euskaraespañol

Ukrainaren eta Euskadiren arteko lotura

Ukrainako ikasle eta irakasleak UPV/EHUra etorri dira ‘Nazioarteko Kreditu Mugikortasuna' programari esker

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/02

Irudia

Ikasleen mugikortasunari buruz hitz egiten dugunean, beti pentsatzen dugu Erasmus programaren barruko herrialdeetara joatean. Alabaina, iaztik, Erasmus+ programa berriarekin, programa horretan sartzen ez diren herrialdeetara joateko aukerak daude; "herrialde kideak" deitzen zaie horiei. Aukera horietako bat, kasurako ‘Nazioarteko Kreditu Mugikortasuna' deritzona da; UPV/EHUko Nazioarteko Harremanetarako Bulegoak kudeatzen du, eta urtez urte herrialde gehiago biltzen ditu. Bada, programa horietako bat izango dugu aztergai: zehazki, ikasle eta irakasleei Ukrainara joateko bide ematen diena.

Joan den udan, Nerea Madariaga eta Iñaki Moro Letren Fakultateko irakasleak Odessa National Polytechnic University (ONPU) unibertsitatean izan ziren, ‘Nazioarteko Kreditu Mugikortasuna' programarekin, gaztelaniako eskolak emateko Odesako Unibertsitate Politekniko Nazionaleko Institutu Ukrainar Espainoleko ikasleei. "Ikasleetako gehienak gure unibertsitatera eta Valentziako Politeknikora etortzekoak ziren ikasturte honetan", esan du Nerea Madariagak. Madariaga iaz ere izan zen unibertsitate horretan, baina Europako beste programa batekin eta ikerketa egonaldia egiteko.

"Odesan eta beste leku batzuetan egina naiz beste egonaldi batzuk, nire ikerketa pertsonalera bideratuak, baina azken egonaldi hau berria eta agian baliagarriagoa izan da niretzat, ikusi baitut nire lanak unean bertan onurak ematen dituela helmugako unibertsitatean. Hau da, beka honi esker, atzerritarrentzako gaztelaniako uda ikastaroak gauzatu ahal izan ditugu, eta ikusi dugu nola hango ikasleek aurrera egin duten, hizkuntzarekin trebatzen hasi diren…", azaldu du Madariaga ikasleak.

Ikasturte honetan, 18 ikasle ukrainarrek zenbait hilabete emango dituzte Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean. Zehatz esanda, bederatzi ikasle Odesako Unibertsitate Politekniko Nazionalekoak dira; hiru, Kieveko National Technical University of Ukraine ikastegikoak; hiru, Kharkiveko National Aviation Universitykoak; eta beste hiru, Kieveko National Aviation Universitykoak. Haiekin batera, programa berari esker, hiru irakasle ukrainar UPV/EHUn egon dira urri eta azaro artean.

Harrera bikaina

Maria Honcharova eta Olena Kutina dira orain UPV/EHUn dauden ikasleetako bi; Arabako Campusean daude, hain zuzen ere. Mugikortasun programa batean parte hartzen duten lehen aldia da, eta oso pozik eta harriturik daude ezagutzen ari diren herrialdeagatik eta jendearengatik. "Kultura oso interesgarria duzue; guri ezezaguna zitzaigun. Hizkuntza zaila iruditzen zaigu, baina oso ahoskera polita du. Leku zoragarri ugari daude inguru guztietan. Harritu egin gaitu hainbat jarduera doakoak eta edonor sartzeko modukoak izateak: kultur zentroak, katedralak, elizak, museoak… Hitz eginez, oso bizkor ari gara hobetzen gaztelania maila. Jendea oro har oso jatorra da, baita irakasleak ere".

Aldeak ikusi dituzte, halaber, ikasteko moduan eta ikasgeletan: "Dena automatizatuta dago. Ikasgela birtualen edo eGelaren bitartez, eskoletarako behar duzun informazio guztia eskura dezakezu. Irakasgaiak oso ondo egituratuta daude, eta ez dago zure espezialitatearekin zerikusirik ez duen alferrikako ezer". Taldeko lana ere harrigarria egin zaie, ez baitzeuden dinamika horretara ohituak.

