euskaraespañol

Artzaintzaren uzteak ondorio ekologiko eta sozio-ekonomikoak ekarriko ditu

UPV/EHU eta NEIKER-Tecnaliako ikerlariek jarduera honek larreen landare-dibertsitatean eta ekintza mikrobianoan duen eragina aztertu dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/08

Irudia
Iñaki Odriozola, Arantza Aldezabal, Nere Amaia Laskurain, Ana Etxeberria eta Maddi Arzak, ikerketa taldeko kideak

Mendiko artzaintza, inguruko arlo sozial, kultural eta ekologikoetan eragina izateaz gain, funtsezkoa da larreak mantentzeko, balio ekologiko handidun ondare naturalak baitira. Horregatik, gaur egun mendi atlantiarrean, Euskal Herria barne, gero eta gehiago ematen ari den artzaintzaren jardueraren murrizketak aldaketa garrantzitsuak dakartza lurzoruko konposizio begetal eta mikrobianoan eta, beraz, galera bat dibertsitate floristikoan eta larrearen kalitate nutritiboan, eta baita CO2-aren isurien igoera. Guzti horrek, kate-ondorio ugari izango ditu, arlo sozio-ekonomikoan ere nabarituko direnak.

 

Horixe da, ‘Larratzearen ekologia eta lurzoru-landare-herbiboroen elkarrekintzak' UPV/EHUko ikerketa taldeak erdietsi duen ondorioetako bat. Talde hau, besteak beste, UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Arantza Aldezabal eta Iñaki Odriozolak eta NEIKER-Teknaliako Lur Moragues eta Iker Mijangosek osatzen dute. Azken urteetan burutu duten ikerketaren emaitzak, Applied Soil Ecology izen handiko aldizkari zientifikoaren azaroko zenbakian argitaratu dituzte Impact of grazing abandonment on plant and soil microbial communities in an Atlantic mountain grassland (Atlantikoko mendietako larreetan artzaintza desagertzearen inpaktua landare eta lurzoruko mikrobio komunitateetan) izenburupean.

Orain hamar urte, 2005ean, eman zituen bere lehen pausoak ikerketa honek, 50x50 metroko bi itxitura edo esklusio eremu eraiki zituztenean Aralarren, bata Oiduin (860 metroko altitudean) eta bestea Alotzan (ia 1.300 metroko altitudean). Itxitura hauekin, azken hamar urte hauetan larratze-sasoian, maiatzetik azarora bitartean, inguruko herbiboroak (behiak, zaldiak eta ardiak) larre-zati horretara ez sartzea lortu da. Horrela, larratze-ezak landaredian (zorugaineko aldaketetan) eta lurzoruan (lurpeko aldaketetan) duen eragina aztertu ahal izan dute. Bost urte igarota, 2010ean, itxitura bietan izandako ezberdintasunak neurtzeari ekin zion ikerketa-taldeak, larratze-guneetako datuekin konparatuz.

Aldaketak landaredian eta lurzoruko mikrobiotan

Ikerketak, lurzoruaren aldagai abiotikoak aztertu ditu (testura, pH-a, hezetasuna eta tenperatura) eta baita lurzoruko lehen 10 zentimetroko sakoneran mikroorganismoen jarduera eta dibertsitate genetikoan emandako aldaketak ere. Azken honek, izaera berritzailea eman dio ikerketari. Arantza Aldezabal UPV/EHUko ikerlariak azaldu duenez, "gure hipotesia zen, zorugaineko landaredian ikus zitezkeen aldaketek eragina izan zezaketela lurzoruko mikroorganismoen garapenean, jardueran eta dibertsitate funtzional eta genetikoan". Hori egiaztatzeko, lurzoruko mikrobiotaren aldagai funtzionalak (jarduera entzimatikoa, dibertsitate funtzionala) eta genetikoak aztertu zituzten, azken hauek bakterioen eta onddoen identifikaziorako teknika molekularrak erabiliaz.

Emaitzek azaldu zutenez, uda sasoian, larratzearen uzteak aldaketak eragin zituen lurzoruko mikroorganismoetan, lurzoruaren trinkotzearen murrizketarekin eta tenperaturaren jaitsierarekin batera, landare-geruza lodiagoa baita itxituetan larratze-guneekin alderatuz. Ondorioz, mikroorganismoek jaitsi egiten dute beraien jarduera entzimatikoa eta biomasa mikrobianoa, eta biomasa unitate bakoitzeko CO2 isuriak  gehitu egiten dira, eta hori, itxiturako lurzoruetako prozesuen eraginkortasun metaboliko txikiago bezala ulertu daiteke larratze-eremuekin alderatuz.

