euskaraespañol

Europako dinosaurorik handiena UPV/EHUn da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/20

Irudia
Erakusketa ikusgai izango da Bizkaia Aretoan azaroaren 27ra arte

Europako dinosaurorik handienaren (Turiasaurus riodevensis) eta Estatu Batuetatik datorren Camptosaurus baten eskeleto osoen jatorrizko tamainako erreplikak ikusgai dira ‘Koloso Jurasikoak' erakusketan.

Dinosauroak hobeto ezagutzeko, 145 milioi urteko bidaia egiteko aukera eskainiko die ikusleei UPV/EHUk Bizkaia Aretoan. ‘Koloso Jurasikoak' erakusketan Europako dinosaurorik handienaren (Turiasaurus riodevensis) eta Estatu Batuetatik datorren Camptosaurus baten eskeleto osoen jatorrizko tamainako erreplikak ikusgai izango dira. UPV/EHUk antolatzen duen Zientziaren Asteko ekintzen baitan kokatzen den erakusketa honako erakunde hauek babesten dute: Euskaltel, Bilboko Udala, Iberdrola eta Fundación Patrimonio Paleontológico de Teruel-Dinópolis fundazioa.

Dinosauroak 150 milioi urtez baino gehiagoz bizi izan ziren Lurrean. Goi Jurasikoaren amaiera aldera izan zuten goieneko unea eta aniztasun-maila handia lortu zuten. Horien lagin batzuk daude ikusgai Bilboko UPV/EHU Bizkaia Aretoan gaurtik aurrera.

Turiasaurus riodevensis Europako dinosauro handienaren eta Estatu Batuetatik datorren Camptosaurus sp. dinosauroaren eskeleto osoen jatorrizko tamainako bi erreplikek osatzen dute, besteak beste, Koloso Jurasikoak erakusketa. Halaber, 11 informazio-panelen bilduma euskaraz eta gaztelaniaz ere izango da, gaur egun bereizita dauden arren, Jurasikoan elkartuta zeuden 3 kontinenteetako —Europa, Amerika eta Afrika— dinosauroen arteko erlazioa azalduz.

Erakusketa ikusgai izango da Bizkaia Aretoan gaur urriaren 20tik hasita azaroaren 27ra arte ordutegi hauetan: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara; larunbatean, 10:00etatik 14:00etara; eta igandean, 10:00etatik 14:00etara. UPV/EHUk antolatzen duen Zientzia Asteko ekintzen baitan kokatzen da erakusketa, eta Euskaltelek, Bilboko Udalak, Iberdrolak, Tisak eta Dinópolis Fundazioak babesten dute. Horrez gain, Luis Alcalá eta Alberto Cobos Fundación Conjunto Paleontológico de Teruel-Dinópolis fundazioko zientzialariek eta Xabier Pereda-Suberbiola UPV/EHUko ikertzaileak hitzaldi bana eskainiko dute.

Hauek dira Bizkaia Aretoan entzungai izango diren hiru hitzaldiak:

  • Teruel: la mina de los dinosaurios. Luis Alcalá. Urriaren 20an, 19:00etan. Bizkaia Aretoan.
  • Dinosaurios y fauna asociada de Euskal Herria: un viaje en el tiempo hace 70 millones de años. Xabier Pereda-Suberbiola. Urriaren 26an, 19:00etan. Bizkaia Aretoan.
  • Turiasaurus: el gigante europeo y otros dinosaurios jurásicos. Alberto Cobos. Azaroaren 2an, 19:00etan. Bizkaia Aretoan.

Horrez gain, azaroaren 7tik aurrera bisita gidatuak antolatu dira, astelehenetik ostiralera, Lehen Hezkuntzako ikastetxeentzat eta partikularrentzat. Hain zuzen ere, ikastetxeen bisitak ordu erdikoak izango dira, eta 9:00, 10:00, 11:00 eta 12:00etan egin ahal izango dira. Partikularrentzako bisita, berriz, 18:30ean izango da. Bisita egin ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea turiasaurus.otri@ehu.eus emailean

Europako erraldoia

2003az geroztik, hainbat hilabetetako indusketa-lanen ostean, Fundación Conjunto Paleontológico de Teruel-Dinópolis fundazioko ikertzaileek Teruelgo Riodeva herrian dinosauro sauropodo —lepo eta buztan luzeko kuadrupedoa— erraldoi baten hainbat fosil aurkitu zituzten, eta Turiasaurus riodevensis izena jarri zioten.  Aurkikuntza hau Science zientzia-aldizkari entzutetsuan argitaratu zuten, hondakin paleontologikoen garrantzia nabarmenduz.

Europako dinosaurorik handienaren eskeleto osoa, orain arte sekula erakutsi ez dena, ikusgai izango da erakusketan: 7 metro altu eta 21 metro luze ditu. Turiasaurus Europako beste edozein dinosauro baino handiagoa da eta munduko handienen artean dago. Pisuari dagokionez, antzeko sauropodoen kalkuluetatik, gutxi gorabehera 40 tona dituela kalkulatzen da (6-7 elefante ar helduen pisua).

Bizkaia Aretoko terrazako jardinean dago Turiasaurus riodevensis. Horrenbestez, eraikinaren kanpoaldetik ere erraz asko ikus daiteke Abandoibarra eta Ramón Rubial inguruetan (Guggenheim, Arte Ederren Museoa...) bazabiltza.