Serhii S. Hutyria, ONPUko Institutu Ukrainar Espainoleko zuzendaria, UPV/EHUra etorri diren irakasleetako bat da. Haren ustez, nazioarteko truke programei esker ikasleek eta irakasleek beste herrialde batzuetako irakaskuntza sistemak ezagut ditzakete, nazioarteko giro akademikoan elkarlanean jarduteko esperientzia lortu, eta kultura arteko komunikazioa eta taldeko lana garatu. "Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Letren Fakultatean egon naizenean, ikusi dut mugikortasun programa hauei esker baldintza ezin hobeak daudela hemen, bai ikasle ukrainarrentzat bai irakasleentzat, eskolak emateko, lan eraginkorra egiteko eta Euskal Herri abegitsuan egoteko".

Hutyria irakaslearen iritziz, alde handiak daude UPV/EHUren eta ONPUren artean, tamainagatik, historiagatik, egituragatik nahiz gobernatzeko eta finantzatzeko moduagatik. Halere, bere unibertsitatean aplikatzeko zenbait ideia eramango ditu: ikasleen eta irakasleen lanerako denbora arrazoizko eran erabiltzea apunte elektronikoen aplikazioari esker; Interneteko teknologiak erabiltzea kontsultak egiteko; etxeko lanak entregatzea eta egiaztatzea; eta lanegun osoan zereginen ordutegi malgua izatea, besteak beste. "Atentzioa eman dit eraikinen egoera bikainak ere, liburutegiko ekipamendu modernoak, hezkuntzarako eta zientziarako laborategiek, ikasgelek eta irakasleen bulegoek", esan du, bukatzeko.

Egonkortasun politikoa

Oraingoz, UPV/EHUk ez du ikaslerik bidali Ukrainara, urte hauetan izan den politika aldakorragatik. Aukera hori ez dute bazter uzten, ordea, egoera egonkortzen ari delako, Hutyria irakasleak azaldu duenez. "Gaur egun, gure herrialdea estualdia igarotzen ari da. Era berean, boterearen adar guztiak berritzen ari direnez, errotik erreformatzen ari dira ekonomia eta, are, hezkuntza. Gobernuak Europako Batasunean sartzeko bidea hartu du, eta ukrainar gehien-gehienak horren alde daude. Oraindik ere ez dago dena egina, ezta hurrik eman ere, baina herrialdea jada ez dago ez geldirik, ez atzerako bidean".

Nerea Madariagarentzat, krisiak eta gerrak kalte egin diote herrialdeko ekonomiari, baina politikoki dena lasai dago, nahiz eta jendeak nahiago duen jendaurrean ez hitz egin politikaz. "Edonola ere, ezin da esan Ukraina osoan Odesako egoera bera dagoenik. Izan ere, hiria nahiko berezia da: uda igarotzeko leku tradizional bat da, turista asko erakartzen ditu, herrialdearen batez bestekoa baino aberatsagoa da, jendea alaiagoa eta jatorragoa da, eta biztanleek Ukrainako hiri gehienetakoek baino baliabide gehiago dituzte aurrera egiteko", azaldu du.

Mariak eta Olenak uste dute "gezur asko" esaten direla gatazkari buruz zabaltzen den informazioan. "Guk lagun eta ezagun asko ditugu Errusian, eta oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Eslaviar denek elkarrekin egon behar dute, eta zailtasun politikoek ez gaituzte bereizi behar. Gainera, gure hiria nahiko lasai dago eta oso multikulturala da".

Ildo horretatik, Hutyria irakasleak dei argia egin du: "ONPUren errektoretzaren izenean, UPV/EHUko ikasle eta irakasleak mugikortasun programa honetan aktiboki elkarlanean jardutera gonbidatzen ditut. Hartara, Ukraina bisitatu ez ezik, lagunak eta lankideak aurkitu ahal izango dituzte Odesa eguzkitsuan".

 

Argazkiak: UPV/EHU.