euskaraespañol

UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak abian jarri dute beren mugaz gaindiko lehen laborategia

Zuzenbide Fakultateak bidegabekeria larriak nozitzen dituzten pertsona eta taldeekin lan egingo duen klinika juridiko bat irekiko du datorren ikasturtean

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/02

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen Euroeskualdeko Campusa handituz doa. Horren erakusgarri, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak mugaz gaindiko baterako lehen laborategiaren sorrera onartu du, hain zuzen ere, ingeniaritza mekanikoaren arloko mugaz gaindiko baterako I+G laborategia.

Laborategi hau zeharkako ikerketa egitura bat da, UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitatea buru dituen Euroeskualdeko Campusean txertatutakoa. Campus horrek, 2014an sortutakoak, helburutzat du irakaskuntzaren, zientziaren eta teknologiaren arloko erreferente izatea nazioartean eta Akitania-Euskadi eremua sendotzea, jakintzan oinarritutako Euroeskualde gisa.

Ingeniaritza mekanikoaren arloko mugaz gaindiko baterako I+G laborategia Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa saila eta Institut de Mécanique et d'Ingénierie – Bordeaux (I2M) laborategia buru dituen ekimena da. I2M laborategia ikerketako unitate misto bat da, CNRSren (Frantziako ikerketa erakunde nagusia), Bordeleko Unibertsitatearen, Bordeaux INPren (ENSCBP eta ENSEIRB-MATMECA ingeniaritza eskolak barne hartzen dituen taldea) eta ENSAM Ingeniaritza Eskola Handiaren mende dagoena. Laborategi berriak sarean lan egingo du ekodiseinu, fabrikazio jasangarri eta ekoproduktuen iraunkortasunaren esparruan eta lankidetza bultzatuko du I+Gren eta transferentziaren arloan, baita azpiegituren eta ekipamenduen erabileran ere.

Amaia Maseda Hedakuntzaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak adierazi duenez, lortu nahi den helburua da arlo horietan lan egiten duten taldeek gero eta lehiakorragoak diren nazioarteko proiektuetan lankidetzan jardutea, aldez aurretik planifikatutako eta definitutako baterako estrategia batekin. Horrez gain, laborategia funtsezko osagaia izango da egunotan Europar Batasunak ebaluatuko duen Added Value Manufacturing arloko Knowledge and Innovation Community (KIC) komunitatean. Zientzia eta teknologiaren arloan EBk dituen estrategien ildo beretik, KICek berrikuntza bultzatzen dute eragin sozial eta ekonomiko handia izan dezaketen arloetan, unibertsitateen, ikerguneen eta enpresen arteko lankidetza ahalbidetzen duten plataformen bitartez.

Bestalde, datorren urtean UPV/EHUn eskainiko diren graduondoko 35 berezko tituluen barruan sei titulu berri egongo dira, gaur Gobernu Kontseiluak onartu dituenak. Horietako bat ‘Bioinformatics and Omics' berezko masterra da, Bordeleko Unibertsitatearekin batera emango dena. Horrela, bada, 60 ECTS kredituko master horren lehenengo lauhilekoa, oinarrizko bioinformatikako gaitasunak eskuratzeko izango dena, Bordeleko Unibertsitateak emango du bere instalazioetan eta bigarrena (gainerako 30 ECTS kredituei dagokiena) UPV/EHUn emango da.
Horrez gain, 2016-2017 ikasturtean berezko master berri bi eskainiko dira: ‘Osasunaren Sustapena eta Osasun Komunitarioa' eta ‘Ingurumena eta Jasangarritasuna', biak ere 60 kreditukoak; eta hiru unibertsitateko espezialista titulu berri (guztiak ere 30 ECTS kreditukoak): ‘Kimika eta Genetika Nutrizioan eta Kirolean', ‘IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan, eta Hizkuntzen Irakaskuntzan' eta ‘Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa'.

Berezko tituluak unibertsitateak berak antolatutako ikasketak dira, gizartearen eskakizunei erantzun arina eta malgua emateko sortuak. Hortaz, espezializazio handiko titulazioak dira, lanbide orientazio argia dutenak. Berezko tituluetan izena emateko epea bihar, ekainak 3, hasten da eta izapideak Berezko Tituluen weborrian egin behar dira.

Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa

Halaber, Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa (JSKJ) sortzea onartu da, 2016-2017 ikasturtean abian jar dadin. Klinika juridikoak giza eskubideen aldeko eta diskriminazioaren kontrako konpromisoa hartzen duen ereduari jarraitzen dio eta honako helburu hauek ditu, besteak beste: harremanetan jartzea Zuzenbide Fakultateko ikasleak bidegabekeria larriak nozitzen dituzten pertsona eta taldeekin; kasuen analisi eta kanalizazio juridikorako tresnak sortzea (zuzenbideen ingeniaritza eta proposamen kriminologikoak), ikasketetan ikasitakoa bateratuz gizarte aktibismoan diharduten elkarte eta erakundeen esperientziarekin; erreformak planteatzea ikasketa juridikoetan eta kriminologikoetan, zeharkakotasuna txertatzeko botere sistemei buruzko gogoetetan; eta, azkenik, ekarpena egitea botere publikoek justizia sozialeko politiketan egiten duten lanari, zer arlotan esku hartu edo hobetu daitekeen proposatuz.

Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren bitartez, Zuzenbide Fakultateko ikasleek curriculum praktikak, borondatezkoak, Gradu Amaierako Lana (Zuzenbideko edo Kriminologiako graduak) eta Master Amaierako Lana egin ahal izango dituzte. Horrez gain, klinika juridikoaren zerbitzuak herritarrengana zabaldu ahal izango dira, gizarte sektore baztertuenen aldeko zerbitzu altruista eskainiz. Horrela, bada, klinika juridikoa izango da "zuzenbidearen ikasketa kriminologikoen sistema pedagogikoaren ikaskuntza eta –aldi berean– eraldatze gunea, eta diskriminazioaren aurkako estrategia juridikoak identifikatzeko eta haiei buruzko gogoeta egiteko laborategia. Izan ere, estrategia horiek baliabide egokiak izan daitezke ikasleak gizarte bidezkoago bat lortzeko duten zeregin garrantzitsuaz ohartzeko".