Ordenagailu bidezko simulazioak, hortz-inplanteen portaera hobetzeko

UPV/EHUko ikertzaile batek aztertu du nola hobetu hortz-inplanteek jasaten eta eragiten dituzten indarrak, deformazioak eta tentsioak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/12

Faktore askok eragiten dute hortz-inplateek ahoan duten portaeran eta sor ditzaketen arazoetan, hala nola inplanteen osagaien materialek, diametroak, luzerak edo inplantea hezurrera lotzeko moduak. UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ingeniari batek horiek guztiak aztertu ditu simulazio numeriko bidez, eta hortzetako inplanteak optimizatzeko bideak proposatu ditu. Hortz-inplanteek huts egitea saihestea da horren helburua, eta behar bezala funtzionatzea pazienteen ahoetan.

Mendaroko Createch Medical enpresarekin eta Donostia Ospitaleko Aho eta Aurpegi-masaileko Kirurgiako Sailarekin elkarlanean, hortz-inplanteen osagaien portaera mekanikoaren ebaluazio xehea egin du Ugutz Garitaonaindia UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ingeniariak bere doktoretza-tesian. Programa informatikoak erabilita, hortz-inplanteak, inplanteen gaineko egiturak eta mikroinplanteak modelizatu dituzte eta haien portaera simulatu ahal izan dute.

"Enpresa askok eta askok egiten dituzte munduan hortz-inplanteak, eta denek bilatzen dituzte ahalik eta efizientzia handieneko produktuak: hezurrarekin duen kontaktuan ahalik eta deformazio eta tentsio gutxien sortzea, inplantearen osagaiek eta egiturek hortz-inplanteari indarrak ahalik eta hobekien transmititzea eta abar", azaldu du Garitaonaindiak. Hortz-inplantearen torloju-hariaren (gainazaleko irtengune helikoidala) tamainak, diametroak eta formak, eta erabili ohi diren gainerako piezetan erabilitako materialak, edo piezak ainguratzeko erabiltzen diren mikroinplanteak non eta nola lotzen diren, eragin handia dute horretan guztian.

Bere doktoretza-tesian, hortz inplanteen gaineko egiturak egoera errealago batean aztertzeko modu berri bat proposatu du Garitaonaindiak. Halako simulazioak egiteko metodo bat izatea "oso erabilgarria izan daiteke inplanteak egiten diharduten enpresentzat, beren diseinuak hobetzeko aukera ematen baitute, bai eta kirurgia bidez mikroinplante zein plakak txertatzen dituzten mediku eta osasun-zentroentzat ere, emaitza hobeak lortzeko aukera izan baitezakete", argitu du ikertzaileak.

Hemendik aurrera, abiatutako ikerketa-lerroekin jarraitzeko asmoa agertu du ikertzaileak, "badago-eta zer hobetu eta non ikertu; gaian sakontzen jarraituko dugu, eta argitalpen zientifikoak izaten jarraitzea espero dugu". Berarekin elkarlanean ari diren medikuek, adibidez, bere jardueran hautematen dituzten hutsuneak edo hobetzekoak proposatzen dizkiote.

Informazio osagarria

Ugutz Garitaonaindia Antsoategi (Arrasate, 1970), Industri Ingeniari Teknikoa (Mekanika berezitasuna) eta Industri Antolakuntzako Ingeniaritza ikasketak ditu, eta UPV/EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle lankide da. Bere doktoretza-tesiaren izenburua da "Análisis y optimización del comportamiento mecánico de implantes dentales mediante simulación numérica (hortz-inplanteen portaera mekanikoaren azterketa eta optimizazioa simulazio numerikoa erabiliz)", eta UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako José Luiz Alcaraz Tafalla irakasle titularra izan du zuzendari.

Bi erakunderekin aritu da elkarlanean bere ikerketak aurrera eramateko. Batetik, inplanteen gaineko egituren portaera mekanikoa eta transmititzen duten zurruntasuna simulatzeko lanak Mendaroko Createch Medical SL enpresarekin elkarlanean egin ditu. Bestetik, ortodontziako zein aho eta aurpegi-masaileko kirurgian erabili ohi diren mikroinplanteen azterketan Donostiako Unibertsitate Ospitaleko mikroinplanteak izan ditu oinarri.

Bibliografia-erreferentzia

U. Garitaonaindia, J. L. Alcaraz. (SEP 2015) Influence of a micro-thread at cervical position and a cylindrical intermediate zone on the mechanical behaviour of dental implants: A three-dimensional finite element analysis. Proceedings of the Institution of Mechanical Engineers, Part H: Journal of Engineering in Medicine, 229(9):670-80. doi: 10.1177/0954411915598175.

 

Argazkiak: UPV/EHU