euskaraespañol

Tesi aitzindari batek websailen unibertsoa analizatzen du

"Ikus-entzunezko formatuaren benetako (err)eboluzioaren aurrean gaude", dio Rocío de las Muñecas ikertzaileak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/24

Rocío de las Muñecas

Urtarrilaren amaieran websailei buruzko tesi aitzindaria irakurri da UPV/EHUn. Tesiaren egilea Rocío de las Muñecas San Segundo da, Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko ikertzailea eta, Oliver Mendekin batera, Gifted Corporation websailaren zuzendarikidea. Espainiako websail sarituena da, 20 sari baino gehiago jaso dituena.

Websailak online banatzeko diseinatu diren fikziozko eduki edo dokumental seriatuak dira. Horrek markatzen du haien iraupena, erritmoa eta formatua, ordenagailuan edo pantaila mugikorretan kontsumituko direla pentsatuta egokitu behar dira eta. "Websailen unibertsoa abiada bizian hazten ari da", adierazten du Rocío de las Muñecasek. Izan ere, azken sei urteetan ikaragarri ugaritu da aurkezten diren websailen eta jaialdien kopurua. "Eskuratzen ari diren ospe handia, haietariko askoren kalitate gero eta handiagoa, ikus-entzuleen jarraipen zabala eta, horren ondorioz, izaten ari diren oihartzun soziala kontuan hartuta, aztergai zeharo interesgarria dira websailak", azaltzen du Webseries, la (R)evolución Audiovisual (Websailak, ikus-entzunezkoen (err)eboluzioa) izeneko tesiaren egileak.

Tesian, Rocío de las Muñecasek websail bat zer den definitzeko dekalogoa proposatzen du, 1995ean jaio zen baina 2006az geroztik Interneten eta banda zabalaren hedapenarekin eztanda egin zuen formatua azaltzeko. Alde batetik, berezko ezaugarriak dituzte: laburragoak dira, erritmo biziagoa dute, askotariko gaiak, eta, pantaila txikian ikusiko direnez, oso garrantzi handia ematen diote soinuari. Ekoizpenari dagokionez, ekoizten direnen laurdenetan langile guztiak ordainpekoak dira; gainerakoetan, asko autofinantzatu egiten dira, eta crowfundinga, oso teknika erabilia bada ere, ez da finantzaketa metodo nagusia. Banaketa, azkenik, Youtube bidez egiten dute gehienek, baina orain Netflix, Amazon edo Hulu ere erabiltzen hasi dira. "Telebisten online plataformetarako jauzia egiten dute askok".

Bideoaren transkripzioa

Rocío de las Muñecasen ikerketak aplikazio praktiko bat ere badu, tesiak berak jasotzen duena: zuzendarikide duen websaila, Gifted Corporation, nazioarteko 20 sari baino gehiago jaso dituena, formatu honetako Espainiako obrarik sarituena. Dagoeneko 30.000 pertsona inguruk ikusi dute eta banatzen duen Frantziako ekoiztetxearekin negoziatzen ari dira bigarren denboraldi bat egiteko. Naturaz gaindiko ezaugarriak dituzten pertsonaiei buruzko websail honen pasarte batzuk UPV/EHUn grabatu ziren; esate baterako, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuko aparkalekuan filmatu zen jazarpenak eskuratu zuen ekintza-sekuentziarik onenaren saria Miamiko Jaialdian.

"Irekitasun mentala dugu aurrez aurre, oztopoak eraisten, etiketak ezabatzen ari direla ikusten ari gara, ikus-entzunezkoak transformatzen ari direneko unea bizitzen ari gara azken batean. Formatu berrien agerpenaren lekuko izan ez ezik, horien sorkuntzan parte hartzeko aukera ere izaten ari gara, ikus-entzunezko formatuaren benetako (err)eboluzioaren aurrean gaude", dio Rocíok amaitzeko. Izan ere, bide berriak irekitzen ari dira dagoeneko, telesailaren eta websailaren arteko egoera hibridoak, eta Interneterako produktu mota hori ekoizten hasten ari dira telebistak.

Egileari buruz

Rocío de las Muñecas San Segundok (Bilbo, 1989) ikertzaile gisa egin du bere tesia UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailean, Patxi Urkijo eta Santos Zunzunegui irakasleen zuzendaritzapean. Gifted Corporation websailaren (doktorego tesiaren parte da) zuzendarikidea, Oliver Mendekin batera.  Nazioarteko txostengilea eta hizlaria mundu osoko jaialdi eta kongresuetan (Seul, Miami, Los Angeles, Marseilla, Erroma, Bilbo, Madril, Las Vegas…). Bilbao Web Fest jaialdiaren zuzendaria. Websailen lehen euskal jaialdi honetan iaz, lehen edizioan, 162 obrak eman zuten izena. Bigarren edizioa urriaren 26tik 28ra egingo da eta izena emateko epea irekita dago jada.