euskaraespañol

Umeek marrazkietan diotena

Marrazkietan ideia gehiago transmititu nahi izaten dituzten haurrek naturalki erabiltzen dituzte forma geometrikoak UPV/EHUren ikerketaren arabera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/22

Irudia
4 eta 7 urte bitarteko haurrekin egin da ikerlana

José Domingo Villarroelek eta Olga Sanzek 4 eta 7 urte bitarteko haurrekin egindako ikerketaren arabera, marrazkiekin ideia gehiago transmititu nahi izaten duten haurrek maizago erabiltzen dituzte forma geometrikoak (hirukiak, laukiak, zirkuluak…) marrazkiak egiteko.

"A study regarding the spontaneous use of geometric shapes in young children's drawings" izeneko UPV/EHUko lan horrek azpimarratzen duenez, Haur Hezkuntzako umeek naturalki jotzen dute forma geometrikora marrazkien bidez zerbait adierazteko beharra dutenean. "Marrazkien bidez adierazteko gaitasun horrek zerikusia du forma geometrikoen erabilerarekin; hau da, marrazkietan ideia gehiago transmititu nahi izaten duten haurrek maizago erabiltzen dituzte forma geometrikoak euren margolanetan", azaldu du José Domingo Villarroelek, Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasle eta ikertzaileak.

Gorlizko (Bizkaia) Eskola Publikoko ikasleekin egin dute azterlana Villarroelek eta Sanzek. Lana egiteko, haur txikiak forma geometrikoak kontzeptualizatzen nola hasten diren aztertzen duten antzeko beste ikerketetan erabili ez den ikuspuntu metodologiko bat baliatu dute. "Azterlan ugari egin dira umeek geometriaren ezagutzari lotutako oinarrizko kontzeptuak nola barneratzen dituzten ikertzeko; tradizio sendoko ikerlerroa da hau. Egia esan, honelako ikerketetan, haurrek funtsean formak identifikatu behar izaten dituzte, edo proposatzen zaizkien irudiak erreproduzitu, edo modelo jakin batekin bat datozen formak bilatu. Ez dugu aurkitu, ordea, Haur Hezkuntzako ikasleek marrazkiak egiteko figura geometrikoak naturalki zergatik erabiltzen dituzten ikertzen duen lanik. Gure ustez, haurrek margolanetan forma geometrikoa naturalki erabiltzeak ondo erakusten du haurtzaroan nola barneratzen den forma geometrikoa", adierazi du.

Ikerlerro interesgarria

Haurtzaroan irudi geometrikoak erabiltzeko modu naturala ikerlerro interesgarria da, eta oso garrantzitsua izan daiteke pentsamendu geometrikoaren jatorria eta garapena aztertzeko ere, Villarroelen eta Sanzen iritziz. "Ez daukagu datu sendorik esateko ea Haur Hezkuntzako umeek ideia gehiago adierazteko beharragatik erabiltzen dituzten forma geometriko gehiago edo, kontrara, ea forma geometrikoak hobeto ezagutzeak adierazpen grafikoa indartzen duen. Horregatik, uste dugu etorkizuneko ikerketetarako oso interesgarria izan daitekeela lotura posible horretan sakontzea", esan du.

Informazio osagarria

Hauek dira ikerlanaren egileak: José Domingo Villarroel, UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Saileko irakasle eta ikertzailea, eta Olga Sanz, Haur Hezkuntzan graduatua.

 

 

Erreferentzia bibliografikoa