euskaraespañol

Nekazarien mugimenduak eta Unibertsitateak ezagutzak elkartu dituzte

Etxalde, EHNE-Bizkaia eta UPV/EHUko Hegoa Institutuak ‘Baserritik mundura: gure elikaduraren etorkizuna jokoan' ikastaroa antolatu dute

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/19

Irudia
Ikastaroaren une bat, Zerainen

Nekazaritzak garai zailak bizi ditu, bai hemen Euskal Herrian zein mundu osoan ere. Elikadura-burujabetza, ekoizpen agroekologikoa, baserrietako belaunaldi erreleboa, baserrietako produktuen merkaturatzea eta transformazioa, kalitatea, kontsumo eredu berriak, ingurumenaren… dira, besteak beste, nekazarien mugimendua eta baita, gero eta gehiago, gizarte osoa ere gaur egun kezkatzen dituen gaiak. Egoera aztertu eta etorkizun hurbil batean abian jarri daitezkeen ekimenak aztertzeko helburuarekin, nekazarien munduak eta Unibertsitateak beraien ezagutzak elkartzea erabaki dute.

Joan zen urtarriletik, 27 pertsona -bataz beste 35 urte eta profil oso ezberdinak dituztenak- ‘Baserritik mundura: gure elikaduraren etorkizuna jokoan' ikastaroaren lehen edizioan parte hartzen ari dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen ikastaro hau, Etxalde nekazarien mugimenduak, EHNE-Bizkaia sindikatuak eta UPV/EHUko Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuko Gizarte-mugimenduak eta Kooperazio Kritikoa ikerketa taldeak antolatu dute. Prestakuntza prozesu berritzaile eta aitzindaria da, ikerketarako eta agroekologia, landa-soziologia, nekazal ekonomia, nekazaritzako ikasketa kritiko eta abarren prestakuntzarako eremu berri bat irekitzen duena.

Ikastaro honetako koordinatzaile eta Hegoa institutuko ikerlaria den Beatriz Casadok adierazi duenez, "elikadura-burujabetzak planteatzen du, elikadura eskubide bat dela eta ez merkantzia bat, eta beharrezkoa dela aldaketa bultzatzea elikagaien ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduan; nekazal mundua gainditzen duen aldaketa bat, gizarte osoan baitu eragina. Horregatik, ikastaro hau, bere metodologiaren bidez, nekazarien mugimenduaren eta Unibertsitatearen ezagutzen elkartasuna sustatzen du".

Metodologia berritzailea

Ikastaro honetan aplikatzen ari den metodologia berritzailea eta aitzindaria da, ezagutza zientifiko kritikoa, ikerketa ekintza eta herri hezkuntza bateratzen baititu. Hain zuzen ere, bere jatorria La Vía Campesinaren prestakuntza prozesuetan dauka, eta batez ere, Brasilgo hainbat unibertsitaterekin Movimiento Sin Tierra mugimenduak garatutakoetan, hiru urteko lanaren ostean, euskal errealitatera egokituak izan direnak.

Lau etapatan egituratuta dago ikastaroa, eta horietako bakoitza bi zatitan banatuta dago: Unibertsitate Denbora bat, lau eguneko bizikidetza trinkoaz osatuta dagoena, eta Komunitate Denbora bat, hainbat hilabeteko iraupena duena. Unibertsitate Denboretan, ikasgaiak lantzeaz gain, azalpenak eta eztabaidak ariketekin eta talde dinamikekin konbinatuz, partaideek -lurralde nukleoetan antolatuta-, Komunitate Denboretan autoantolatuta garatuko dituzten ikerketa prozesuen plangintza, eztabaida eta ebaluazioa egingo dute.

"Partaidetza aktiboa eta parte hartzaileen erantzunkidetasuna sustatzen duen ikastaro bat da. Horretarako, parte hartzaileek lau lurralde nukleotan multzokatuak izan dira hurbiltasun geografikoaren eta profilen aniztasunaren arabera. Lurralde nukleo bakoitzak talde pedagogikoko kidea den erreferentziako pertsona bat dauka bere baitan, talde bakoitzari bere lanean laguntzen diona denbora komunitarioetan", dio Casadok.

Modu honetan, hausnarketa-ekintza ariketak sustatzen ditu ikastaroaren metodologiak, lurraldean teoria eta praktika elkartuz, eta topaketa, elkarrizketa eta esperientzien trukea erraztuz, eta bai banakako zein taldekako ikerketa prozesuak ere, beraien lurraldeetan agroekologiara eta elikadura-burujabetzarako trantsizioa bultzatzeko interesa duten eremu ezberdinetako pertsonen artean.

Lehen topaketa, Zerainen

Ikastaroko lehen Unibertsitate Denbora Zerainen (Gipuzkoa) garatu da, urtarrilaren 21etik 24ra. Irekiera ekitaldian, 27 parte-hartzaileak eta talde pedagogikoa izan ziren, eta baita Maite Zelaia UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordea, Karlos Pérez de Armiño Hegoa Institutuko zuzendaria, eta Alazne Intxauspe eta Unai Aranguren Etxalde nekazari mugimenduko eta EHNE-Bizkaia nekazarien sindikatuko ordezkariak.

Nabarmendu behar da, ikastaroaren hirugarren saioan solasaldi ireki bat burutu zela Asier Altuna zine zuzendariarekin ‘Amama' bere azken pelikularen inguruan, non bizi garen gizarte gero eta urbanoago honetan baserriak duen garrantzia aldarrikatzen den. Era berean, azken egunean, otsaila eta martxorako (hau da, lehen Komunitate Denborarako) aurreikusita dagoen jardueren egutegia aurkeztu zen. Jarduera horietan, elikadura-burujabetzari lotuta dauden eragile eta prozeduren mapaketa bati ekiteko bakarkako eta taldekako ekimenak konbinatzen dira. Lan hori, gero, talde guztiari aurkeztua izango da ondorengo topaketan.

Ikastaroko topaketak, euskal geografiako toki ezberdinetan programatu dira, trantsizio agroekologikoari eta elikadura-burujabetzari lotutako erreferentziako prozedurak abian jarrita dauden tokietan. Bigarren Unibertsitate Denbora martxoaren 31tik apirilaren 3ra bitartean burutuko da eta, hirugarrena, ekainaren 30etik uztailaren 3ra. Ikastaro honi bukaera emateko, mintegi ireki bat burutuko da UPV/EHUn (urriaren 27tik 30era). Agroekologia eta elikadura-burujabetza kontuetan erreferentziazko esperientziak izan dituzten pertsonak gonbidatuko dituzte saio honetan parte hartzera, bertan aurkeztuko baitira ikastaroan zehar egin diren ikerketa lanak.