euskaraespañol

Campusa digitala da jada!

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/17

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitatea 2000. urtean hasi zen Campusa aldizkaria argitaratzen, gure erakundearen jarduera unibertsitateko kideen artera eta oro har jendeari zabaltzeko. Paper formatuko ibilbide hori 2013ko azaroan amaitu zen. Bada, orain berpiztu egin da Campusa, orduko pausoei jarraituta eta tresna digital berrietara egokituta.

Hemendik aurrera, kazetaritzaren ikuspuntutik emango dugu unibertsitateko eguneroko gaien berri, barneko komunikazioa sustatuta, ezagutza bultzatuta eta sentsibilitateen arteko zubi lana eginda. Campusaren helburua da garenaren eta egiten dugunaren erakusleiho bihurtzea, arreta berezia jarriz ikerketan.

Campusa, halaber, "informazio agentzia" izango da, non hedabideek beren euskarri eta programetarako materiala eskura izango baitute. Informazioak bost ataletan agertuko dira: Albisteak, Komunikazio Bulegoak emandako berriak jasoko dituena; Cathedra, iritzi artikuluak bilduko dituena; Erreportajeak, elkarrizketak ere jasoko dituena; Kronika, unibertsitateko eguneroko jarduerari lotutakoa (gizarte ekitaldiak, aurkezpenak, inaugurazioak, etab.); eta Ikerketa, ikerketa jarduera guztia jasoko duena. Ekitaldiak izeneko txokoa ere irekiko da, agenda gisa era guztietako jarduerak iragartzeko: biltzarrak, jardunaldiak, kultur eta kirol jarduerak... Gainera, newsletter bat sortu dugu; ostiralero banatuko da, eta albiste nabarmenduak eta esklusiboak bilduko ditu.

Paperean argitaratzen hamalau urte eman ondoren, orain aro berria irekiko dugu. Campusa digitala da jada, baina Euskal Herriko Unibertsitate guztiaren lanaren eta ahaleginaren eguneroko oihartzuna izaten jarraituko du.