euskaraespañol

‘Beti Bezperako Koplak', Rotterdamgo IFFR Nazioarteko Zine Jaialdian

Euskarazko film labur honek emakumeen aurkako indarkeria salatu eta arrakasta handia lortu du estatuan eta nazioarte mailan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/26

Irudia
Maialen Lujanbio bertsolaria filmaren egileekin

UPV/EHUko ikasle, ikasle-ohi eta irakasle talde batek sortutako Beti Bezperako Koplak animaziozko film laburra Rotterdamen izango da urtarrilaren 25etik otsailaren 5era arte ospatuko den IFFR jaialdian parte hartzen. "Beste zineari", alegia, zine ez komertzialari, eskaintzen zaion Europako zine jaialdirik ospetsuenetakoa da IFFR, eta itzal handia du nazioartean.

Andere Molinuevo, film laburrean parte hartu duen ikasleetako bat, animatzaile lanetan aritu da eta filmeak izan duen harrera izugarri onak harritu dituela onartu du "behin eta berriro errepikatzen diogu elkarri itzela dela bizitzen gabiltzana, nahiz eta kontsiente izan gure lanaren indarraz, kanpotik jasotzen ari garen erantzuna oso baikorra da; berri onak une oro, eta hori ez zuen inork espero".

Maialen Lujanbiok sortutako koplen gainean, modu kolektiboan egindako pelikula da 'Beti Bezperako Koplak' eta emakumeen aurkako biolentzia matxistaren gaitzespena eta salaketa egiten du. Begoña Vicario UPV/EHUko Arte Ederretako irakaslearen koordinaziopean 20 artista gaztek -eta ez hain gaztek- jardun dute lanean: Kote Camacho, Naizu Mauleon, Ibon Markaida, Arrate Lopez, Mariñe Arbeo, Izibene Oñederra, Alots Arregi, Xara Agirre, Irantzu Yaldebere, Iosune Etxarte, Ximon Agirre, Malen Amenabar, Aitor Oñederra, Roberto Zabarte, Jon Munarriz, Jon Zurimendi, Zaloa Ipiña, Oihana Leunda eta Andere Molinuevo.

Proiektuaren hastapenak 2016ko otsailean kokatzen dira, "Agate deunaren bezperan, fakultaterako bidean Euskadi Irratiaren bidez Maialen Lujanbioren bertsoak entzun nituen eta hunkituta heldu nintzen gelara" azaldu du Bego Vicariok. "Berehala jarri nien ikasleei eta animazioren bat egingo genuen proposatu, baietz esan zidaten eta gero ikasle ohiekin ere hitz egin nuen eta taldea osatu genuen".  Andere Molinuevok bere aldetik dena "kasualitate hutsa" izan zela esan du,  "niri adibidez lagun batek komentatu zidan eta atoan animatu nintzen parte hartzera. Hasieran ez zegoen ezer oso argi baina denborarekin forma hartu zuen denak, Maialenek baimena eman zigun bere bertsoak erabiltzeko eta proiektuak aurrera egin zuen", gaineratu du artista gazte honek.

Maialen Lujanbiok Santa Agueda egunaren harira eginiko indarkeria matxistaren kontrako bertso horiek dira lanaren ardatz nagusi. Maialenek koplak irakurtzen dituen einean makil-hotsak entzun daitezke, Xabier Erkiziak, musikari eta artista lesakarrak eginak. "Bertsoek indarra zeukaten eta animazioan ere asmatzen bagenuen hortik irtengo zena ez zen edozer izango", adierazi du Molinuevok. Lanari ekin ziotenetik "zerbait berezian" parte hartzen zutela ohartu ziren.

Arrakasta nazioartean

Euskal tradizioaren eta ikus-entzunezko esperimentazioaren bidegurutzean kokatzen da filma eta oso modu eraginkorrean lortu du biak elkarrekin uztartzea. Euskaraz sortu eta euskaraz landutako proiektu bat izan da hasiera hasieratik eta Maialen Lujanbioren ahotsean euskara eramaten ari da munduko bazter guztietara.

'Beti Bezperako Koplak' UPV/EHUren beraren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egindakoa da eta oso ibilbide arrakastatsua izaten ari da bai Euskal Herrian, bai Espainiar Estatuan baita nazioartean ere, jaialdi ugaritan parte hartuz eta hainbat sari irabaziz. Besteak beste, honako jaialdietan: Lekeition, Eibarren, Gasteizko Cortadan, Alcalako Alcinen, Aguilar de Campooko FICA jaialdian edo AEBtako Short Story Film Festivalen,  eta parte hartzeko aukeratu dute beste hainbat jaialdi eta ekitalditan ere. Poloniako Zubroffka Film Festivalen, Buenos Aireseko Mujeres en Foco jaialdian eta Peruko VideoBabelen izan zen 2016an zehar eta 2017a ere abiada onarekin hasi du: Valentziako Dona i Cinema jaialdian izan da eta Bartzelona edo Palentziara joango da berehala. Nazioartean, berriz, Rotterdamgo IFFR jaialdiaz gain, Stuttgarteko 300. Stuttgarter Filmwinter jaialdian, Clemont Ferrandeko Videoformes edo Cairoko Video Festivalen ere izan da aukeratua.

Rotterdameko jaialdian egoteak asko suposatzen du egileentzat. "Oso festibal inportantea da, izen handikoa eta honek taldearen prestigioa nabarmenduko du", esan du Anderek. Vicario ere ilusioz beterik dago "baina ziur aski ilusio handiena egiten diguna zera da, bertsogintza eta euskara munduko bazterretan egotea".

Proiektua unibertsitatean jaio eta unibertsitatean ere estreinatuko da otsailaren 8an, asteazkenean goizeko 10:30ean UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan, Juliana Agirrezabala aretoan, Maialen Lujanbio eta Begoña Vicario bertan izango direlarik.