euskaraespañol

‘Hileta', garaile Zaragozako Jaialdian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/09

Irudia

Kepa Sojoren ‘Hileta' film laburrak irabazi du Zaragozako XXI. Zinema Jaialdiko film labur onenaren saria. Zaragozako Jaialdia erreferentziazkoa da estatu osoan, eta sari horrek Goya sarietarako ateak zabaldu dizkio Arabako film laburrari. "Zaragozako Jaialdia Espainiako garrantzitsuenetako bat da, eta lehiaketa hau irabazteak Goya sarietara aurkezteko aukera ematen dizu", esan du Sojok.

Kepa Sojo, UPV/EHUko Letren Fakultateko Artearen eta Musikaren Historia Saileko irakaslea, oso ezaguna da film laburren munduan, ‘100 maneras de hacer pollo al txilindron' (1997) zuzendu zuenetik. 2015ean Goya sarietarako izendatu zuten ‘Loco con ballesta' film laburragatik, eta aurten aurrenekoz parte hartu du Kimuak hautaketan, ‘Hileta' lanarekin hain zuzen ere. Izenburuak berak adierazten duen moduan, filmak hileta baten inguruko istorioa kontatzen du, 1925ekoa, Martikorena familiak Inge gazteari agur esan zionekoa. Istorioa Carl Theodor Dreyerren ‘Ordet' filmeko sekuentzia batean oinarrituta dago, baina zuzendari arabarraren zigilu nabaria darama.

CORTADAko saridunen zerrenda

Bestalde, CORTADA jaialdiak XX. edizioko sariak banatu zituen joan den abenduaren 3an. UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzak antolatzen du jaialdia, Vital Fundazioaren eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin. CORTADA guztiz finkatuta dago zinema sariketen egutegian, eta hala Euskal Herrian nola Espainian erreferentea da formatu txikiko zinemagintzaren esparruan. Honako sari hauek banatu ziren:

- Lehenengo saria: Juanjo Giménezen ‘Timecode'.
- Gureak saria. Euskal film labur onena: Mikel Ruedaren ‘Caminan'.
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Sendoa Cardosoren ‘El divino'.
- Dokumental onena (ex aequo): Las Chicas de Pasaik-en ‘Gure hormek' eta Javi Ginerren ‘Julia de Castro de la Purissima. Anatomía de una criminal'.
- Animazio onena: Ageda Kopla Taldearen ‘Beti bezperako koplak'.
- Ikusleen saria: Rubén Salazarren ‘Villa Mnemósine'.
- Hemengoak saria: Ilune Díazen ‘Impulso'.
- Unilabur saria: Marc Barcelóren ‘Mater salvatoris'.
- Ehulabur saria: Sergio Juarrosen ‘Actores de reparto'.
- Freaky Power saria: Alejandro de Vegaren ‘Piel canela'.

Iaztik, CORTADA jaialdiak kalifikazioa ematen du hala Goya sariak nola EGEDA Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizleen eskubideak kudeatzeko erakundeak ematen dituen Forqué sariak eskuratzeko.