euskaraespañol

Manuel Estrada, diseinatzaile grafikoa

«Zenbat eta gehiago lan egin irudiekin, are gehiago gustatzen zaizkit hitzak»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/25

Irudia
Manuel Estrada

Nazioarte mailan erreferente nagusietako bat da diseinu grafikoaren arloan. Prestakuntzaz arkitektoa, Manuel Estradak (Madril, 1953) Chicagoko Arkitektura eta Diseinuaren Museoak ematen duen Good Design Award saria gehitu du bere ibilbide profesionalean zehar jaso dituen errekonozimenduen zerrenda luzera. Bizkaia Aretoan abenduaren 9ra arte ikus daiteke ‘Diseinu pentsamenduaren arrastoa. Manuel Estradaren koadernoak' erakusketa. Bertan, Estradaren lan grafikoaren aukeraketa batean, azken diseinuen, collageen, marrazkien eta bestelako lanen areko elkarrizketa bisuala ikus daiteke.

Zer aurki dezakegu erakusketa honetan?
Erakusketa hau Las Palmaseko Arte Modernoaren Zentro Atlantiko Museoan hasi zen. Nire lan prozesua erakustea proposatu zidan hango zuzendariak. Ondoren, erakusketa Helsinkira, Berlinera, Lisboara, Miamira, Nueva Yorkera eta Chicagora joan ondoren, orain Bilbora heldu da. Beraz, gorantz goaz! (barre egiten du). Ideiak non jaiotzen diren, nondik sortzen diren azaltzea zen helburua. Beharbada, erakusketak duen interes nagusia, hain zuzen, ez da horrenbeste lana bera, prozesuaz nola hitz egiten den baino. Balio du gazteei edo ikasleei edo hasi berri diren diseinatzaileei azaltzeko ideiak beti etorri diren tokitik datozela: burutik. Makinek prozesuak aldatzen… baina ez dago idazle hobe gehiago idazteko makina gehiago egoteagatik.

Ideiak burutik datoz; baina ideia onak, nondik datoz?
Toki beretik. Hasteko, ideia on bat zer den definitu beharko litzateke. Ideia onak ezin dira pisura neurtu. Kreatibitatea askotan burutazioekin nahasten da. Baina ideia on bat ez da derrigorrez burutsua dena; burutsua izan daiteke, baina ez ona. Niretzat, diseinu grafikoaren eremuan, ideia on bat da irtenbidea aurkitu nahi diozun arazoarekin bat datorrena. Artista baten lana eta diseinatzaile batena ezberdina da, diseinatzaileak diana batekin lan egiten duelako eta erdi aldean eta ahalik eta erdien jo behar duelako. Beraz, arazoa kokatu behar da. Schopenhauerren liburu baten portada egiten ari bazara, kontatzen duena ezagutu eta ulertu behar duzu; bestela, apaindurak egiten zabiltza.

«Diseinatzaile batzuk forma edo itxurekin maitemintzen dira hausnarketa egin aurretik»

Koadernoak al dira zure sortze-prozesuko elementu klabeak?
Horretan bihurtu dira; baina edozein tokitan marraztu dezaket. Ideiak bilatu eta apuntatu egin behar dira. Marrazkia tresna bat da. Nire heroietako bat den John Berger idazle ingelesak dioanez, pentsatzen dugunaz ikertzeko modu bat da marrazkia. Dena den, zenbat eta gehiago lan egin irudiekin, are gehiago gustatzen zaizkit hitzak. Irudiak anbiguoak dira eta hitzak, berriz, zehatzagoak eta ederragoak. Nik neuk, gauza oso konplexuak direnean, logoak bezala, ez naiz marrazten hasten gutxienez hainbat astez proiektua ulertzen igaro arte. Gure lanbide honetan gustatzen ez zaidana da, profesional batzuk forma edo itxurekin maitemintzen direla hausnarketa egin aurretik. Jarrera ireki batekin egin behar da lan, proiektua aldatzen joan dadin. Ideia bat ez da beti politena, ezta distiratsuena ere. Ideia onena da, dianaren erdian jotzen duena, arazoari erantzuna aurkitzen diona.

