euskaraespañol

Espainiako zerga sistemaren historiari buruzko hiru liburu argitaratu dituzte

UPV/EHUko, Valladolideko Unibertsitateko, Oviedoko Unibertsitateko eta UNEDeko irakasleek eginiko ikerketaren emaitza dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/17

Irudia

"Poder, sociedad y fiscalidad en la Corona de Castilla: un estudio comparado de la Meseta Norte y de la Cornisa Cantábrica en el tránsito del Medievo a la Modernidad" ikerketa proiektuaren emaitza gisa, Espainiako XIII. eta XVIII. mendeen arteko zerga sistemari buruzko hiru argitalpen kaleratu dituzte. Ernesto García Fernández Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Erdi Aroko Historiako katedradunak koordinatu du proiektua.

Oraintsu argitaraturiko hiru liburuak "Poder, sociedad y fiscalidad en la Corona de Castilla: un estudio comparado de la Meseta Norte y de la Cornisa Cantábrica en el tránsito del Medievo a la Modernidad" proiektuaren zati dira. Proiektu hori UPV/EHUn gauzatzen da, eta Ernesto García Fernández UPV/EHUko Erdi Aroko Historiako katedradunak koordinatzen du. UPV/EHUko, Valladolideko Unibertsitateko, Oviedoko Unibertsitateko eta UNEDeko irakasleek esku hartu dute hiru argitalpenak egiten, bi ikertaldeak lau unibertsitate horietako kideek osatzen baitituzte. Argitalpenetako bi UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu ditu, eta bestea, berriz, Valladolideko Castilla Ediciones argitaletxeak.

Ikerketa proiektu koordinatu hori, era berean, beste bi azpiproiektuk osatzen dute: bat UPV/EHUn gauzatzen da, eta Ernesto García Fernández da ikertzaile nagusia; bestea, berriz, Valladolideko Unibertsitatean ari dira egiten, eta Juan Antonio Bonachía Hernando Erdi Aroko Historiako katedraduna da ikertzaile nagusia. Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du proiektua.

Bi azpiproiektuak Arca Comunis sarearen barruan daude, Espainiako zerga sistemaren historiari (XIII-XVIII. mendeak) buruzko Lankidetza Ikerketarako Sare Tematikoa abiarazteko lankidetza hitzarmenaren bidez. Sare horretan parte hartzen dute, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak ez ezik, beste unibertsitate eta zientzia erakunde batzuek ere, dagokien ikerketa talde eta proiektuen bidez: Zientzia Ikerketetarako Kontseilu Gorenak, Bartzelonako Milá y Fontanals erakundearen bidez; Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak; Malagako Unibertsitateak; Nafarroako Unibertsitate Publikoak; Gironako Unibertsitateak; eta Valladolideko Unibertsitateak.

Argitaraturiko liburuak

1-Álvarez Fernández, María eta Beltrán Suárez, Soledad. Vivienda, gestión y mercado inmobiliarios en Oviedo en el tránsito de la Edad Media a la Modernidad. El patrimonio urbano del cabildo catedralicio. Argit.: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. Bilbo, 2015. ISBN: 978-84-9082-140-4.
XV. mendearen amaieran, Oviedoko hiri paisaiaren zati handi bat hondaturik zegoen, izurri, urritasun, sute eta gosete asko izan baitziren. Egoera txarrean egonagatik ere, landa eremuko jendea hirira etortzen hasi zen, eta barruti harresitu txikia bete egin zen laster batean. Lan honetan, hiriko eta baserriko lurrak aztertzen dira, Artxibo Historiko Nazionaleko interes bereziko dokumentu iturri batean (Visitaciones de casas) oinarrituta. Horri esker, katedraleko kabildoaren jabetzako ehun bat hiri altzariren inbentarioa egin ahal izan da, eta zuzenean jakin da nolakoak ziren etxebizitzaren egiturak eta barneko antolaera eta eraikuntzako materialak. Horrez gain, deskribapen fisiko hutsetik harago, kapitulu ondarea nola kudeatzen zen eta kudeaketa horrek XVI. mendearen hasierako altzarien negozioan zer-nolako eragina izan zuen jakin ahal izan da.

2- Vitores Casado, Imanol, Goicolea Julián, F. Javier, Aragón Ruano, Álvaro, Angulo Morales, Alberto, Álvarez Fernández, María, Rubio Martínez, Amparo, Solano Fernández-Sordo, Álvaro, González González, Raúl, Martínez Aznal, Rubén, Martínez Hernández, Paula eta García Fernández, Ernesto. Hacienda, fiscalidad y agentes económicos en la Cornisa Cantábrica y su entorno (1450-1550): nuevos textos para su estudio. Argit.: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua. Bilbo, 2015. ISBN: 978-84-9082-170-1.
Liburu honen bidez, denboran bidaia dezakegu Kantauriar eskualdean, eta beste ikuspegi batetik azter ditzakegu, hautaturiko agiri sorta batez lagunduta, kontu horietako batzuen iraganeko eredua eta garapena. Erdi Arotik Aro Modernora igarotzeko aldi horretan, gaur egun ditugun erakunde eta kaleetako asko sortu ziren. Bada, jasotako testigantza ugariek sakon aztertzen dituzte gai hauek, besteak beste: Estatuko zerga sistema, tokiko eta eskualdeko erakundeek merkatuak arautzeko zituzten eskuduntzak, eta udal zergak igortzeko eta erabiltzeko modua. Egitura konplexu horretan sorturiko inpaktu sozialak, erantzunek eta segiziozaletasunak agerian uzten digute batez ere gure garaikoa den arazo bat: botere politikoak duen garrantzia eta ahalmena, ekonomiaren arloko bitartekari gisa eta bere herritarren ongizatearen bermatzaile gisa.

3-García Fernández, Ernesto eta Bonachía Hernando, Juan A. (editoreak). Hacienda, Mercado y poder al Norte de la Corona de Castilla en el tránsito del Medievo a la Modernidad. Ediciones Castilla. Valladolid, 2015. ISBN: 978-84-96186-97-2.
Ogasuna, Merkatua eta Boterea elkarrekin loturiko hiru esparru dira, eta horietan oinarritzen da historia liburu hau. Gaztelako Koroaren iparraldea dute ardatz liburuko azterlanek; zehazki, Erdi Arotik Aro Modernora igaro zeneko aldia. Liburu honen bidez, irakurleak Erdi Aroaren amaierako eta Aro Modernoaren hasierako banku, finantza, kreditu eta zerga negozioen munduan murgilduko dira. Horrez gain, ogasun egituraren eta egitura sozio-finantzarioaren inguruko kontu ezkutuenei buruzko jakin-mina ase ahal izango dute. Izan ere, horietan oinarritu ziren enpresak, gerrak eta hirietako gobernariek eta Espainiako errege-erreginek sustaturiko politikak, Espainian eraldaketa ekonomiko, sozial eta politiko garrantzitsu eta handiak gertatu ziren historiako aldi horretan.