euskaraespañol

Idomeni, askatasun grina

Jordi Campàsek pertsona errefuxiatuen elkartasun eta eskuzabaltasun baloreak azpimarratu ditu Greziatik bueltan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/03

Irudia

"Buruak han jarraitzen du". Idomeniko errefuxiatuen kanpamendutik igaro ostean, Euskampus Fundazioko ikerketa kooperatiboaren arduradun Jordi Campàs indarberritzen saiatzen ari da, "elkartasun, eskuzabaltasun eta abegi oneko eredua, kanpin-dendetan (batzuetan haizeak hondatutakoak) bizi izan diren 8.000 errefuxiatuen aldetik, euriaren ostean basatza bihurturiko zorua zapaldu dutenak, elkarbizitzarako espazioak trenbidearen gainean edo gasolindegi baten lursailean eraiki dituztenak eta, orain, kanpamendu militarretan banatuta daudenak, ahal badute, alokatutako etxebizitzetan bizi direnak, edo Mazedoniako mugaren ondoan sakabanatuta daudenak, Alemanian euren familiarekin elkartu edo Londresen informatika ikastea bezalako ametsen bila hasteko".

"Elkartasunagatik, Europak pertsona errefuxiatuen egoerari emandako erantzunak eragindako haserreagatik eta Greziak pairatzen duen tratuagatik" erabaki zuen Jordi Campàsek Greziara joatea. "Hau Europar Batasunaren arazo bat da, ez Greziarena, -azpimarratzen du-; eta lotsagarria da". Berea erabaki pertsonala ere izan zen, "9 urteko nire alabaren aurrean eredu izan nahi nuen, baloreetan hezi nahi dudalako. Bere aita beste ume batzuekin egoteko alde egingo zuela onartu zuenean, momentu horretan zeuzkan bost euroak eman zizkidan Idomenin banatzeko".

Horrela, bere alabaren bost euroekin eta astebete pasatxoan sare-sozialen bidez bildu zituen beste 5.000 eurorekin, Jordi Campàs maiatzaren 16an heldu zen Idomenira Galdakaoko Bolondresen Elkartearekin batera lan egiteko. "Dirua, bere osotasunean, kanpamenduan bizi ziren pertsona eta familiei laguntzeko izango zela" oso argi zeukan, eta horretarako konpromisoa hartu zuen baliabide ekonomikoak dohaintzan eman zituzten pertsona eta elkarteekin. Horretarako, ‘maileguak' eman ditu, ‘soldatak' ordaindu ditu eta pertsonak babesean hartu ditu. Baina aurretik, lurzorua aztertu behar zen, egoera ezagutu, pertsonak antzeman. "Gogorrak, lazgarriak izan dira hamabost egun hauek".

Idomeniko kanpamendua

Idomenin berez sortutako kanpamendura heltzean, "lehenengo irudiak hunkigarriak izan ziren". 8.000 errefuxiatu (siriarrak, irakiarrak, afganiarrak) –horietariko 4.500 umeak- aurkitu zituen, beren buruak antolatu eta saltoki txikiak sortzeko gai izan zirenak.

«Boluntariotza gehiago eta boluntarismo gutxiago behar da»

Haiekin batera, Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE). "Handiak, adibidez, Mugarik Gabeko Medikuak, bitarteko askorekin, eta txikiak beren proiektu zehatzekin. Dena den, nahiz eta proiektu eta elkarte asko egon, haien arteko koordinazioa falta zen, eraginkorrago eta efizienteagoak izateko. Gainera, boluntariotza boluntarismoarekin nahasten da –zehaztu du-, eta lekuan bertako jarduerek lan antolatuago edo profesionalagoa behar dute. Tona asko arropa heldu da neurri ezberdinetako kutxetan, ez zegozkien albaranekin, eta denbora eta diru asko galdu da, banatu aurretik antolatu behar zelako". Dena den, Campàsek haruntzago darama bere hausnarketa, eta kritiko agertu da GKE batzuekin, diru lortzearren, ikusgarritasun bila ibiltzen baitira.

Nahiz eta sarerik egon ez, Maika, esperientzia luzea duen Madrilgo boluntarioa, eta Galdakaoko Elkarteko Álvaro Saiz, Idomenin bi hilabete zeramatzana, Jordi Campàsen ciceroneak izan ziren. Haien laguntzarekin, kanpamenduan janaria sartzeko sortzen ziren oztopoak gainditu zituen, Greziako poliziak eskatzen zituen baimenak ez baitzituzten. "Zentzu horretan, poliziak bere lana egin du, eta hara zoazenean, laguntzera joan behar zara, ez traba egitera. Pertsona batzuk doaz helburu nagusitik aldentzen diren ideia eta aurreiritziekin. Helburua errefuxiatuen lan baldintzak hobetzea da, ez poliziarekin eztabaidatzea".

Lana Idomenin

Grezian15 egun egon da. Bi aste horietan, Galdakaoko Elkarteko kideekin batera, haizeak apurtutako kanpin-dendak ordezkatzen zituztenak jarri ditu, 2.400 kilo umeentzako poteko zeramatzan kamioi bat sartu du, 8 ordu saiatzen pasatu ondoren, baimenik ez baitzeukaten. Gauez, janari poltsak banatu ditu. Errefuxiatuen laguntzarekin egoera oso larriak antzeman ditu. "Harritzen nau zein eskuzabalak eta solidarioak diren. Haiekin ikasten duzu gure kulturaren indibidualismoa eta mesfidantza ez direla elkarrekin bizitzeko era".

