euskaraespañol

Arte Ederren Fakultateak Bizkaia Aretoa argiztatuko du Bilboko Gau Zurian

'Bi pareta, EHUn argi' izeneko bideomappinga UPV/EHUko eraikinaren fatxadaren gainean proiektatuko da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/17

Irudia
Bideomappingaren froga Bizkaia Aretoan

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Masterreko ikasleek bideomapping bat proiektatuko dute Bizkaia Aretoko fatxadan, Bilboko Gau Zuriaren harira, ekainaren 18an, larunbatean. Hala, 22:30etik aurrera, Bilboko Abandoibarra etorbideko 3 zenbakian dagoen UPV/EHUko eraikina argiz apainduko da. Bideomappinga, ‘Bi pareta, EHUn argi', masterreko ikasleek egindako 8 bideo edo animazio txikiz osatuta dago.

Bizkaia Aretoko eraikinak itxura geometrikoa du: kubo bat da, eta ematen du ertzetako batean beste kubo bat duela erauzia. Horrela, ertz horrek barnealdera egiten du. Bideomappingean, beraz, ikusizko lan digital batzuk proiektatuko dituzte Guggenheim aldera dauden eta ertz hori osatzen duten bi fatxadetan. Irudi batzuk barnealdeko bi fatxadetara ere hedatuko dira; beste zenbaitetan, berriz, harreman eta kontraste jokoak egingo dituzte fatxada baten eta bestearen artean.

Edukien artean, irudi errealistak nahiz irudi dinamiko eta abstraktuak erakutsiko dira; hala, askotariko estiloak bateratuko dira, emaitza erakargarria izan dadin ikusleentzat. Gainera, hala eraikinaren nola proiekzioaren beraren kokapena dela eta, eremu zabal-zabala egongo da obrari behatzeko, ia-ia itsasadarraren ertzerainokoa.

Josu Rekaldek, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak eta Bi pareta, EHUn argi lan artistikoaren koordinatzaileak, hauxe adierazi du: "Lana osatzen duten bideo guztiak banaka sortu dituzte Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Masterreko ikasleek, bat izan ezik; hura, bosgarrena, ikasle guztiek elkarrekin sortu dute". Gainera, "bideoen artean Oteizaren bertsoak txertatuko dira".

Rekaldek azaldu duenez, "Bizkaia Aretoak aukera ugari ematen du; izan ere, barnealdeko ertza osatzen duten bi pareten jokoak frontoia gogoratzen digu, eta, horri esker, bi paretekin eta bien arteko norabideekin edo mugimenduekin jolas egin dezakegu, pilotak frontoian nola". Hortik sortu dira, bada, lanaren izenburua, bi pareta, eta proiekzioan Oteizaren bertsoak txertatzeko erabakia, "hark asko landu baitzuen frontoiaren ideia".

Lehenik eta behin, Imanol Zubiauzen pieza proiektatuko da. Zubiauzen esanetan, "une eta leku horretarako berariaz sortu den pieza esperimentala da". Horregatik, diseinatu duen bideoak "okasio honetarako baino ez du balio, eraikin horretan pentsatuz sortua da eta". Lanean, jolas egin du, alde batetik, Bizkaia Aretoko paretekin eta lerroekin, forma geometrikoak osatuz, eta, bestetik, eraikinetik gertu dagoen Bilboko itsasadarraren korronteek sortzen dituzten formekin. "Eraikina karratu-karratua da eta ez du apaingarririk; horrela, formen zurruntasun eta arrazionaltasunetik hasiz, hauek desitxuratuz doaz forma likido eta ondulatuagoak sortu arte".

Bi pareta, EHUn argi osatzen duten bideoetako beste bat Arrate Lópezek egina da. "Esperimentua da"; horrexegatik ez du izenbururik, Zubiauzen lanak bezalaxe. Lópezek esan du "opari bat" dela bere bideoa testuinguru horretan eman ahal izatea, aurreneko aldia baitu bideomappingarekin esperimentatzen. "Orain lau urte hasi nintzen animazioarekin lan egiten, eta nire bizitzaren parte bilakatu da jada; izan ere, bizia emateak neuri ematen dit bizia, eta orain bideomappingarekin saiatuko naiz, gardentasunarekin eta kolore leunekin jolasten den diseinu batekin". Hilaren 18ko proiekzioa "sekulako sorpresa izango da, orain arte ez baitut aukerarik izan lana eskala horretan edo testura horren gainean proiektatzeko".

Josu Rekaldek azaldu du Bilboko Gau Zurian parte hartzeko proposamena Bizkaia Aretoak berak eta Bizkaiko Campusak egin zutela, "eraikinari hirian balioa emate aldera". Gau Zuria ekainean antolatzen da Bilbon, hiribilduaren sorrera oroitzeko asmoz (716 urte egingo ditu aurten). Bilbao 700 fundazioak antolatzen du aire zabaleko ospakizunen gau hori, non hiriko gune enblematikoek ohiz kanpoko itxura hartzen baitute. Gaueko ekitaldiek musika, arte eszenikoak, literatura eta argi eta soinu ikuskizun deigarriak biltzen dituzte. Aurten, argiz, formaz eta soinuz osaturiko ibilbide bat prestatu dute, ezustekoz eta zirraraz betea, hasi Bilboko erdigunetik, Alde Zaharretik, eta Deustuko eta Zorrotzako auzo muturrekoetaraino.