euskaraespañol

Ameriketara joandako euskaldunen arrastoa jarraitzen du 'Amerikanuak' erakusketak

Arte Ederren Fakultateko ikasleek Amerikan burututako egonaldi artistikoetan sortutako piezek osatzen dute bilduma

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/19

Irudia
Leire Baztarrica, Oihane Sánchez, Teresa Jareño eta Manuel Diego Sánchez.

Amerikanuak: iparraldetik hegoaldera gaur, irailak 19, Bizkaia Aretoan aurkeztu den erakusketa artistikoa da. Bilduma hau Arte Ederren Fakultatean ikasten duten artistentzat 2009an hasitako egonaldi-programa baten emaitza da. Harrezkero, urtero bi ikaslek proiektu artistiko bat garatu dute, egonaldia gauzatzen zen ingurune kulturalari lotuta. Egonaldi-programak baliagarriak izan dira haien unibertsitate-prestakuntza osatzeko, eta baita praktika artistiko bat garatzen hasteko ere, egonaldi artistiko profesionalen baldintza berdinetan. 2015/2016 ikasturtean Nevadako Unibertsitateak Renon duen Euskal Ikasketen Zentroan bi egonaldi gauzatu dira, azken hiru urteetan egin den bezala, eta beste bat Antartida argentinarreko base zientifiko batean. Gaurko aurkezpenean, obren egileez gain, Arte Ederren Fakultateko Arantza Lauzirikak, dekanoa, eta Natxo Rodríguezek, Unibertsitate Hedapeneko dekanordea, parte hartu dute, eta egonaldi hauek posible egiten duten UPV/EHUko Nazioar¬teko Harremanen arloko Errektoreordetza, Euskal Ikasketen Zentroa, Jose¬ba Zulaika, Antartikako Zuzendaritza Nazionala eta Arte Ederren Fakultatea eskertu dituzte.

Erakusketa honek esperientzia horietako emaitza batzuk erakusten ditu. Zehazki, ikusgai dauden lanak Teresa Jareño, Leire Baztarrica, Manuel Diego Sánchez eta Oihane Sánchezenak dira. Jareñok, Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatibo masterreko ikasleak, Argentinako ‘Dirección Nacional de la Antártida'-k esleitutako beka bati esker Antartikan egin zuen egonaldi artistikoa. Sortzez Donostiakoa eta musika ikasketak egindakoa, Jareñok Antartikako artea eta soinua nolakoak izango liratekeen imajinatu zuen, bertako biztanleria izan balu. Donostiarrak bertako soinu naturalak aztertu eta hauetan oinarritutako musika-tresnak sortu zituen, zeinekin inoiz existitu ez zen zibilizazio baten artea imajinatu zuen.

Leire Baztarrica, Manuel Diego Sánchez eta Oihane Sánchezek Renon egin zuten egonaldi artistikoa. Leirek eta Oihanek 2015ean jaso zuten beka, Manuel Diegok, aldiz, 2014an. Leire Baztarricak betidanik liluratu duten Nevadako kasinoen irudi turistikoen giro kitsch-ean oinarritutako argazki-bilduma aurkezten du. Manuel Diego Sánchezek, bere aldetik, irudi-artxibo bat sortu du, Renoko egonaldian burututako dokumentu ezberdinak eta beste erregistro batzuk abiapuntutzat hartuz, non migrazioari lotutako desterritorializazioaren inguruko memoria historikoa lantzen duen. Azkenik, Oihane Sánchezek jatorrizko (Bilbo/Euskal Herria) eta egonaldi artistikoaren (Reno/Nevada) inguruneen arteko konparaketa planteatzen du: identitatearen eraiketa eta berreraiketaren inguruko gogoeta bat. Lan honek euskal emigranteek atzerriko herrialde batean jatorrizko ingurugiroaren birsortzearen erlazioa irudikatzen du.

Amerikanuak gaur inauguratuko da Bizkaia Aretoko Chillida aretoan 18:30etan, eta irailaren 26a arte bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara bitartean.