euskaraespañol

XV. Zientzia Astea zientzia eta teknologiaren urteroko hitzordu gisa finkatu da

Fernando Plazaola Ikerketaren arloko errektoreordeak ekimenaren helburuak eta harrera ona azpimarratu ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/11

Irudia

UPV/EHUren hamabosgarren Zientzia Astea, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak "harrera oso ona" jaso du adin guztietako jendearen aldetik, eta horrek erakusten du euskal gizarteak zientzian, teknologian eta berrikuntzan duen interesa geroz eta handiagoa dela. Zientzia Astea azaroaren 4etik 8ra bitartean egin da hiru hiriburutan. Bost egun horietan ekimen honen hiru egoitzetara, Bizkaia Aretoa, Bibat Museoa eta San Telmo Museora, makina bat herritar hurbildu dira, eta nabarmentzekoa da 136 ikastetxetatik etorritako 6.000 ikasletik gora izan direla Zientzia Asteko stand zientifikoen azokan, eta 2.630 lagunek hartu dutela parte tailer eta txangoetan.

Edizio honetan, UPV/EHUk antolatu duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astearen eskaintza, laburbilduta, honako hau izan da: 45 stand (19 Bilbon, 14 Vitoria-Gasteizen eta 12 Donostian), 33 tailer (14 Vitoria-Gasteizen, 11 Bilbon eta 8 Donostian), 21 txango (11 Vitoria-Gasteizen, 7 Bilbon eta 3 Donostian), bi lehiaketa eta lau zientzia-ikuskizun eta Zientzia Club bakarrizketa zientifikoen egitarau arrakastatsua.

Fernando Plazaola UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea pozik agertu da Zientzia Asteak, beste behin ere, izan duen harrera ezin hobea dela eta. "Zientzia Astea -nabarmendu du Plazaolak- zientzia dibulgazioaren urteroko hitzordu bilakatu da Euskal Herrian. Hortaz, gizarte osoaren, hedabideen eta bereziki ikasle gazteen arreta erakarri du. Zientziaren printzipioak eskuragarriago izateko tresna bikaina dela uste dut, baita bokazio zientifikoak pizteko ere, eta gizarte kritikoagoa, bere eskubideetaz jabetuta dagoena, eratzeko ere bai".  Modu berean, Ikerketaren arloko errektoreordeak Unibertsitateko irakasle, ikertzaile eta admnistrazio eta zerbitzuetako langileen ezinbesteko parte-hartzea eskertu du; izan ere, ikasleen laguntzarekin bat, publikoari kalitate eta aniztasun handiko eskaintza hurbiltzea lortu baita.