euskaraespañol

Esteban Anchustegui irakaslea Italiako Senatuan izan da

Siziliako autonomiari buruzko liburu baten aurkezpenera gonbidatu zuten

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/12

Irudia

Esteban Anchustegui, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea, Italiako Errepublikako Senatuan izan da orain gutxi. Hain zuzen ere, Gaetano Armaok eta Marcello Saijak Sizilia eskualdearen autonomia administratiboaren hirurogei urteko esperientziari buruz argitaratutako liburua aurkezteko ekitaldian parte hartzera gonbidatu zuten Anchustegui irakaslea. Italiako Senatuko Palazzo Giustinianiko Zuccari aretoan izan zen ekitaldia, eta Italiako erakundeetako aditu eta ordezkari entzutetsuak izan ziren han.

Ekitaldian, Siziliako autonomiaren iragana, oraina eta etorkizuna izan zituzten aztergai. Horretarako, hizlarien mahaian, Gaetano Savatteri kazetari famatuaren gidaritzapean, hizketan aritu ziren Esteban Anchustegui irakaslea; Guido Corso Senatuko presidentea, Mafiaren Aurkako Batzordeko buru izandakoa; Mario Ferrara senataria, Grandi Autonomie e Libertà taldeko burua eta egitasmo honen sustatzailea; Francesco Bonini, Erromako LUMSA Unibertsitateko errektorea eta eskarmentu handiko historialaria; Guido Corso irakaslea, Erromako La Sapienza Unibertsitateko legelari ezaguna; eta Gianpero D'Alia, Errepublikako Senatuaren Eskualdeko Auzietarako Parlamentu Batzordeko burua.

Esteban Anchusteguik mahai gainean jarri zuen euskal autonomiaren funtsa dela "autonomia fiskalak berekin dakarren ardura; izan ere, benetako autonomia bat ezinezkoa da dagokion ardura kuota onartzen ez bada. Euskal Herriak erronka handiak gainditu ahal izan ditu urte hauetan, autonomia fiskala kudeatzen eta bideratzen jakin duen kultura autonomiko bati esker. Bestalde, historiak erakusten digunez, Siziliako estatutu bereziak botere fiskal garrantzitsuak zituen arren, eskumenok galduz joan dira liburuan aztertutako hirurogei urteetan", azaldu zuen.

Hori oinarri hartuta, Marcello Saijak, liburuaren egileetako batek, hauxe azpimarratu zuen: "Siziliako autonomia klase gidarien pribilegiotzat hartu izan da, eta horrek bertan behera utzi ditu hazkunde ekonomiko eta zibilerako aukera guztiak".

Ildo horretatik, Gaetano Armaok, liburuaren beste egileak, autonomiaren bestelako ikuspegi bat eman zuen: "Italiako autonomia orokorraren oinarria aldatu egin da azken urte hauetan. Hala, Aostako Harana, Trentino-Adige Garaia eta Friuli-Venezia-Julia eskualdeak, esaterako, beste estatu batzuekin gatazkan zegoen estatu baten muga ziren hasieran; orain, berriz, Europako eskualdeotan modu intentsoan gauzatzen dira europar nortasuna eta praktika, mugaren funtsari erreparatu gabe. Sizilia, kontrara, Europako eskualde marjinal bat zen hasieran; orain, berriz, Europako muga bihurtu da, eta Afrikako migrazio mugimenduekin sortzen ari den gatazkari eusten dio. Eta errealitate berri horri Italiako klase gidariaren jardunbidea gehitu behar diogu, disfuntzio nabarmenei iraunaraztea erabaki baitu".

Testuinguru horretan, liburuaren bi egileek autonomia nola berrantolatu azpimarratu zuten: "Autonomiaren berrantolaketak ez du konstituzionala izan behar; batik bat, kulturala behar du izan. Eta erdialdeko Europarekiko harremana pribilegiatuko duen benetako kultura autonomiko batetik sortu behar da; eskualdeen Europa izan behar du oinarri, eta egungo muga nazionalak murriztu behar ditu".

"Izan ere, hain zuzen komunikazio eta elkarrekiko ezagutza honen harira sortu dira maila handiko gogoetak, eta horretan jarraitu behar da", adierazi zuen Anchustegi irakasleak.