euskaraespañol

‘Artea Antartikan. Sur polar', Teresa Jareño eta Andrea Juanen erakusketa

Partekatutako sormen esperientzia baten emaitza da

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/18

Irudia
Teresa Jareño 'Uraren Hezurra' bere obrarekin

‘Artea Antartikan. Sur polar' erakusketa 'Uraren Hezurra' eta 'Eguzki Ekaitza' artelanek osatzen dute, Teresa Jareño eta Andrea Juanenak, hurrenez hurren. Erakusketa partekatutako sormen esperientzia baten emaitza da eta ikusgai egongo da Bizkaia Aretoko Axular gelan, maiatzaren 17tik 25era, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara. Sarrera doan da.

Teresa Jareño donostiarra da Uraren Hezurra obraren egilea. Lan hau Antartikan egin duen egonaldi artistiko batean oinarritzen da, eta aukera Argentinako ‘Dirección Nacional de la Antártida'-k (DNA) emandako beka bati esker izan du. Egonaldirako deialdia DNA-k zabaldu zuen UPV/EHUrekin lankidetzan, eta Arte Ederren Fakultateko master edo graduondoko ikasleei zuzendu zitzaien. "Tokiarekin eta teknologiarekin harremana zuten proiektuak eskatu ziren deialdian", azaldu du Arantza Lauzirikak, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak.

Teresa Jareño Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatibo masterreko ikaslea da eta Antartikako egonaldiaren inguruan interesa piztu zitzaion. Sortzaileak "tokiarekin lotutako" proiektu bat garatu zuen eta hurrengo ideian oinarritu zen: "zer soinu izango luke Antartikako musikak bertako biztanleria izan balu?". Modu honetan, Jareñok "Antartikara inoiz heldu ez zen zibilizazio baten artea imajinatu" nahi izan zuen eta musikan zentratu zen. Behin egonaldi artistikorako aukeratuta eta Antartikako basera helduta, "bertako soinu naturalak" aztertu eta, hauetan oinarrituz, "bertako jendeak sortu ahal izan zituen musika-tresnak" eraiki ditu. Antartikari "hitza eman" nahi izan dio eta "beste ikuspuntu batetik ezagutarazi".

Teresak azaldu duenez, Antartikako egonaldia "esperientzia ikaragarria" izan da eta "pribilegiatua" sentitu da 45 egunez Hego-poloan bizitzeko aukera izateagatik. Uraren Hezurra "maila honetako" bere lehen erakusketa da eta "jendea gerturatzea eta erakusketaz gozatzea" espero du.

Andrea Juan argentinarra Eguzki Ekaitza obraren sortzailea da, baina baita ere Argentinako DNAko ekimenaren artista sustatzailea. 2004. urtean hasi zen Antartikan lanean, aldaketa klimatikoaren eraginaren inguruko proiektu artistikoekin; izan ere, Hego-poloan diziplina guztietako ikerkuntzak egiten dira. "2005-2006an atzerriko artistak heltzen hasi ziren eta iaz unibertsitateekin garatutako programa berezia hasi zen", azaldu du.

Eguzki Ekaitza Juanen azken lana da eta, bertan, Hego-poloan "hain ohikoak diren eguzki-ekaitzak" islatu ditu. Ekaitz mota hauek erradiazio kaltegarri maila altua irradatzen dute, baina begiak ez ditu hautematen. Eguzki Ekaitza argazki-bilduma da eta irudiotan Andreak "poetikoki" irudikatu du hauek zelan sortzen diren. Horretarako, oinarri izan du Antartikan egin den ikerketa zientifiko bat.

Erakusketaren katalogoa link honetan kontsultatu daiteke.


Argazkiak: Tere Ormazabal