euskaraespañol

Kata Gómez, Politika Zientzietako ikasle bat Greziarako karabanan

«Errefuxiatuek ez dute karitaterik nahi, beraien duintasuna berreskuratu baizik»

‘Ongi etorri errefuxiatuak UPV/EHU' plataforma aurkeztu eta unibertsitateko kide guztiak ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/18

Irudia
Kata Gomez Politika Zientzietako lehenengo mailako ikasleak ‘Ongi etorri errefuxiatuak' plataformak antolatutako Greziarako karabanan parte hartu zuen

Kata Gomezek 18 urte ditu, Politika Zientzietako lehen urteko ikaslea da eta bere urtebetetze opari bezala ‘Ongi etorri errefuxiatuak' plataformak antolatu zuen Greziarako karabanan parte hartzea eskatu zien gurasoei.

Hasieran aitak lagundu behar zuen bidai horretan, baina, azkenean, beste arazo batzuengatik, ezin izan zuen alabarekin bidaiatu eta Katak bakarrik ekin zion bidaiari. 11 egunetan zehar neska gazte honek Grezian harrapatuta dauden errefuxiatuen egoera ezagutzeko aukera izan zuen.

Idomeniko zelaia bi hilabete lehenago itxi zuten baina karabana Paranesti eta Xanthiko errefuxiatuen atxilotze zentroetara hurbildu zen: "hemengo atzerritarren atxilotze zentroak bezalakoak dira", azaltzen du gazte honek. Egoitza horietan eta bidaia osoan zehar Katak oso egoera latzak ikusi ditu. Ikusitakoak eta hango pertsonak bizitakoen irudiek benetan hunkitu dute "oso baldintza gogorretan bizi diren pertsona eta haurrak dira". "Hamar umeren ardura hartu behar izan duten amak ezagutu ditugu seme biologikoak bi bakarrik direlarik. Izan ere, adingabeko ugarik beraien etxeak utzi eta bakarrik bidaiatu behar izan dute eta asko eta asko bidean desagertu dira. Beste batzuk bidean iritsi behar izan dute heldutasunera: behartuta hazi behar izan dute bidaian", azaldu du. Katak argi dauka "pertsona guzti hauek ez dute karitaterik behar beraien duintasuna berreskuratu baizik".

"Gizakiak ez balira bezala tratatzen ditugu", salatu du. "XXI. Mendean jende honekin egiten ari garena ez da bidezkoa, ankerra eta krudela da. Historia ziklikoa da, iraganeko akatsak errepikatzen ditugu eta ez dut holokausto nazia bizi izan baina gertatzen ari dena antzekoa dela uste dut". Bere ikuspegia ezkorra bada ere esperantzarako bideak ere zabaltzen ditu "Greziara egindako bidai honetatik bueltan argi daukat gizakiok elkartuta gauza asko lor ditzakegula, batasunak indarra dakarrela hain zuzen ere".

Irudi batek bereziki izan du eragina politiketako ikasle honengan, Grezian parte hartu zuen manifestazio batean emakume baten begiradak: "ama horrek jaioberri bat zeraman besoetan eta bere begirada esker onekoa zen beraien egoera salatu eta bere aldarrikapenak gure egin genituelako".

Harritu duen beste gauza bat Greziako gizartearen jarrera izan da "nahiz eta pairatzen ari diren krisia gogorra izan, Greziako herria benetako elkartasuna erakusten ari da" eta horrela baieztatu ahal izan zuen Thessalonikiko unibertsitateak antolatutako manifestazio eta kanpaldietan.

Greziara egindako bidaiak goitik behera aldatu du 18 urteko neska honen pentsamoldea: "nire arazoak purtzilak eta hutsalak ematen dute orain eta ikusitakoak ikusita konturatzen naiz ez daukadala kexatzeko eskubiderik". Baina bere baloreak eta bizitza ikusteko modua aldatzeaz gain bere bokazioa baieztatzen ere lagundu diola onartzen du: "Greziatik bueltatzean Politika Zientziak egitea erabaki nuen".

Ongi etorri errefuxiatuak UPV/EHU 

Katak bizitako esperientzia osoa kontatu du ‘Ongi etorri errefuxiatuak' plataforma aurkezteko hitzaldi batean, bertan Dani Gutierrez plataformako kide eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle denarekin izan da. Azken horrek plataformaren nondik norakoak azaldu eta ekimen honekin lortu nahi dituzten helburuak azaldu ditu. "Plataformak kontzientziatu, salatu eta presioa eragin nahi du errefuxiatuen egoera hobetzeko" eta horretarako argi daukate "jende gehiago bildu behar dugula".

Zentzu horretan, ekimen hau unibertsitate eta komunitate osora hedatu dute; irailean ‘Ongi etorri errefuxiatuak UPV/EHU' sortu zuten. Irakasle, administrazioko langile, sindikatu eta batez ere fakultate guztietatik datozen ikasleak erakarri dituzte, horrela, talde aniztun bat osatuz.

"Ekimena Bizkaian jaio zen eta Euskal Herriko herri eta auzoetan hazi da eta unibertsitatea ia herri bat bezalakoa da, ikerketa eta pentsamendu kritikoa sustatzeko herria, beraz testuinguru honetan horrelako plataforma bat izateak zentzu osoa zeukan", azaltzen du Arantza Gutierrezek, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako fakultateko irakasleak eta ‘Ongi etorri errefuxiatuak UPV/EHU'ko kideak.

Hurrengo jarduerak 

UPV/EHUko plataformak lanean dihardu, hala ere parte hartu nahi duten eta kontzientzia soziala daukaten pertsona guztiei gonbidapena luzatzen diete ekimenetan parte hartu eta plataformako kide izan daitezen. Datorren hilabeteetara begira mobilizazio plana diseinatu dute mota askotako jarduerekin.

Horien artean eta Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunarekin lotuta emakume errefuxiatuaren egoera azpimarratu nahi dute. Emakume errefuxiatuek pairatzen duten biktima egoera salatu nahi dute alde batetik emakume eta bestetik errefuxiatu izateagatik beraien eskubideak urratzen dituztelako. Datorren hilak 29an ospatuko den ekitaldiak Andrea Momoitio, Pikara aldizkariko kazetaria izango du Mass Medien lana aztertzen. Miren Agur Meabek, idazleak ere parte hartuko du "Babesleku" poesia errezitaldia eskainiz.

Horretaz gain unibertsitateak duen ezagutza sormen eta izaera ikertzailearen ildotik ere bideak jorratzen hasi dira eta aurten gradu amaierako lan batzuk ere errefuxiatuen gaia izango dute aztergai, dirudienez, ‘Ongi etorri errefuxiatuak' plataformaren hazia ereiten hasi baita.

Plataforma eta antolatutako ekimenei buruzko informazio gehiago ondorengo estekan: www.ongietorrierrefuxiatuak.info