euskaraespañol

Arte Ederretako ikasleen Gradu Amaierako Lanen III. Erakusketa

Pinturak, argazkiek, eskulturek, instalazioek, modak eta bideoarteak Bizkaia Aretoko lehen solairu osoa bete dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/22

Irudia
Algunos de los autores y autoras de las obras

Estíbaliz Gutiérrezek, Iker Txabi Gaunak, Lorea Artolak eta Adrián Lópezek Arteko Gradua burutu berri dute. Prestakuntza inoiz ez da amaitzen, baina pixkanaka bidea egiten da. Bada, lau ikasle hauek Bizkaia Aretorainoko bidexka ibili dute, eta han, Arte Ederren Fakultateko beste ikaskide batzuekin batera, euren gradu amaierako lanak erakutsi dituzte, hots, euren artelanak. Hain zuzen, Bizkaia Aretoan 2015/2016 ikasturtean titulua eskuratu duten ikasleen 40 lan eta 200 dosier baino gehiago egongo dira ikusgai urtarrilaren 5era arte.

Estibaliz Gutierrezek ‘Larrosa' izeneko obra erakutsi du, prostituzioaren inguruko estereotipoak salatzea helburu duen lan bideografikoa. "Askabiden, prostitutei laguntzen dien elkarte batean, boluntario ibili nintzen ofimatika ikastaroak ematen, eta prostituten inguruan zenbat estereotipo dauden ikusi ahal izan nuen. Nire lanean erreferentziazkoa ez den espazio bat sortu nahi izan dut, estereotipoen mundutik aldendua, eta, horregatik, aktoreei esan genien nahi zutena eginez antzez zezatela, aldez aurretik ezer pentsatu gabe. Bestalde, lanaren izenburuak (‘Larrosa') loreari eta feminitatearekin lotzen den kolore bati egiten die erreferentzia… Estereotipoekin jolastu nahi izan dut", azaldu du.

‘Vista regia nire burua diluitu dezaket' du izena Iker Txabi Gaunaren lanak. Giza naturari buruz gogoeta egiten duten 9 argazki bildu ditu: "Lanean, neure buruari galdetzen diot ea berez garen gaiztoak. 9 argazkiak hiruna argazkiko hiru sailetan daude banatuta, eta hiru sailek erotismoa, sexualitatea eta beldurra jorratzen dute. Besteak beste psikoanalisian eta Nietzschen oinarritu naiz, eta, teknikari dagokionez, bokeh izeneko argazki teknika erabili dut: argazkiak gaizki fokuratuta daude, ikusleek gerturatu behar izan dezaten ikustera, behatzera, ikertzera…".

Arte Ederretako ikasleen Gradu Amaierako III. Erakusketaren asmoa da jendeak ikasle horien lanak ezagutzea, ikustea zer-nolako dedikazioa eta talentua duten gazteok. Lanak urtarrilaren 5era arte ikusi ahalko dira, Bizkaia Aretoko lehen solairuan, 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera, doan.

Eskultura ozena

Lorea Artolak betidanik atsegin izan du moda, eta, horregatik, bost jantzik osatzen dute ‘Zimurrak' izeneko haren proiektua. "Ikuspegi artistikoa kontuan hartuta sortu ditut jantziak, zimurrak landuz, jantziak inguratu, apaindu ditzaten. Oihal desberdinetara moldatu behar izan dut. Oihal batzuek azalarekin bat egiten dute, eta forma berezi-bereziak sortu", esan du.

‘Artefacto nº 5' du izena Adrian Lópezek aurkeztu duen "eskultura ozenak". Lorearen gradu amaierako lanak moda eta artea uztartzen ditu, eta Adrianenak, berriz, haren bi pasioak: musika eta artea. Adrian Oxabi-Erromeria taldeko tronpeta jotzailea da, baina haren ‘Artefacto nº 5' lanak gitarra eta kaxa flamenkoa ditu oinarri: "Elementu birziklatuak erabiliz sortu dut, eta esan genezake hari 'kolpekatuko' musika tresna bat dela. Nire konposizioak eta inprobisazioak jotzeko prest dago".

Adrianen, Lorearen, Iker Txabiren eta Estíbalizen lanez gain, beste 36 ikasleren eskulturak, pinturak, instalazioak eta lan bideografikoak daude ikusgai. Aukera ezin hobea da Bizkaia Aretora joan eta Euskadiko arterik ausartena zein bidetatik dabilen ikusteko.

Halaber, datorren astean, abenduaren 29an, 17:30etatik aurrera, María Muriedas, Adrian López, Esti Otermin eta Maialen Belaustegi ikasleen performance-ak, soinudun ekintzak eta proiekzioak ikusi ahal izango dira Bizkaia Aretoan.

Argazki oina: Estibaliz Gutiérrez, Iker Txabi Gauna, Lorea Artola y Adrian López, María Muriedas eta Mikel Erkiagarekin batera