"Antzeman dugunez, larratzea bertan behera uzteak mesede egiten dio Poaceae eta Cyperaceae familietako espezieen hazkundeari, hau da, arruntean gramineo edo belarra deitzen diogunari. Gure baldintzetan gramineo hauek oso lehiakorrak dira eta, adibidez, hirusta zuria bezalako beste espezie batzuen hedatzea galerazten dute. Gramineo hauek biomasa kopuru handia ekoizten dute, larratze-ezagatik pilatzen doana, kalitate nutritibo baxua baina isolamendu termiko eta hezetasunari eusteko aparteko gaitasuna duen landare-geruza edo mantua sortuz. Horrela, baldintza hauetan, mikroorganismoek, beraien jarduera entzimatikoa eta biomasa murriztuz eta, arnasketaren bidez, CO2 isuriak handituz  erantzuten dute", dio Aldezabalek. "Emaitza hauek", jarraitzen du, "erakusten dute artzaintzak mesede egiten diola landare dibertsitateari eta lurzoruko mikroorganismoen eraginkortasun metaboliko eta funtzionalari".

Nabarmendu behar da, eraikitako bi itxidurak erritmo desberdinean eboluzionatu dutela. Hori dela eta, ikerketa taldeak uste du interakzio biotiko eta abiotikoak oso konplexuak direla eta, ziur aski, altitudeak eragina duela aldaketak gauzatzeko abiaduran. Adibidez, ia 1.300 metroko altueran kokatutako Alotzako itxituran landarediaren aldaketak ez dira hain nabarmena izan eta, gainera, gramineoen nagusitasuna astiroago burutzen ari dela ikusi da.

Ondorio sozio-ekonomikoak

Behin artzaintzaren desagerpenak ekologia eta ingurumen mailan izango dituen ondorioak egiaztatuta, orain, ikerketa-taldeak artzaintza sistema osoaren azterketa globalean integratu nahi du ezagutza hau, arlo sozio-ekonomikoa ere aztertuz. Horretarako, diziplina anitzeko talde bat osatu dute UPV/EHUko hainbat talderen eta NEIKER-en partaidetzarekin. Ikerketaren etapa berri honek, gaur egun, Ekonomia eta Lehiakortasunaren Ministerioaren (MINECO) diru-laguntza dauka.

"Argi dago egiaztatutako efektuek ondorio globalak dituztela. Kateko prozesu bat da, elkarrekintza konplexuz betea, esnea eta gazta bezalako mendiko elikagai tradizionalen kalitatean eta ekoizpenean ere ondorioak izan ditzakeena. Horregatik, beharrezkoa da zehaztea zein punturaino eragingo duten artzaintza sistemaren osotasunean", ziurtatzen du UPV/EHUko ikerlariak. "Artzaintza bertan behera utzita landare espezie batzuk desagertuko direla bakarrik esaten badugu, ez genuke erakutsiko egoeraren benetako garrantzia. Ondorioak haratago doaz, guztia lotuta baitago: artzaintzaren gainbeherak eta gramineoen nagusitasunak larreen kalitate nutritiboaren jaitsiera dakarte, eta horrek ardi latxen artzaintza baldintzak kaltetuko ditu, artzainen jarduerari ondorio negatiboak ekarriz eta baita hainbat nekazal guneetako ekonomiari ere.  Guzti hori gertatzea ekidin behar dugu eta horretarako, orain, gure lana larratze-sistemaren analisi globala egitera bideratuko da, eszenatoki ezberdinak simulatzea ahalbidetuko duten tresnak sortzeko eta, horrela, egoera kudeatzeko erabaki zuzenak hartzen laguntzeko".

Argitalpenaren erreferentzia

A. Aldezabal, L. Moragues, I. Odriozola & I. Mijangos. Impact of grazing abandonment on plant and soil microbial communities in an Atlantic mountain grassland. Applied Soil Ecology (November 2015).
doi:10.1016/j.apsoil.2015.08.013

Argazkiak: Mikel Mtz de Trespuentes eta ‘Larratzearen ekologia eta lurzoru-landare-herbiboroen elkarrekintzak' ikerketa taldea. UPV/EHU