«Idomeni ez zen bidezkoa, ezta iraunkorra ere»

Joan aurretik bildutako dirua ere banatu du Jordi Campàsek. Adibidez, Mohammad ingeniari aeronautikoak, eta, jatorri kurduko siriar gazte Siwar-ek, Londresen informatika ikasi nahi duenak, 200€ko kreditua jaso zuten, ahal dutenean itzuli behar izango dutena, %10eko interesarekin. Eta bueltatzen dutenean, beste errefuxiatu bati emango zaio. "Pertsonei boterea ematen dieten zirkuluak sortzen dira, elkarri laguntzeko ardura hartzen dute". Halaber, 6 urteko Ahmed eta bere ama Fatma babestu ditu, 200 eurorekin. Bomberos en Accióneko kanpin-ospitalean lan egiten zuen Nushin-i 400 euroko ‘soldata' eman dio. Nushinen familiak elkartu nahi du anaia txikiarekin, Alemanian, minbiziak jota dagoena. Eta Danimarkako ‘Team Humanity' GKEk 2.000 euro jaso ditu, errefuxiatuentzako kanpamendu militar batean, eskola, haurtzaindegi eta futbol zelaia osatzeko. Jordi Campàsek nabarmendu nahi du: "Zeregin hauek guztiak bete ahal izan ziren, Leioatik, kudeaketa ekonomikoa dagokionez, Euskampus Fundazioko Igor Campillo eta Susana Sánchez-Gilek egin zuten lanari esker".

Itxaropenaren amaiera

Egonaldian zehar Jordi Campàsek lehen pertsonan bizi izan zuen kanpamenduaren utzaraztea. "Idomeni arazo bat zen, herrialdearen ekonomia eta merkataritza ardatza den hegoaldea eta iparraldea lotzen dituen trenbidean kokatuta baitago. Egoera jasanezina eta injustua da Greziarentzat. Horregatik, kanpamendu militarrak jartzeak aukera ona zirudien, Idomenin ematen ez ziren osasungarritasuna bermatuko baitzuen".

Maiatzaren 23an egin zen uztaraztea. Gauerdian irten ziren GKEak. Goizean, errefuxiatuak. "Uztarazte baketsua eta oso tristea izan zen. Hor zeuden lagunak era espontaneo batean kanpatu ziren, Mazedoniako muga zeharkatu nahi zuten, beraien ametsak betetzeko". Gaur egun, lagun horietako asko eta asko Grezian zehar sakabanatuta daude, batzuk alokairuan bizi dira elkarrekin, besteak Mazedoniako mugen alboan daude, Serbiara pasatzeko asmoarekin; bai dituzten medioen bidez, bai mafiari laguneko 1.800 € ordainduz. Gainera, 3.800 pertsona hiru kanpamendu militarretan daude.

«Europar Batasunaren arazoa da, ez Greziarena»

Kanpamendu horietako batera, amarruak erabiliz, barneratzea lortu zuen, baita ezgaitasun bat zuen neska batentzat gurpil-aulki bat sartu ere. "Erdiragarria izan da. Ez da egoera konpondu. Osasungarritasuna ez da hobetu. 800 lagunentzat 10 komun baino ez daude.  Bertan behera utzitako industria-nabeetan daude, zaborrez inguraturik. Ez dute wifirik, zeina beste herrialde batzuetan dituzten familiartekoekin kontaktuan jartzeko duten medio bakarra den. Bere kabuz antolatzeko gaitasuna galdu dute, ekimenerako gaitasuna. Ezin dute janaririk prestatu ere. Egoera psikologikoa txarragoa da. Ez dago bizitzarik. Baztertuta daude". Idomenin Jordi Campàsek ahultasun egoeran zeuden lagunekin kontaktatu zuen (gerretan larriki zauritutakoak, ezgaitasun garrantzitsuak zituzten kideak), baina uztaraztean galdu egin zuen kontaktua lagun horiekin guztiekin, zeintzuk hautagaiak ziren erkidego autonomoetara joateko. "Sonia Simónek, Basauriko erizainak, eta nik kanpamenduak zeharkatu genituen fitxa medikuekin, eta lau kasu horiek aurkitu genituen. Orain Kanpo Arazoetarako Ministerioak abian jarri behar du, benetan, familiak hartzeko aukera, eta ez kasu puntualak eta mediatikoak direnak bakarrik. Zentzu honetan, Greziako herriak solidaritate eta eskuzabaltasun gehiago erakutsi du Europar Batasunak baino".

Hemendik

Jordi Campàs Euskampus Fundazioko bere ohiko lanera itzuli da. Hala ere, Grezian jarraitzen duen Galdakaoko Bolondresen Elkartearekin aktiboan segitzen du. "Bertan Barne Ministerioko bulegoak bisitatu behar izan genituen, funtzionarioekin hitz egin, beharrezko baimenak lortzeko, eta Idomenin sartu ahal izateko. Zehazki, bi emakume funtzionario izan ziren tramitazioa ahalbidetu zigutenak, nahiz eta euren lana izan ez. Orain administrazio tramiteak hasi behar ditugu berriz, oraingoan kanpamendu militarrez ari gara eta. Eta ni, urrunetik, laguntzen ari natzaie".

Campàs asteartean heldu zen, maiatzaren 30ean. "Hamabost egun hauek oso gogorrak izan dira, barreekin, negarrekin, kaosarekin, erabakiak oso arin hartzeko beharrarekin, geldituz, pentsatuz, eztabaidatuz. Egun hauetan bizitza oso arin joan da. Eta orain hemen nago, burua eta bihotz zati bat han ditudala".

Argazkiak: Jordi Campàs