euskaraespañol

Goi Erdi Aroko gizarteak zeramikaren bitartez ezagutzen

UPV/EHUko azterlan batek orduko gizarteen konplexutasun sozial eta politikoa ikertu du, Burgosko eta Arabako 15 aztarnategitan aurkituriko zeramikaren analisi kimiko eta petrografikoaren bitartez

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/22

Irudia
Francesca Grassi. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Francesca Grassi, Euskal Herriko Unibertsitateko Madame Curie ikertzailea eta Sienako Unibertsitateko Erdi Aroko Arkeologiako doktorea, Burgosko eta Arabako 15 aztarnategitako VI. mendetik X.era arteko zeramika ekoizpenen azterlan morfologikoa egiten ari da, Gaztelako Goi Erdi Aroko gizarteen konplexutasun sozial eta politikoa ikertzeko asmoz.

Goi Erdi Aroko herrixketan, nekazariak lurra eta zura bezalako oinarrizko elementuez eraikitako etxoletan bizi ziren. Etxeotan, gune batzuk bizitoki gisa erabiltzen zituzten, eta beste batzuk, berriz, biltegi gisa (siloak) edota eskulanak egiteko. Garai hartako herrixketan, IX. eta X. mende aldera, eliza txikiak eta monumentaltasun gutxiko hilerriak eraiki ziren. Francesca Grassi arkeologoaren helburua da, hain zuzen ere, gizarte haien konplexutasun sozial eta politikoa aztertzea, zeramika kontsumoaren ekoizpena, banaketa eta ereduak oinarri hartuta. Horretarako, aztarnategietan aurkitutako zeramikaren analisi kimiko eta petrografikoa egin du.

"Hau ez da datu zeramikoak aztertzeko ohiko lan bat; izan ere, azken xedea da Goi Erdi Aroko herrixka haiek nolako bizimodua zeramaten jakitea eta lurraldeko ekonomiaren eta alderdi sozial eta politikoen historia berregitea. Horretarako, 15 aztarnategi aukeratu ditugu, denak ere Goi Erdi Aroko nekazarien herrixken erakusgarriak, hiru eremu nagusitakoak: Arabako lautadakoak, Miranda Ebroko arrokoak eta Goi Erribera ingurukoak. Hiru eremu horiek askotarikoak dira. Alde batetik, Arabako lautada inguru oso itxia da ikuspuntu sozial eta ekonomikotik, ez baita aurkitu arrotik kanpoko beste materialik. Beste bi eremuak, berriz, irekiagoak dira, Goi Erribera ingurua batik bat, han baitzegoen Gaztelako konderri zaharraren erdigunea; konderri hura Goi Erdi Aroan eratu zen, eta erreferentziazko kokaleku ugari zituen Goi Erriberan", azaldu du Francesca Grassik.

Miranda Ebroko arroa eta Goi Erribera ingurua, gainera, irekiagoak izan ziren zeramikaren kontsumoari dagokionez ere, eta horrek nabarmenago egiten ditu hiru eremu horien arteko alde sozial, politiko eta ekonomikoak. "Zeramika kontsumoaren motan igar daitezke aldeak. Aztarnategi batzuetan, adibidez, zeramika inportatuaren edo beste eremu batzuetan ekoitzitakoaren arrastoak topatzen dira, eta beste aztarnategi batzuetan ez. Hori oso datu garrantzitsua da berez, desberdintasun soziala markatuko duelako. Tipologiari dagokionez, aztarnategi batzuetan estaldurarik gabeko zeramika aurkitu dugu, ore lodiz edo araztuz egindakoa, eta litekeena da oinarrizko funtzio bat baino gehiago edukitzea: kozinatzeko, jateko edo gauzak gordetzeko ontzi gisa erabiltzeko… Biltegi batzuetan, baina, aurkitu dugu zeramika pintatua ere, estaldurarik gabea baina engobe gorriz ekoitzitako pintura duena. Zeramika horrek ere oinarrizko funtzio bat zuen, mahaian ura zerbitzatzekoa eta gauzak gordetzekoa esaterako, eta badirudi Ebro inguruan ekoitzi zela, baita aztarnategietatik oso urrun zeuden tailerretan ere. Halere, datu hori hasiera-hasierakoa da oraindik, aztertu beharreko analisi arkeometrikotik ateratakoa", esan du ikertzaileak.

