euskaraespañol

Zaldi haragia, osasungarria giza kontsumorako

UPV/EHUko ikerlan batek penintsularen iparraldeko zaldi haragiaren gantz azidoen konposizioa aztertu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/07

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Lactiker ikertalde finkatua azterlan bat egiten ari da penintsularen iparraldeko autonomia erkidegoetako establezimendu handi eta txikietan merkaturatzen den zaldi haragiaren nutrizio kalitateari buruz. Lehen emaitzen arabera, produktuok omega-3 motako gantz azidoen iturri izan litezke.

UPV/EHUko Lactiker, animalia jatorriko elikagaien kalitatea eta segurtasuna ikertzen duen ikertalde finkatua, zaldi haragiaren nutrizio kalitatea aztertzen ari da orain; bereziki, gantzen kalitatea. Hain zuzen ere, penintsularen iparraldean giza kontsumorako ekoizten den zaldi haragiaren ekoizpena ikertzen dihardute, hala nola honako gai hauek jorratzen dituen beste ikerketa proiektu zabalago baten barruan: zaldi haragiaren ezaugarri sentsorialak, kontsumitzaileen onargarritasuna, genomika, elikadura, autentifikazioa, trazabilitatea eta alderdi etiko eta sozioekonomikoak. Noelia Aldai irakaslearen esanetan, "asmoa da zaldi haragia baldintza iraunkorretan ekoitz dadin sustatzea, kontsumitzaileek erosi ahal izango duten kalitate oneko jaki osasungarri bat lortzeko, ekoizpenaren baldintzak betez eta animalien ongizatea eta ingurumenaren kontserbazioa zainduz".

Ikerketaren zati esperimentaletako batean, Espainia iparraldeko Kantauriar mendikatearen albo bietan merkaturatzen den zaldi haragiaren nutrizio kalitatea ebaluatu da. "Diseinu esperimentala egiteko, harategi espezializatuetan eta saltoki handietan merkaturatzen den zaldi haragiaren laginak hartu ziren urteko bi sasoitan (udaberrian eta neguan). Penintsularen iparraldeko sei autonomia erkidegotan hartu ziren laginak: Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Kantabrian, Asturiasen, Galizian eta Gaztela eta Leonen", esan du Xabier Belaunzaranek, taldeko ikertzaileak.

Azterlanaren emaitzek erakutsi dutenez, lagin gantzatsuenak Nafarroakoak eta Gaztela eta Leongoak ziren, eta giharrenak, berriz, Asturias eta Galiziakoak; Euskadikoek eta Kantabriakoek, azkenik, tarteko gantz mailak zituzten. "Eskualdeen arteko aldakortasun horrek agerian jarri zuen alde nabarmenak daudela animaliak erabiltzeko moduan, eta badirudi arraza, elikadura eta hiltzeko adina direla faktore esanguratsuenak –azaldu du Belaunzaranek–. Oro har, omega-3 motako gantz azido poliinsaturatu gehiago aurkitu zen neguan bildutako laginetan, seguru asko animaliak mendiko larreetan hazi zirelako udazken bukaerara arte". Gainera, "interesgarria da azpimarratzea azterturiko zaldi haragiaren laginen % 5 baino gehiago haragi freskoaren 100 gramo bakoitzeko azido linoleikoaren 300 miligramoko gutxieneko edukira heldu zirela. Europako Batzordearen 116/2010 Araudiak, produktua omega-3 motako gantz azidoen iturri gisa etiketatu ahal izateko, gutxieneko eduki hori exijitzen du", gehitu du ikertzaileak.

Fase esperimentalaren aurretik, zaldi haragiaren kalitateari buruzko bibliografia berrikusi zen, jakiteko kalitatea nolakoa den gaur egun, ezagutza horretan zer hutsune dauden eta ikerketarako zer aukera dauden. Berrikuspen horretan, datuak bildu ziren ikusteko ea mundu osoan biztanle bakoitzeko zenbat zaldi haragi ekoizten eta merkaturatzen den eta zenbat dagoen eskuragarri, batetik, eta zaldi haragia formatu handiko espezie gisa erabiltzeak zer ondorio dituen eta kontsumitzaileek zenbateraino onartzen duten, bestetik. Ikusi zenez, "animaliok beste espezie hausnarkari batzuen aldean abantailak izan litzakete mendiko larreak erabiltzeko orduan, euren digestio fisiologia dela eta. Izan ere, zaldien digestioak eraginkortasun handiagoz transferitzen ditu omega-3 motako gantz azido poliinsaturatuak larreetatik haragira, eta trans motako gantz azido gutxiago metatzen ditu; gainera, berotegi gas gutxiago isurtzen dute ekoitzitako haragi unitate bakoitzeko", esan du, bukatzeko, Xabier Belaunzaranek.

Erreferentzia bibliografikoa