euskaraespañol

‘Fisikaz eta Ingeniaritza Elektronikoaz Blai', Zientzia eta Teknologia Fakultatean

Ikastetxeak bere laborategiak erabiltzen utziko die batxilergoko ikasleei

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/11

Irudia
Fakultateko laborategi bat

"Física e Ingeniería Electrónica en Acción/Fisikaz eta Ingeniaritza Elektronikoaz Blai" programa egingo da UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Jarduera ludiko eta hezigarri hori hiru euskal probintzietako Batxilergoko ikasleei zuzenduta egongo da, eta Fakultateak bertako irakaskuntza laborategiak erabiltzen utziko die. Ekimen honen helburua ikasleengan zientzia honenganako arreta piztea da, baita bertako instalazioak eskaintzea ere, belaunaldi berriak fisikak egungo munduan duen oihartzunaz jabetu daitezen.

Batxilergoko 180 ikaslek gutxi gora behera  hartuko  dute  parte  Nerea  Zabala  Unzalu  eta Ibon Sagastabeitia Buruaga irakasleek koordinatutako deialdi honetan. Ikasle horiek 35 ikastetxetatik etorriko dira. Gutxi gora behera 105 ikaslek egingo dute jarduera euskaraz, eta gainerakoek gaztelaniaz. Goizeko eta arratsaldeko taldetan banatuta egongo dira, eta binaka egingo dute lan laborategiko bost praktiketan.

‘Fisika mikrouhin labean' moduluan, ikasleek fisika pixka bat "prestatuko" dute  mikrouhin labean. Lehen errezetaren edo esperimentuaren bidez, mikrouhin labeen segurtasuna egiaztatu ahal izango dute, uhinek labetik "ihes" egiten duten aztertuz. Bigarren errezetan, mikrouhinean objektu metalikoak erabiltzeak dituen ondorioak behatuko dituzte.

Azkenik, gomazko gozokien errezeta erraz baten bidez argiaren abiadura zehatz dezaketela ikusiko dute. Lanean hasi aurretik, komenigarria izango da ikasleek zenbait galderari erantzutea: Zer dira mikrouhinak? Nola berotzen dute mikrouhin labeek? Ura duten elikagaiak bakarrik berotzen al dituzte? Praktika honetan soinuaren abiadura neurtuko da esperimentu oso sinplean, soinu-uhin geldikorrak kartoizko hodi baten barruan sortuz eta aztertuz.
‘Difrakzioa, CDak eta espektroak' izeneko praktikan, ikasleek argiaren uhin  izaeraren alderdi interesgarri bat aztertuko dute, eta ezagutza hori etxeko materialekin (CDak  edo DVDak) espektroskopio bat sortzeko erabiliko dute.  Hala,  mundu  mikroskopikoaren propietate batzuetara gerturatu ahal izango dute.

‘Motor elektrikoa' kapituluan, elektromagnetismoaren funtsezko lege bat landuko dute, hain zuzen ere, egungo teknologiaren motorretako bat bihurtu dena: indukzio elektromagnetikoa. Gure inguruko teknologiaren % 70 indukzio elektromagnetikoaren legean oinarrituta dagoela esan ohi da. Lege horrek aplikazio ugari ditu. Indukzio elektromagnetikoaren legea ulertzeko zenbait esperimentu aurkeztuko dizkiete ikasleei, baita garrantzi teknologiko handia duen indukzioaren aplikazioetako bat ere:  motor  elektrikoak.  Korronte  zuzeneko  motorrak (edonork egin ditzake etxean, esfortzu handirik gabe) eta indukzio motorrak (esaterako, garbigailuen barnean aurki  daitezkeenak; bertako ura ponpatzea dute helburu)  aurkeztuko dizkiete.

‘Fisika hutsean' moduluan, ikasleek presio atmosferikoak  eguneroko  objektuen  portaeran duen eragina aztertuko dute. Horretarako, objektu horiek presiorik gabe, huts egoeran, duten portaera behatuko dute. Besteak beste, hutsean paper zatitxo bat metalezko bola baten abiadura berean erortzen dela ikusiko dute; baita hutsean soinua ez dela hedatzen ere (argia bai ordea). Horrez gain, airean pisu bera dutela diruditen gorputzek hutsean pisu desberdina dutela eta giro tenperaturan ura irakin daitekeela ikusiko dute.

‘Irratia' praktikan irrati-igorle komertzial baten irrati-maiztasuneko seinale bat jaso eta haren edukia entzuteko gai izango gara, daraman informazioa atera  ondoren.  Beste  hitzetan, "irratia entzungo dugu". Horretarako geuk eraikiko dugun zirkuitu oso sinplea, osagai gutxikoa, baliatuko dugu.

Aurten, praktika honetan esperimentu bat (Hertz-en esperimentua) gehitu da. Mundaketa honetan uhin elektromagnetikoen izaera era sinplean frogatzen da. Ikasleek 5 proposamenetatik 3 gauzatuko dituzte, eta, ondoren, Zientzia eta Teknologia Fakultateko fisikako ikerketa laborategi bat eta ingeniaritza elektronikoko beste bat bisitatuko dituzte.