euskaraespañol

UPV/EHUk 1.220 ikasle bisitari hartu ditu 2016/2017 ikasturtean

Ehun bat gaztek hartu dute parte truke programetako bisitariei agur esateko Donostiako Carlos Santamaria zentroan egin den ekitaldian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/17

Irudia

Donostiako Carlos Santamaria Zentroan UPV/EHUren mugikortasun programetan parte hartu duten ikasle bisitariei agur esateko ohiko ekitaldia egin da.

Ekitaldian hainbat herrialdetako ehun bat gaztek hartu dute parte, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako campusetatik etorriak. Argazki ofiziala egin ondoren, hitza hartu dute Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak, Agustin Erkizia Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Marta Barandiaran Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak eta Gorka Orueta Mugikortasuneko zuzendariak, ikasleak agurtu eta eskerrak emateko UPV/EHU aukeratzeagatik truke programako egonaldia egiteko.

Agintariek beren esker ona adierazi diote, baita, Erasmus Student Network (ESN) ikasle elkarteari, jarduerak antolatzeagatik ikasle bisitarientzat eta bertakoentzat, hala nola topadak, irteerak, txangoak eta gizarte arloko ekimenak. Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak elkarteak egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu du, ikasle bisitariei campusetan eta hirietan integratzen laguntzen baitie.

UPV/EHUk 1.220 bisitari hartu ditu 2016/2017 ikasturtean, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak gestionatzen dituen truke programa akademikoen barruan.

Datuen bilakaera ikusita, azpimarratzekoa da gora egin duela nabarmen "Beste norako batzuk" programako bisitarien kopuruak –Ipar Amerika, Asia, Errusia eta Afrikako iparraldeko unibertsitateetakoak-, ia bikoiztu egin direlako iazko zenbakiak (2015/2016 ikasturtean baino % 44,7 bisitari gehiago). Aipatzekoa da, halaber, UPV/EHU gero eta erakargarriagoa dela Europako ikasleentzat, Erasmus+ programaren barruan gure unibertsitatera etorri diren ikasleen kopurua % 16,9 handitu baita. SICUE programak (estatu barruko mugikortasuna) % 23,8 egin du gora baina Latinoamerikatik datozen bisitarien kopuruak, aldiz, behera (% 8,8).

2016/2017 ikasturtean UPV/EHUra etorri diren ikasle bisitariak 47 herrialdetatik etorri dira, gehienak hauetatik: Europakoak Alemania, Frantzia eta Italiatik; Latinoamerikakoak Mexikotik; eta "Beste norako batzuk" programakoak Hego Korea, Estatu Batu eta Errusiatik. Aipatu egin behar da, baita, nabarmen hazi dela Japonia, Georgia, Ukraina eta Kazakhstanetik etorritako bisitarien kopurua.

Truke programa akademikoa UPV/EHUk hartutako bisitariak
Latinoamerika 246
Erasmus+ 709
Beste norako batzuk 114
Sicue 151
Guztira 1.220

Erasmus+ programak 30 urte bete ditu aurten eta hauxe da bere helburua hurrengo urteetarako: graduko ikasketak egiten ari diren bitartean truke programa akademikoren batean parte hartzen duten ikasleen batezbestekoa % 20ra hel dadila.

Erasmus+ programak sustrai sendoak ditu UPV/EHUn, ikasleek gehien eskatzen duten mugikortasun programa baita; gainera aldebiko truke hitzarmenak egiteko aukera eskaintzen du eta, modu horretara, UPV/EHUko ikasleek nora joan aukeratu dezakete, bai estatu barruan bai edozein kontinentetan.

Esan daiteke UPV/EHUtik beste unibertsitate batzuetara joaten diren ikasleen kopurua ez dela aldatu, baina pixkatxo bat egin du gora (2015/2016 ikasturtean 1.574 ikasle joan ziren, eta 2016/2017 ikasturtean 1.776). Gure ikasle gehienak hartzen dituzten herrialdeak dira Txile, Italia eta Alemania, eta Australia urruna ere badago ikasleek aukeratutako herrialdeen artean.

Programa Mugikortasun programetan parte hartzen duten UPV/EHUko ikasleak (2016/2017)
Latinoamerika 380
Erasmus + 1.019
Beste norako batzuk 83
Sicue 294
Guztira 1.776