euskaraespañol

AIKOk Arabako Campusera eramango du musika eta dantza tradizionala

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/01

Irudia

Javier Garaizar Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campuseko errektoreordeak eta Sabin Bikandi AIKO Taldeko kideak unibertsitate esparruan musika eta dantza tradizionala sustatzea xede duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute. AIKO Taldea deritzon musikari eta dantza-maisuen kolektiboak estilo berri bat finkatu du dantza tradizionala irakatsi eta dantzaren bitartez gozarazteko orduan.

Zeregin horretan 10 urte egin dituela, 4.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute taldeak bultzatutako ehunka ikastaro, tailer, erromeria eta emanalditan. Orain, Arabako Campuseko komunitate unibertsitarioak –ikasleek, irakasleek eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek– dantza ikasi eta praktikatzeko beste modu aurrerakoiago, errazago eta jostagarriago batez gozatzeko aukera izango dute, bai eta interesatuta egon daitezkeen gainerako pertsona guztiek ere, jarduerak jende guztiarentzat irekita egongo baitira. AIKOk gozamena du ohiko jardunaren ardatz, pasodoblea, jota, polka, porrua, mazurka, txotisa eta jauziak bezalako plazako dantzen praktikaren bitartez, besteak beste. Abenduaren 15ean abiaraziko duen dantza-tailerra eta Dantzaldi Ibiltaria (2016ko asteroko dantza-eskolak) dira antolatuak dituen lehenengo jarduerak.

Dantza-tailerra, abenduaren 15ean

Honela, hitzarmenaren ondorioz antolatuko den lehenengo jarduera, Unibertsitateko Pabiloian eskainiko den dantza-tailerra izango da, abenduaren 15ean, 18:00etatik aurrera, Arabako campusak 2012an Unibertsitatean euskara sustatzeko abiarazi zuen EHUskARABANda delako ekimenari atxikita. Tailerra, komunitate unibertsitarioarentzat ez ezik, publiko orokorrarentzat ere irekita egongo da, eta ondorioz, aukera paregabea eskainiko die dantza tradizionalak ikasi nahi dituzten guztiei, AIKO Taldearen metodo 'naturalagoa, lasaiagoa eta jostagarriagoa' froga dezaten, 'dantzan ikasteko beste era bat'.

Dantzaldi Ibiltaria, 2016an

Unibertsitate publikoaren Arabako campusarekiko akordioa abian jarri ahala, Gasteizera hedatu ahal izango da AIKO Taldeak Bilboko Bizkaia Aretoan –UPV/EHUren Abandoibarrako paraninfoan– abian duen Dantzaldi Ibiltaria delako ikastaro egonkorra. Honela, 2016an, otsailetik ekainera bitarteko ostegunetan, prestakuntza-ekintza hau Arabako Campusean ere antolatuko da (90 minutuko asteko eskolak), interesatuta dauden pertsona guztiek hastapen mailan (18:00etan) nahiz maila aurreratuan (19:30etan) trebatzeko aukera izan dezaten. Ekimena jende guztiarentzat irekita dago, baina UPV/EHUrekiko lotura dutenek eta 30 urtetik beherakoek prezio bereziak izango dituzte matrikuletan.

Izena emateko eskoletan bertan edo: bulegoa@aikotaldea.eus / tel.: 634 423 539. Lehen kontaktua izan nahi dutenentzat, eskolak doakoak izango dira otsailean, eta ikastaro osorako matrikula horren ondotik egin ahal izango dute. Izena emateko epea irekita dago jadanik.