euskaraespañol

Micaela Portilla Ikergunea inauguratu da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/10

Irudia
Inaugurazioan egon diren agintariak eta Micaela Portillako ikertzaileak (Nuria Gonzalez. UPV/EHU)

Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela, izan da Euskal Herriko Unibertsitateko Micaela Portilla Ikergunearen inaugurazio ofiziala. Ikergune honek Giza eta Gizarte Zientzietako ikerketa zientifikoari zerbitzu emateko balio izango du. Ekitaldian ondokoak ere izan dira: UPV/EHUren errektore Nekane Balluerka, Arabako diputatu nagusi Ramiro González, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte.

Instalazioak bisitatu ondoren, Nekane Balluerka errektoreak adierazi du "Micaela Portilla Ikergunea aurrerapauso berri bat da, Arabako Campuseko azpiegitura zientifikoak sendotzera bideratua. Zientzia Esperimentaletan eta Osasun Zientzietan diharduen Lascaray zentroari gehitu zaio orain zentro berri hau, Giza eta Gizarte Zientzien ikerketara zuzendua. Gainera, zentro honek beste funtzio bat betetzen du, garrantzi berekoa: euskal emakumeek egindako ikerlana aldarrikatzea, aspaldi batean ekindakoa, eta Micaela Portilla da horren erakusgarri bikainenetakoa".

Micaela Portilla Ikergunea abian jarrita ikerketaren erreferentzia bilakatuko da Euskal Herrian, arretagune izango dituen eremuetan, gaur egun ez baitago antzeko ezaugarririk biltzen duen zentrorik. Bertan, aukera izango dute diziplina zientifiko horietako bikaintasun ikertaldeek hainbat baliabide eskueran izateko –gune bereziak, laborategiak eta azpiegitura teknikoak eta giza azpiegiturak–, betiere kalitateko ikerketari ahalik eta erantzunik onena eman diezaioten.

Eraikin berriak hizkuntzalaritzako bi laborategi ditu (Hizketaren Pertzepzioko Laborategia eta Hizkuntzalaritza Esperimentaleko Laborategia), baita Arkeologiako beste hiru laborategi ere. Gainera, eremu partekatu batzuk ditu, gehienbat bilera-gelak, mintegietarako eta emaitzak aurkezteko lan-gelak (bakarkako nahiz taldeko lanerako) baita ekitaldi-areto bat ere. Bestalde, ikerguneak barnean hartu ditu bai Chair on Cultural Landscapes and Heritage UNESCO Katedra bai Arabako Campuseko Master eta Doktorego Eskolaren egoitza.