Bideoaren transkripzioa

EARMEDCASTILE proiektua (The formation of the State in Early Medieval castle: craft production and social complexity), Europako Batasunak diruz lagundua (Grant Agreement N. 656540), 2015eko udan hasi zen, eta aurtengo uztailean bukatuko da. UPV/EHUko Letren Fakultateko Ondarea eta Kultur Paisaiak ikerketa taldea ari da azterlana egiten, Juan Antonio Quirós Castillo Arkeologiako katedradunak gidatuta, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Saileko Luis Angel Ortega, Ainhoa Alonso Olazabal eta Mª Cruz Zuluaga ikertzaileen eta Sienako Unibertsitateko (Italia) Lurraren Zientzien Saileko Cristina Fornacelli eta Isabella Memmi Turbanti ikertzaileen laguntzarekin.

Arkeometriako nazioarteko topaketa

Ikerketarekin bat, Arkeometriako Nazioarteko I. Topaketa egin zen UPV/EHUko Letren Fakultatean, Europa hegoaldeko antzinako gizarteen azterketa historiko eta arkeologikoa ardatz hartuta, eta bereziki zeramiken analisi arkeometrikoetan sakonduta. "Gai hau goitik behera ari da aldatzen iraganeko kultura materialaren inguruko ezagutza Europa osoan, baina oraindik ere nahiko errotuta dago Europa hegoaldean–adierazi du Francesca Grassik–. Hori dela eta, metodologia horiek erabili nahi dira, lehenengo aldiz eta modu kritikoan, penintsularen iparraldeko gizarteak sakon aztertzeko. Mediterraneoak edota Erresuma Batuak ez bezala, penintsularen iparraldean ez da egin azterlan arkeometriko sakonik, eta horrek asko oztopatu du zeramika ekoizpenen karakterizazioa eta ekoizteko eta banatzeko mekanismoen analisia. Topaketan, lehen aldiz elkartu ziren hainbat diziplinatako profesionalak, hau da, Espainian eta Italian jarduten duten arkeologoak, geologoak eta petrografoak. Haien tematikak lotura zuzena du orain gauzatzen ari naizen Earmedcastle Europako proiektuarekin". Hemendik gutxira, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak topaketari buruzko edukia argitaratuko du ebook formatuan, Open Access-en editatzeko.

Egileari buruz

Francesca Grassik Erdi Aroko Arkeologiako lizentzia eta doktoregoa atera zituen Sienako Unibertsitatean, eta ‘Specialista in Archeologia' graduondoko ofizialaren titulua lortu zuen Triesteko Unibertsitatean. Ikertzaile aritu da Sienako Unibertsitatean, Italian, eta, gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Marie Curie ikertzailea da. Hainbat arkeologia proiektu landu ditu Italiako zenbait eskualdetan eta Espainian, Erdi Aroko gizarteen analisian oinarrituta. Gainera, eskarmentu zabala du prebentziozko arkeologiaren arloan. Ikertzaile ibili da Sienako Unibertsitateko Arkeometria Laborategian, eta Riccardo Francovichek diruz lagundutako unibertsitate bereko ikertaldearen material arkeologikoei buruzko azterlanaren atala zuzendu du. Bost liburu argitaratu ditu (bat prentsan), eta 34 artikulu eta liburu kapitulu Europako zenbait herrialdetan. Hauek ditu ikergai nagusiak: ekoizpenaren arkeologia, nekazarien arkeologia, konplexutasun soziala, zeramika, analisi arkeometrikoak eta material zeramikoen banaketa eta kontsumoa.