euskaraespañol

Unibertsitate mailako formakuntza duten pertsonek laneratze hobea izaten dute

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak gaur aurkeztu duen ‘Laneratze joerak eta unibertsitatearen eragina aztertzen. UPV/EHUtik begira' txostenaren ondorio nagusia da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/22

Irudia

Iñaki Goirizelaia Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta Maite Zelaia Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak Bizkaia Aretoan aurkeztu dute gaur Laneratze joerak eta unibertsitatearen eragina aztertzen.  UPV/EHUtik begira ikerketaren txostena.

Aipatu ikerketa hiru atalez dago osatua. Lehenengoak, UPV/EHUko tituludunen laneratze mailen azterketa egiten du; bigarrenak, ikasleek egindako praktikei buruzko informazioa eskaintzen du; eta, hirugarrenak, etorkizunera begira unibertsitateko ikasleen enplegagarritasuna eta hori hobetzeko har daitezkeen neurriak aurkezten ditu.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak zazpi urtean zehar eginiko 40.000 inkesta baino gehiago aztertzen ditu txostenak: 2009 eta 2015 bitartean, urtero, titulua hiru urte lehenago lortu duen promozioa aztertu da.

Txostenaren ondorio nagusien arabera, unibertsitate mailako formakuntza duten pertsonek enplegagarritasun hobea izaten dute. Izan ere, UPV/EHUko tituludunen jarduera tasa %95,6koa da, okupazio tasa %82,9koa den bitartean.

Unibertsitate-praktikei dagokienez, aztertutako epean erregistraturiko praktikaldi programa kopuruak gora egin du. 2007/2008 ikasturtean 6.000 praktika zenbatu ziren, 2014/2015ean aldiz, kopurua 10.000ra iritsi zen. Datuek frogatzen dute praktikak burutzeak ere ikasleen laneratzea hobetzen dutela.

Nahiz eta ikerketak ondorioztatu duen enplegagarritasunaren arloan unibertsitateak tresna eraginkorrak dituela, UPV/EHUk ehualumni proiektua martxan jarri du ikasturte honetan. Programa hau unibertsitateko ikasle ohiei zuzenduta dago, eta helburua testuinguru ekonomiko, sozial eta laboralari erantzutea eta beraien laneratzea hobetzea da. Horrela, ikasle ohientzako hainbat programa jarri dira martxan: praktikak eta mentorizazio egitasmoak, Trebakuntza Eskolaren bidez heziketa osagarriak eta egungo gradu eta graduondokoak formazio dualeko formatura egokitzeko aukerak aztertzea, alternantziazko formazioaren parametroak jarraitzeko asmoz.