Bereziki goraipatuak dira zuk diseinatutako liburuen azalak… Hori da zure formaturik gogokoena?
Erakusketa hau ikusita, pentsatu daiteke hori hala dela; baina, izatez, ez da horrela. Nire denboraren %50 eskaintzen diot liburuei, baina lan horrek gure fakturazioaren %25 edo %30 baino ez du suposatzen. Gure estudioa, batez ere, enpresekin eta erakundeekin egiten duen lanaz bizi da, markak eginaz, webguneak… Baina ilusio bera eskaintzen diegu lan guztiei. Ez pentsa lan elikagarria baino ez dela.

Irudi korporatiboak, logoak, kartelak, ekitaldietarako grafikak, seinaletika, liburuen azalak… Formatu bakoitzak bere sortze-prozesua du?
Irudi korporatibo bat egiten hilabeteak igaro ditzakegu. Ni orain, krisiarekin, oso harro sentitzen naiz enpresei laguntzen aritzeagatik. Enpresa bati hobetzen laguntzea, oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Erakunde Publikoentzako ere egin dut lan, baina orain oso gutxi inbertitzen dute diseinuan. Nabarmentzekoa da Euskadi bezalako lurralde batek izan duen prozesua, sinetsi egin baitu bere prozesu honetan eta gauza berriak egin baititu. Ni oso gazte harrapatu ninduen Trantsizioak, oraindik ez nengoen diseinuaren munduan. Baina oso zirraragarria dela iruditzen zait, diktadura batek daukan zahia kentzen laguntzea gauza berri baten irudia sortuz.

«Pantailaren aurrean egoteak, egokienak ez diren lan-dinamikak sortzen ditu»

Erakusketa ikusita ondorioztatzen dut, lan egiteko duzun era artisau-lana dela eta ez digitala.
Nik ez dut atsegin egun guztia pantailaren aurrean egotea. Uste dut, horrek egokienak ez diren lan-dinamikak sortzen dituela. Ordenagailuak makinak dira eta, Han Soloren Milurteko Belatzak bezala, ziberespaziora eramana zaitzake. Baina, lehenik, nora joan nahi duzun jakin beharko zenuke. Ez dut uste Frank Gehryk edo Alvaro Sizak pantaila baten aurrean asmatu zutenik Guggenheimen edo Bizkaia Aretoaren diseinuak, bakoitzak dituen berezitasun kontzeptual guztiekin. Beraz, garrantzitsuena ez da tresna. Adibidez, Gehryk paper bustiekin egiten ditu bozetoak, ia-ia zizelkatuz.

Teknologiak sorkuntza baldintzatzen al du?
Bai, eginda dauden tresna konkretuak direlako. Esperientziak esaten dit, programatzen ari den jendea, orokorrean, digituen munduan dagoela; eta sortzen duen jendea, berriz, mundu oso ezberdin batean dago. Eta zaila da gauza bi horiek soinubakar batean funtzionatzea. Argi dago teknologia geratzeko heldu dela. Gertatzen dena da, niri makinei buelta ematea gustatzen zaidala, eta galdetzea: "Zer dago azpian?". Eta azpian gu gaude. Argi daukat idazmakinek ez dutela liburu onen kopurua handitu. Seguruenik, liburuek akats gutxiago dituzte eta azkarrago idazten dira, baina ez dago kalitate oneko argitalpen gehiago urte bukaeran.

Ba al dago biziki egin nahi duzun lanen bat edo jaso nahiko zenukeen enkarguren bat?
Ekologiarekin lotutako gaietan lan egin nahiko nuke. Klima-aldaketa dela eta, denbora asko igaro dugu beste alde batera begira, eta dagoeneko saihestezina den gai batean bihurtu da. Jarduera ekonomiko eta industrialean aritzen garenok, lagundu egin beharko genuke. Baina ia-ia ez dago enkargurik bide honetan. Europako industriak erakutsi du burua beste gauza batzuetan duela.

