euskaraespañol

Claudio Palomo eta José Mª Asua saritu ditu Espainiako Kimikako Errege Elkarteak

Claudio Palomori elkartearen Urrezko Domina eman diote, eta José Mª Asuari, berriz, Ikerketaren Bikaintasun Saria

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/28

Irudia
José María Asua eta Claudio Palomo (ezk-esk). Argazkia: UPV/EHU

Espainiako Kimikako Errege Elkartearen 2017ko Sarien epaimahaiak, alde batetik, Urrezko Domina eman dio, eman ohi duen sari gorena, UPV/EHUko Kimika Organikoko katedradun eta Kimika Organikoa I Saileko zuzendari Claudio Palomo Nicolauri, eta, bestetik, Ikerketaren Bikaintasun Saria eman dio Ingeniaritza Kimikoko katedradun eta POLYMAT Basque Center for Macromolecular Design and Engineering zentroko zuzendari José María Asua Gonzálezi. Nabarmentzekoa da UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakasle biek Ikerketaren Euskadi Saria jaso zutela Zientzia eta Teknologiaren modalitatean, 2008. eta 2005. urtean hurrenez hurren.

"Espainiako Kimikako Errege Elkartearen urrezko domina honek-dio Clausio Palomo irakaslek- gure ibilbide zientifikoarentzat aitortza bat suposatzen du, eta pozgarriena esparru ezberdinetako kimikariek ematen dutela da, zeintzuek lan zientifikoaren kalitatea eta nazioarte mailako gidaritza gaitasuna aitortzen eta balioztatzen duten".

José María Asua irakasleak aldiz dio "RSEQ-en Ikerketaren Bikaintasun Saria jasoko nuela jakinarazi  zidatenean, hamaika sentipen etorri zitzaizkidan burura: poztasuna, lortutakoagatik harrotasuna, elkarlanean egindako ekarpenengatik hainbat lankiderentzat eta ikaslerentzat suposatzen duen aitortza delako baita alaitasuna ere; eta esker ona bai familiarentzat, bai lagunentzat eta erakundeentzat, batez ere nire unibertsitatearentzat, zeinaren laguntza gabe ezingo zen posible izan honelako zerbait. Lehen une hori pasatu ostean, aitortza hori akuilu bat izango da polimeroen ikerketaren inguruan ditugun hamaika erronkei ekiteko".

Claudio Palomo Bartzelonan jaio zen (Espainia), 1951n. Kimika ikasi zuen Sarriáko Kimika Institutuan (IQS), Bartzelonan, eta kimikako ingeniariaren titulua atera zuen han bertan 1975ean. Farmaziaren industrian bi urte lanean eman ondoren, Kimikako lizentzia lortu zuen 1979an Bartzelonako Unibertsitatean. Urte horretan, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Sailera lekualdatu zen, eta doktorego tesia idatzi zuen R. Mestres irakaslearen zuzendaritzapean. 1983an doktore titulua eskuratu zuen, eta, UPV/EHUn bertan doktorego ondoko lanean bi urtez aritu ostean, irakasle titular bihurtu zen. 1989. urtean Kimika Organikoko Katedra atera zuen, eta handik bi urtera irakasle bisitari gisa batu zitzaion H. Rapoport irakaslearen ikertaldeari, Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn. 1992an UPV/EHUra itzuli zenetik, Espainiako nahiz atzerriko erakunde akademikoetan eta beste ikerketa erakunde batzuetan hitzaldiak eta mintegiak emateko gonbidapenak jaso ditu aldian-aldian. Hoffmann la Roche Lecturer-1992 izan da (Basel, Suitza), IUPAC Lecturer-2000 (Warsaw, Poland), Lilly Lecturer-2005 (Madril, Espainia), Antonio Gonzalez Lecturer-2006 (Tenerife, Espainia), Serratosa Lecturer-2006 (Bartzelona, Espainia), EURJOC Lecturer-2012 (Lisboa, Portugal) eta Barluenga Lecturer-2015 (Oviedo, Espainia). Lider gisa parte hartu du Europako Marie Curie (MCHT-099-01246) eta CE (INTAS 93-1411) jardueretan, eta partaide gisa Plan Science SC1 CT 91/0646 (1992); COST Acción DI2 / 0020/99 (2009), Acción COST CM0803 (2010) eta Acción COST CM0905 (2011) jardueretan. Zuzentzen duen taldea, ikertalde finkatu eta errendimendu handikotzat dago sailkatuta. Palomo, gainera, UPV/EHUko Kimika Organikoa, Sintesi eta Katalisia UFI 11/22 Prestakuntza eta Ikerketa Unitatearen koordinatzailea da, eta CASI Bikaintasun Sarearen koordinatzaile nazionala. Gaur egun, Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Kimika Organikoa Taldeko presidenteordea da. Sari hauek jaso ditu: IQS, Padre Salvador Gil, 1976; Doktorego Tesiaren Saria, (UPV/EHU, 1983); Kimika Organikoaren Saria (Espainiako Kimikako Errege Elkartea, 2002); Ikerketaren Euskadi Saria (Eusko Jaurlaritza, 2008); Urrezko Domina (Espainiako Kimikako Errege Elkartea, 2017). 46 doktorego tesi zuzendu ditu, eta 200 ikerketa artikulutik gora eta zenbait patente argitaratu. Haren ikerlanaren ardatza karbono-karbono loturak sortzeko erreakzio estereoselektiboak, katalisi asimetrikoa, organokatalisia eta interes biologikoko konposatuen sintesia dira.

José Mª Asua González UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoko katedraduna da, eta Basque Center for Macromolecular Design and Engineering, POLYMAT Fundazioko zuzendaria. Kimika Zientzien lizentzia atera zuen Bilboko Unibertsitatean (1975), eta doktoregoa Zaragozako Unibertsitatean (1978). Doktorego ondoko egonaldia egin zuen Liejako Unibertsitatean (Belgika), eta urte sabatikoak igaro ditu Lehigheko Unibertsitatean (AEB) Fulbright bekadun gisa, eta Waterlooko Unibertsitatean (Kanada) irakasle bisitari gisa. Horrez gain, Lovainako Unibertsitate Katolikoko (Belgika) eta Dortmundeko Unibertsitateko (Alemania) irakasle bisitaria da. Ikerketaren 2005eko Euskadi Saria eta Teknologia Garbien Rhône Poulenc Saria jaso ditu aurretik. Haren ikerlerro nagusia polimerizazioaren erreakzio ingeniaritza da, eta alor horretan 340tik gora artikulu eta liburu bat argitaratu ditu, eta beste bi liburu editatu. 50 hitzaldi gonbidatu eta oso baino gehiago eman ditu, eta 150 hitzalditik gora nazioarteko biltzarretan; gainera, biltzar horietako askotako zientzia batzordeko kide izan da. Hamabi patente sortu ditu beste egile batzuekin batera, eta 55 doktorego tesi baino gehiago zuzendu.