euskaraespañol

Arkitekturako ikasleek Bilboko Irala/Ametzola auzoko guneak aztertu dituzte

Proiektua arrakastaz aurkeztu zieten bizilagunei, eta haren inguruko erakusketa osatu dute; horrez gain, proiektuari buruzko argitalpen bat ere kaleratuko da aurki

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/25

Irudia
Irala/Ametzola auzoa. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Bilboko Irala/Ametzola auzoko bizilagunen elkartea harremanetan jarri zen UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoarekin, auzoaren 100. urtemugaren harira (1917/2017) zenbait proiektu gauzatzen laguntzeko. Arkitektura eskolak berehala erantzun zien, eta, hala, Ramón Barrena eta Alex Mitxelena irakasleek gidatuta, Arkitekturako ikasleek Bilboko auzo ezagun horretako guneen inguruko ideiak eta proposamenak eman zituzten. Egindako proposamenak erakusketa batean bildu dituzte, eta Bilboko Udalak proposamenok jasotzen dituen liburu bat argitaratuko du aurki.

Irakasleek oso ontzat jo dute egitasmoa: "Lan hauekin, ikasleek gertutik ezagutuko dute errealitatea, gehiago inplikatu eta ahaleginduko dira, eta balio soziala duten arkitektura kontzeptuak barneratuko dituzte, arkitektura herritarrekin eta herritarrentzat eginez", azpimarratu dute. Proiektuan diharduten ikasleak ere oso gustura daude lanarekin: "Esperientzia oso ona izan da. Horrelako proiektu batekin lan egitea lagungarria zaigu gure etorkizuneko lanbidea hobeto ulertzeko eta lanbide horren errealitatea ikusteko".

Guztira, 36 ikaslek landu dute proiektua ikasturte honetan, hiru laguneko taldeetan banatuta. Nahitaezko lana izan zen; izan ere, Arkitektura Proiektuak enborreko irakasgaiaren barruan egin behar zen –bosgarren mailan ematen da, eta pisu handia du ikasketetan–. Ikasleek bertatik bertara ikusi ahal izan zuten nola esku har litekeen eremu horretan, bizilagunen elkarteak, Bilboko Udaleko ordezkariek eta Gazteleku taldeak lagunduta. Era berean, auzoak zer-nolako espazio beharrak dituen ere jakin ahal izan zuten, La Caixa Gizarte Ekintzak, Bilboko Udalak eta Gazteleku taldeak sustatuta gauzatzen den Kultura arteko Komunitateko Esku hartzeko Programan jasota baitaude beharrok. "Askotariko guneak behar zirela ikusi genuen, hala nola osasun etxea, auzo etxea, immigranteak hartzeko espazioak, adinekoentzako eguneko zentroa eta gazteentzako kultur guneak", azaldu dute Ramón Barrena eta Alex Mitxelena irakasleek.

Auzorako bisita

Lantaldeak eratu ostean, Arkitekturako ikasleak auzora joan ziren, proiektuan diharduten tokiko agenteekin batera.Han, ikasleek eskura zeukaten planimetria digitala eta erakutsi zizkieten beharrak aztertu zituzten. Eskolara bueltatzean, esku hartzeko lekua aukeratu zuten, eta bete beharreko premien programa zehaztu. Analisi horretan oinarrituta, proiektua bideratzeko hasierako hipotesi batzuk proposatu zituzten, eta, taldean, auzoa bisitatzean informazioa osatzeko egingo zuten landa lana definitu zuten. Auzoan, premien programaren arabera, agente espezifiko batzuekin bildu ziren, eta proiektuak aurrera eramateko beharrezko informazioa osatu zuten. Aldez aurreko analisi hori bukatzeko, planimetria zehaztu zuten eta lekuaren ezaugarriak deskribatu zituzten, baita arkitektura proiektuaren hasierako hipotesitik ondorioztatutako estrategia nagusiak ere", esan dute.

Zehazki, honako toki hauek landu zituzten proiektuetan: Kirikiño plaza, Gallego Gorria ikastetxeko eta Eskurtze ikastetxeko hezkuntza guneak, Mozart plaza eta Andres Isasi kalea. "Kirikiño plazan, honako proposamen hauek egin ziren, ikusitako beharretako batzuei erantzute aldera: plaza lehengoratzeko eta biziberritzeko lana; egungo etxebizitzetako fatxaden diseinu berria –jatorriz, patiora ematen duten fatxadak dira–; eta zaharkitua gelditu den Franciscanas ikastetxea lehengoratzeko lanak. Mozart plazan eta Andres Isasi kalean, berriz, bai plaza bai kalea biziberritzeko eta eremu osoa edo zati bat oinezkoentzat jartzeko ideia landu zuten, industria guneak lehengoratzeko ideiarekin batera, detektaturiko beharretako batzuei erantzun nahian. Azkenik, Gallego Gorria eta Eskurtze eskoletan, ikastetxeak osorik berrantolatzeko proposamena egin zuten, haien irisgarritasuna eta auzoarekiko lotura hobetzeko eta eskolek aurkitutako beharretako batzei erantzuteko".

Proiektuaren jendaurreko aurkezpena

UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko ikasleek, lehen ideia garatu ondoren, proiektuaren aurkezpena prestatu behar izan zuten, agenteei eta bizilagunei aurkezteko eta, hala, ordura arteko proposamenak egokiak ote ziren jakiteko. "Aurkezpenean informazio jakin bat erakutsi behar zuten, horretarako emandako denboran, hau da, 15 minutuan. Hori horrela, hitzaldia irudietara egokitu zuten, eta nahitaezkoa izan zen taldekide guztiek hitz egitea aurkezpenean. Proiektua jendaurrean erakutsi ondoren, bertaratuek euren iritzia azaldu ahal izan zuten, eta proiektua hobetzeko iradokizunak proposatu. Jasotako informazio horrekin, ikasleek behin betiko proiektuak landu ahal izan dituzte". Bizkaia Aretoan egin zuten aurkezpena, eta arrakasta betea izan zen. "Proiektuak harrera bikaina izan zuen, bai ikasleen aldetik bai lan honetan sartuta dauden tokiko agenteen aldetik; agenteok zorroztasun eta seriotasun handiz hartu zuten proiektua, eta argi eta garbi proiektuak hobetzen lagundu zuten kritikak egin zituzten". Ikasleentzat ere esperientzia aberasgarria izan zen: "Kritika konstruktiboak izan ziren, oso baliagarriak proiektuetan aldaketak sartzeko eta proiektuekin lanean jarraitzeko".

Oinarrizko proiektu horiek bukatuta daude jada. "Ideien proposamen gisa planteatu ziren, aurrekontu eta bezero jakinik gabe. Proiektuak aurrera eraman ahal izateko gehiago garatu beharko dira, baina, dudarik gabe, oinarri gisa har litezke egitasmo publiko nahiz pribatuetarako", adierazi dute Ramón Barrena eta Alex Mitxelena irakasleek. Bien bitartean, UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko 5. mailako ikasleek Bilboko Irala/Ametzola auzoan eginiko lanak erakusketa batean bildu dira, eta aurki liburu batean argitaratuko dira.