«Krisi garaietan berrikuntza ez dela kosmetika hutsa uste duten estrategak aurkitzea zaila da»

Zuk zeuk esandakoa da: "Espainian diseinua ez da hartzen gure ekonomiako faktore klabe bezala, eta ezta, krisitik ateratzeko bideetako bat bezala ere". Diseinu grafikoa gutxietsita dago, beraz.
Bai. Normalean diseinatzaileek ez dituzte aintzat hartzen enpresa- eta ekonomia-jarduerak. Sorkuntzaren munduan, enpresen, diruaren eta ekonomiaren kontuak beste toki batekoak bailiran bezala hartzen dira, ibaiaren beste aldekoak. Baina ibaiaren beste aldekoek ere ez dute ulertzen guk egiten duguna. Aspaldi, bere konpainiako irudi korporatiboa egitea enkargatu zidan euskal enpresa bateko presidenteak esan zidan: "Hau chantilly da, apaingarria". Ni, jakina, ez nengoen ados, eta erantzun nion: "Zuk uste duzu Bilbon Guggenheimarekin eta hiriaren aldaketarekin egin dena irudi aldaketa dela? Ala aldaketa estrategikoa izan da?". Irudi aldaketa da, bai, baina helburu estrategiko argiak dituena, Bilbo nazioarteko mapan jartzea lortu baita. Pentsakor utzi nuen gizona. Baina zaila da aurkitzea enpresetan azkarrak diren estrategak eta konbentzituta daudenak krisi garaietan berrikuntza ez dela kosmetika hutsa. Estatu Batuetan kontrakoa gertatzen da, eta baita Europako hainbat herrialdetan ere. Adibidez, holandarrek harro esaten dute diseinatzaile bat daukatela 43 biztanle bakoitzeko…

Zer egin dezake (edo egin beharko luke) unibertsitateak egoera hau aldatzeko?
Orokorrean, enpresaren mundua eta unibertsitatea oso urrun daude. Eta gauza bera gertatzen da diseinuaren irakaskuntza prozesuarekin. Eta hori gertatzen da, unibertsitatean, askok, enpresaren mundua autonomia, garbitasuna eta objektibitatea kentzen dion zerbait bezala ikusten dutelako. Diseinua ‘egiteko' diziplina da eta gauzak ‘egiten' ari den jendea asko inplikatu behar da. Lanik ez duten diseinatzaile asko eduki ditzakegu, baina urtebete galde dezakezu web diseinatzaile bat bilatzen, eta ez duzu aurkituko, enpresek dituzten beharrizanetara egokituta dagoen prestakuntzarik ez delako ematen. Kapitain jenerala izateko prestatzen ari gara jendea, baina ez beste maila guztiak betetzeko. Ez daukagu kontua ondo konponduta.

Zer egoera bizi du diseinuak gaur egun?
Ez da erraza erantzutea… Nik esango nuke une ona bizi duela, eklosio bat dago. Ez dakit ilusioa den ala errealitatea, baina diseinuaren goi ikasketak eskaintzen dituzten zentro pilo bat sortzen ari dira. Madrilen 14 edo 15 zentro daude… Eta beste egunean esan zidaten Mexikon 100.000 lagun ari direla diseinua ikasten eta Txinan milioi bat inguru dituztela esaten dute… Eklosio bat da, eta uste dut hori horrela gertatzen ari dela gizarteak profesio hau sorkuntza eta produkzioa gurutzatzen diren puntua bezala ikusten duelako. Arazoa da jakitea nola eman ahal izango zaien lana horrenbeste laguni.

Zeintzuk dira esku arten dituzun proiektuak?
Estatu Batuetan hasi gara proiektuak egiten. Modu natural batean, han lan egiten hasi diren hemengo enpresei laguntzen. Eta proiektu interesgarrien bat badaukagu esku artean, ez horrenbeste tamainagatik, baizik eta globala bihurtu nahi den espainiar enpresa bati laguntzeak suposatzen duen abenturagatik. Hain zuzen ere, Persáni lagundu diogu bere marka aldatzen. Sevillako konpainia bat da, detergenteen sektorean liderra dena. Eta, beste alde batetik, 50 urte betetzen dituen Alianza Editorialekin liburuak egiten ere jarraitzen dugu. Proiektu honek harro sentiarazten nau, liburuen sektoreak sasoi latzak bizi baititu. Askok uste zuten liburuen salmentak jaitsi egingo zirela liburu elektronikoen agerpenaren ondorioz, baina argi ikusi da arazoa ez dela hori. Arazoa ez da jendeak euskarri bat edo bestea aukeratzen ote duen, baizik eta gero eta gutxiago irakurtzen dugula. Eta horregatik oso harro sentitzen naiz editatzen dituen liburuak horrenbeste zaintzen duen konpainia batekin lan egiteagatik.