euskaraespañol

Bizkaia Aretoa izan da 2016an biltzar gehien izan dituen egoitza

UPV/EHUko paraninfoak 69.000 bisitari baino gehiago izan ditu bere jarduera ugarietan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/16

Irudia

Bizkaia Aretoa, UPV/EHUko paraninfoa, bigarren urtez izan da Bilbon biltzar gehien izan dituen egoitza: 53 biltzar izan dira guztira, eta zerrendan bigarren denak 36 izan ditu. Guztira, 577 jarduera egin dira bertan, era guztietakoak, aurreko urtean baino 99 gehiago. Beraz, 2016. urtean izan du jarduerarik handiena Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbo erdian daukan azpiegitura honek.

Urte horretan, okupazio tasa %96koa izan da eta 69.488 bisitari bildu ditu, hau da: berriro ere gainditu du lehendik zeukan marka, izan ere, 2015ean baino 20.000 lagun gehiago hartu ditu.

Aretoan askotariko jarduerak egin dira, eta 2016. urtean, aipatutako 53 biltzarrez gain (horietako 30, nazioartekoak), honakoak egin dira: 277 jardunaldi eta hitzaldi; 136 bilera; 20 ospakizun; 35 aurkezpen edo komunikazio ekitaldi; 39 ikuskizun; eta 17 erakusketa.

Hauek izan dira ekitaldirik garrantzitsuenak, jende kopurua oinarri hartuta: Koloso Jurasikoak (22.000 bisitari); Zientzia Astea (9.000 bisitari); Naukas 2016 (1.700 bisitari baino gehiago). Biltzarren artean, aipatzekoak dira: XII Reunión Científica de la Sociedad Española de Astronomía (350 partaide); Ekonomia Solidarioaren II. Biltzarra (450 partaide); XLI Simposio de la Asociación Española de Economía (420 partaide); eta UPV/EHUko sailek antolatutako hiru biltzarrak.
Bestalde, Bizkaia Aretoa UPV/EHUk berak antolatzen dituen biltzarren bultzatzaile ere izan da; izan ere, aretoa ireki zenetik unibertsitateak antolatutako jardunaldi eta biltzarrek %300 egin dute gora.

Bilbao Convention Bureau-k adierazitakoaren arabera, Bizkaia Aretoan egin dira lurraldeko biltzar jardueren % 9a (kontuan izan da, bakarrik, egun bat baino gehiago iraun eta 50 lagunetik gora bildu dituzten 106 jarduerak). Horrela, bada, mota horretako jarduerak biltzen dituzten aretoen artean, unibertsitatearen paraninfoa dugu bigarrena zerrendan.

2017. urterako, 350 jarduera daude baieztatuta, horien artean, 40tik gora biltzar eta 220 jardunaldi edo hitzaldi, eta aipatzekoak dira bilduko duten jende kopurua kontuan hartuta:  47th European Brain & Behaviour Society Meeting (600 lagun); International Conference on Photothermal and Photoacoustic Properties (200); X Congreso de la Sociedad Española de Medicina Tropical y Salud Internacional (300); Congreso Nacional de la Sociedad Española de Ingeniería Biomédica (200); eta Zientziaren Astea 2017 ekitaldiaren babesean egingo diren jarduerak (10.000 bisitari baino gehiago espero dira). Zientziaren Astearen barruan egingo direnen artean, aipatzekoak dira espazioari buruz egingo diren jarduerak: Europako Espazio Agentziaren espazio misioen erreprodukzioak eta hegaldietako benetako elementuak, planetarioa eraikinaren terrazan, astronomia behaketak eta beste batzuk.

Azkenik, azpimarratzeko da jendeak adierazitako gogobetetze maila; izan ere, jendeari Bizkaia Aretoan izandako arretari eta emandako zerbitzuei buruz galdetzean, 10etik 9,1 puntu eman dizkiote.

Patxi Juaristiren, Bizkaiko Campuseko errektoreordearen, ustez, Bizkaia Aretoa oinarrizko egitura da Euskal Herrian antolatzen diren biltzarren arloan, baina dio ez dela hori elementu garrantzitsu bakarra, haren ustez, eraikina, arkitekturaren eta hirigintzaren ikuspegitik, Abandoibarraren bultzatzaile ere izan delako eta lagungarri gune hori Bilbo hiriaren gunerik nabarmenenetako bat bilakatzerakoan, eta, horretaz gain, garrantzitsua izan delako ere UPV/EHU ikusgarri egiteko Bizkaiko hiriburuan.

Bizkaia Aretoa BBK-k Euskal Herriko Unibertsitateari lagatako eraikina da, Álvaro Siza arkitekto portugesak diseinatua, 1992an Pritzker Sariaren irabazle izandakoak.

Bilboko eremurik nabarmenenetako batean dago, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean, eta Iberdrola dorrearen magalean; lau auditorium ditu (Mitxelena: 441 plaza, Baroja: 161; Oteiza: 90; eta Arriaga: 64); lau erakusketa gela (Chillida, Axular, Etxepare eta Laboa; guztira, 500 metro koadrotik gora); hainbat bilera gela, 400 metro koadroko sarrera, eta 1.200 metro koadroko terraza, Mentxu Gali dedikatua, Abandoibarrara begira eta lorategiarekin.