euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta Satlantis Microsats-ek lankidetzarako hitzarmena sinatu dute

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/08

Irudia

Akordioaren bidez, UPV/EHUko Aula EspaZio Gelaren ikaslek praktikak eta Master Amaierako lanak garatu ditzakete espazio-teknologietako enpresan

Bilboko Ingeniaritza Eskolak (BIE-EIB) eta Bizkaiko Satlantis Microsats enpresak lankidetza hitzarmena sinatu dute, espazioko zientziaren eta ikerketa astrofisikoaren alorretan prestakuntza eta garapen teknologiko ekintzak gauzatzeko xedez. Unibertsitateko eskolak eta startup horrek euren indarrak batuko dituzte, BIE-EIBko EspaZio Gelan eta Getxon dagoen Satlantiseko egoitzan ekintza bateratuak gauzatzeko. Bertan, graduondoko ikasketak edo doktoretza egiten ari diren ikasleek euren praktikak egiteko eta proiektuak garatzeko aukera izango dute.

Enrique Amezua Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta Juan Tomás Hernani Satlantiseko kontseilari delegatuak lankidetzarako akordioa sinatu dute. Ekitaldian hauek ere parte hartu dute: Alberto Oleaga Fisika Aplikatu I Saileko zuzendariak, Luis Carlos Fernández Satlantiseko Eragiketa zuzendariak, Agustín Sánchez Lavega 2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria eta  EspaZio Gelako zuzendariak,  eta Teresa del Río Ikasgelako arduradun akademikoak.

Lankidetza akordioari esker, Satlantis Microsats enpresa eta Bilboko Ingeniaritza Eskola espazioko zientziaren eta ikerketa astrofisikoaren alorretan arituko dira lankidetzan, unibertsitate eskolako EspaZio Gelaren bitartez bideratuko diren jarduerekin. Hitzarmenean, Espazioko Zientziari eta Teknologiari eta, batez ere, Satlantisek bultzatutako garapen teknologikoei, buruzko topaketen eta mintegien antolakuntza jasotzen da.
Hitzarmena bost urteko iraupenarekin sortzen da, eta beste bost urterako luzatu ahal izango da. Lankidetza akordio horrek indartu egiten du Bilboko Ingeniaritza Eskolak ikerketaren eta garapen teknologikoaren eta unibertsitatearen eta puntako enpresen arteko lankidetzaren alde egiten duen apustua.  Horrela, Aula EspaZio Gelarekin erlazionatutako Master eta Doktoretza ikasleek egonaldiak, praktikak eta Master Amaierako Proiektuak egin ahal izango dituzte Bizkaiko enpresan. Horrez gain, akordioak ideien trukaketa eta alderaketa bultzatu nahi du Eskolaren eta enpresa teknologikoaren artean, espazioko sektorearekin eta astrofisikarekin erlazionatutako garapen teknologikoko, ikerketa aurreratuko eta esperimentazio metodoetako proiektuak elkarrekin gauzatzeko.

2014an sortutako Satlantis, espazio sektorean indarra hartzen ari den enpresa da, bereizmen handiko espazio eta denbora teknologietan espezializatua, lurreko behaketarako eta teledetekziorako. Bazkide inbertitzaileen artean Telefónica, Idom, Everis-NTT Group eta inbertsio zuzeneko Orza erakundea daude, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, SPRIren eta AXIS-ICOren laguntza du, eta baita Europar Batzordearena ere, ikerketarako eta berrikuntzarako H2020 ikerketa programaren bitartez. Duela denbora gutxi, Satlantisek Europar Batzordearen lehiaketa bat irabazi du, beste 27 enpresa gaindituz, Lurra behatzeko lehenengo mikrosatelitea abiarazteko, 2,3 milioi eurokoa izango den kontratuarekin. Nazioarteko proiektu garrantzitsu hori bere esku jarri duen Europar Batasuneko epaimahaiaren iritziz, Satlantis "enpresa hoberena" da. Euskal enpresak Berlin Space Technologies bazkide alemanarekin lankidetzan eramango du aurrera proiektua.

Satlantisek Getxon du egoitza, eta filial bat Estatu Batuetan, Satlantis Florida. Bertan dago, baita ere, Satlantis Advances School bere prestakuntza eskola. Konpainiaren produktu nagusia iSIM deritzon sistema da, metrotik beherako pixelak dituzten doitasun handiko irudiak lor ditzakeen optika batez hornitutakoa, Lurretik 500 kilometrora biraka dabiltzan sateliteentzat guztiz egokia. Erronka teknologiko hau tamaina handiko kamerak eta ehunka milioiko balioa duten sateliteekin lehiatzen da merkatuan. Horien aldean, Satlantis-ek kameraren miniaturazko kamera eskaintzen du, zortzi kiloko pisuraino, inbertsioa oraingo prezioen oso azpitik murriztuz.

EspaZio Gela eta bere Behatoki Astronomikoa 2009an sortu ziren Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta UPV/EHUko Espazioko Zientzia eta Teknologia Masterra ematen da ordutik bertan. Ikasgela Bizkaiko Foru Aldundiko, BFA/DFBko, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen Sailak finantzatzen du.