euskaraespañol

Elikadura aldatuz Lurra babesten

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/25

Irudia

Joan den irailean, Dietista eta Nutrizionisten Nazioarteko Biltzarra egin zen Granadan, eta ondorio argiak atera ziren bileretatik: klima aldatzen ari da, eta hala elikagaien ekoizpena nola gure elikadura aldatu behar ditugu. Alde horretatik, dietista eta nutrizionistak funtsezkoak dira kontsumitzaileen jokamoldea aldarazi eta dieta osasungarriagoa eta elikadura iraunkorragoa ezartzeko.

Mundu osoan kontsumorako ekoizten den jaki guztien herenak, gutxi gorabehera, galdu edo bota egiten dira elikakatearen fase guztietan, labore eta ekoizpenetik kontsumora arte. Leku industrializatuetan, baina, galeren % 40 elikagaiak kontsumitzaileengana iristen direnean gertatzen dira. AEBen eta Txinaren ondoren, elikagaien hondakinak dira atmosferara isurtzen den CO2aren hirugarren iturri nagusia.

Ekoitzi ondoren kontsumitzen ez diren elikagaiek lurreko 1.400 hektarea inguru hartzen dituzte; hau da, ia-ia munduan landu daitekeen lurraren % 30. Elikagai gutxiago galduko balira alferrik, baliabide naturalen gastua gutxituko litzateke, eta, horrez gain, % 60 murriztuko litzateke 2050eko munduko biztanleria elikatzeko jakien ekoizpena areagotzeko beharra.

Animalia jatorriko produktuek frutek eta barazkiek baino ur gehiago behar dute kontsumorako prest dauden elikagaien kilo bakoitzeko. Hortaz, animalia jatorriko proteina gutxiagoko dieta batek ur gutxiago beharko luke. Uraren falta gosearen eta desnutrizioaren arrazoi nagusietako bat da, eta, horregatik, elikagaien ekoizpena ur gutxiago erabiliz areagotzea da hurrengo urteetarako erronka handienetako bat.

Prozesatu gabeko edo gutxi prozesatutako janariak adin guztietako eta nutrizio egoera desberdinetako pertsonak elikatzeko balio du, eta elikagaiak kontserbatzeak eta modu iraunkorrean erabiltzeak mesede egiten dio bai osasunari bai ingurumenari.

«Iraunkortasuna ez dagokio ekoizteko moduari bakarrik; kontsumitzeko moduari ere badagokio»

Besteak beste, ondorio horiek atera zituzten Granadan egindako Dietista eta Nutrizionisten Nazioarteko Biltzarrean, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztu zituzten gero, elikadura iraunkorrari buruzko jardunaldi batean; han, gainera, "SustainablEating" dokumentala eman zuten.

Giuseppe Russolillo Dietista eta Nutrizionisten Espainiako Akademiako buruaren hitzetan, "elikadura iraunkorrak eragin txikia du ingurumenean, elikagai eta nutrizio segurtasuna hobetzen du, eta bizimodu osasungarria sustatzen du egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat. Azaldu zuenez, dieta iraunkorrek bioaniztasuna eta ekosistemak babesten eta zaintzen dituzte, eta kulturalki onargarriak, ekonomikoki justuak eta erraz eskuratzeko modukoak dira; gainera, nutrizioaren aldetik egokiak, kaltegabeak eta osasungarriak dira, baliabide naturalak eta giza baliabideak hobetzen dituztelako.

Orain, inoiz baino beharrezkoagoa da elikadura sistema iraunkor bat garatzea, baliabide naturalak modu iraunkorrean erabiliko dituena eta elikadura iraunkorra ekoizteko eta dieta eta bizimodu iraunkorra sustatzeko politikak ezarriko dituena. "Iraunkortasuna ez dagokio ekoizteko moduari bakarrik; kontsumitzeko moduari ere badagokio", esan zuen Russolillok.

SustainablEating

Juan Carlos Sabater Calafatek zuzendu du "SustainablEating", lau urtean sortutako proiektua. Filmaketa taldea Ozeanoaren bi aldeetan aritu da grabatzen, Mendebaldeko munduak iraunkortasuna berreskuratzeko eta etorkizunean sustatzeko duen beharra agerian jartzeko. "Aztarna ekologikoaren eta berotegi efektuko gas isurpenen % 25-35 inguru elikagaiak ekoiztean eta kontsumitzean sortzen dira. Ekoizpen iraunkorraren eta elikagaien kontsumo arduratsuaren bitartez, neurri handian murriztu dezakegu kalte ekologikoa", azpimarratu zuen zuzendariak, Arabako Campusean antolaturiko jardunaldian.

Zer transmititu nahi izan duzue dokumentalarekin?
Dokumentalaren bidez, erakutsi nahi izan dugu badagoela elikagaiak ingurumenarekin eta gure inguru soziokultural nahiz ekonomikoarekin arduratsu jokatuz ekoiztea eta kontsumitzea.

Lau urte elikadura iraunkorraren alde gogor lan egiten…
Oraindik ere bide luzea dago egiteko. Gizarteak eguneroko bizimoduan txertatu behar du iraunkortasunaren kontzeptua. Den-denok, bai ekoizleek bai kontsumitzaileek, elkarrekin lan egin behar dugu kontsumitzen dugunaren bitartez ingurumena babesteko.

Benetan alda dezakegu planeta beste modu batera janez gero?
Dudarik gabe, bai. Dokumental hau egitean ondo ikasi dugu, besteak beste, elikatzeko modua askorik aldatu gabe izugarri murriztu ditzakegula berotegi gasen isurpena eta aztarna hidrikoa. Horrez gain, kontuan izan behar dugu jaki ugari galtzen direla elikakateko edozein fasetan, hala ekoizpenean nola geure etxeko mahaian. Ekoizten diren elikagai guztien % 33 alferrik galduko dira. Prozesu horiek aldatu eta optimizatzen baditugu, planeta aldatu ahal izango dugu.

Egoera gorabehera, mezu optimista bat zabaltzen da pelikulan.
Dokumentala planteatu genuen lehen unetik bertatik jakin genuen ez genuela nahi modu negatiboan edo ezkorrean bideratu. Hau da, mezu eraikitzaile bat zabaldu nahi genuen, beste pertsona batzuk gure dokumentaleko pertsonaien ereduari jarraitzera eta bizimodu eta elikadura iraunkorra izatera bultzatzeko.

Filmak mundu osoko herritarrei kontatzen die jateko moduak planeta alda dezakeela eta itsasoan, landa guneetan, landetxeetan eta gu bizi garen lekutik gertu lan egiten duten pertsonei lagun diezaiekeela. Elikagai iraunkorren eta ekologikoen ekoizle primarioen eskutik, ikus daiteke nola ekoitz daitezkeen elikagaiak ingurumenarekin modu iraunkorrean jokatuta. Gainera, iraunkortasunaren alorrean adituak diren mundu osoko nutrizionistetako batzuek planetaren inguruan duten ikuspuntua erakusten dute, eta azaltzen dute elikadura iraunkorraren bitartez nola lagun dezakegun gure ekosistema hobetzen.

Dokumentalaren trailerra.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.