta erronka gainditu izanaren harro aurpegiak ziren nagusi Uribarri-Ganboako urtegia zeharkatzen zuen gabarrako ikasleen artean. Zorionak, proba gainditurik dago eta!

 

Argazkiak: UPV/EHU