euskaraespañol

Espainiako Astronomia Elkartearen XII. Zientzia Bilera

Brasil, Astronomia Elkartearen Zientzia Bilerako herrialde gonbidatua

Saioetako batean aztergai izango dute Cherenkov Telescope Array (CTA) azpiegitura handi berria; Kanarietako La Palma uhartean egongo da azpiegituraren iparraldeko behatokia

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/20

Irudia

Aste honetan ari dira egiten Espainiako Astronomia Elkartearen XII. Zientzia Bilera, Bilbon, eta gaur iritsiko dira bileraren erdigunera, Brasil herrialde gonbidatuaren inguruko saio zabal batekin. Horrez gain, beste hainbat saio izango dira askotariko gaiak jorratzeko: galaxiak eta kosmologia, Esne Bidea eta haren osagaiak, zientzia planetarioak, eguzki fisika, astronomiarekin lotutako instrumentazioa eta superkonputazioa, hezkuntza eta zientziaren hedakuntza, besteak beste. Guztira, 200 hitzaldi eta aurkezpen baino gehiago egingo dituzte bost egun hauetan.

Espainiaren eta Brasilen arteko lankidetza

Espainiako Astronomia Elkartearen Zientzia Bilera guztietan herrialde gonbidatu bat izan ohi da. Tradizio horri eutsiz, bada, Brasil gonbidatu dute oraingo honetan, Espainiako ikertaldeek hainbat lankidetza zientifiko partekatzen baitituzte hangoekin. Helburua da, hain zuzen, baterako proiektu horien orain arteko garapena eta etorkizuneko ikuspegiak erakustea. Elkarlaneko proiektuen artean aipatzekoak dira galaxia aktiboen nukleoei buruzkoa, galaxien bilakaera kimikoaren ingurukoa, HARPS planetak bilatzeko proiektua eta, bereziki, J-PAS deritzona, hots, unibertsoaren espantsio aurreratuari buruzko kartografia astrofisikoaren proiektua, Javalambreko Astrofisika Behategiarena (Teruel). Espainia eta Brasil, halaber, elkarlanean ari dira astronomia heziketako eta hedapeneko zenbait programatan eta astronomoak prestatzeko proiektuetan.

SEAren XII. Zientzia Bileran izan dira, Brasilgo Astronomia Elkartearen ordezkari gisa, Marcos Diaz elkarteko burua eta Thaisa Storchi Bergmann Río Grandeko (Porto Alegre, Brasil) Unibertsitate Federaleko astrofisikaria. Bergmann mundu osoko astronomiaren arloko pertsonarik esanguratsuenetako bat da (besteak beste, L'Óreal-UNESCOk aparteko emakume zientzialariei ematen dien saria jaso du), eta gaur egungo unibertsoko zulo beltzei buruzko hitzaldi bat aurkeztuko du.

Cherenkov Telescope Array (CTA)

Gaurko beste saio nagusietako batean Cherenkov Telescope Array (CTA) aztertuko dute, energia oso handiko gamma izpien teleskopio sare batean datzan zientzia azpiegitura handi berria. CTAk leiho bat zabalduko du unibertsorik energetiko, bortitz eta muturrekoenera, eta baliagarri izango da astrofisikaren, partikulen fisikaren eta kosmologiaren inguruko funtsezko alderdiak ulertzeko.

Proiektuan 31 herrialdetako 1.200 zientzialarik eta 300 ingeniarik baino gehiagok parte hartzen dute. Bi behatoki izango ditu, hemisferio bakoitzean bat, eta, hartara, zeru osoa hartuko du. Iparraldeko behatokia Roque de los Muchachoseko Behategian jarriko da, Kanarietako La Palma uhartean (horrek esan nahi du behategi hori munduko liderretako bat dela), eta hegoaldekoa, berriz, ESOk Txilen duen Paranal Behategitik gertu eraikiko da.

Espainiako astronomoek lan handia egin zuten CTA hasieran sortzeko, 2006an, eta, hamar urte hauetan, modu erabakigarrian esku hartu dute, bai proiektu osoa garatzen, bai teleskopioak diseinatzen. Espainiaren partaidetza teknologikoa funtsezkoa da proiektu horren egitura mekanikorako, ganberen elektronikarako eta analisi eta simulazio softwarerako.

Gaur egun, hamar erakunde hauetako ehun bat ikertzaile ari dira Cherenkov Telescope Array teleskopioan lanean: CIEMAT, Kanarietako Astrofisika Institutua (IAC), Espazioko Zientzien Institutua (IEEC-CSIC), Energia Handien Fisika Institutua (IFAE-BIST), Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (UAB), Kosmoseko Zientzien Institutua (IEEC-ICCUB), Zientzia Informazioaren Portua (PIC), Madrilgo Complutense Unibertsitatea (UCM), Jaengo Unibertsitatea (UJA) eta Andaluziako Astrofisika Institutua (IAA-CSIC).

CTAren helburua da, alde batetik, unibertsoko fenomenorik bortitzenak aztertzea, supernoba eztandetako izpi kosmikoen azelerazioa adibidez, eta, bestetik, gehiago sakontzea ingurunerik muturrekoenak: galaxien nukleo aktiboak, neutroi izarrak eta zulo beltzak, besteak beste. Horrez gain, beste hainbat kontu ulertzeko ahalegina egin nahi da: esaterako, materia iluna, galaxiaz kanpoko hondoko argiaren propietateak, unibertsoaren egituraren sorreraren erlikia, eta espazioaren eta denboraren arteko egitura kuantikoa.

Gaur arratsaldean, grabitazio uhinei buruzko hitzaldi publikoa

Gaur, hilaren 20an, 19:45ean, grabitazio uhinei buruzko hitzaldia emango du Alicia Sintes Balear Uharteetako Unibertsitateko Erlatibitatea eta Grabitazioa taldeko irakasleak. LIGOn parte hartzen duen Espainiako talde bakarra da hori, eta, beraz, orain hilabete batzuk egindako grabitazio uhinen lehen aurkikuntzan esku hartu zuen.

Hizlariaren beraren esanetan, hitzaldian "aztertuko da zer diren grabitazio uhinak eta nola aurkitu diren, eta edonork entzun ahal izango du, baita jakin-minez beteriko umeek ere". Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan izango da, eta sarrera doakoa izango da, leku kopurua bete arte.