euskaraespañol

Pedro Miguel Etxenikek Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiako kargua hartu du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/01

Irudia
Argazkia: Ivan Rivilla. DIPC

Pedro Miguel Etxenike, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna eta Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko presidentea, Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiako kide osoa da orain. Etxenike irakasleak Madrilen egindako ekitaldi solemnean hartu zuen kide osoaren plaza, eta "Dinámica de iones y electrones en sólidos y superficies y pequeñas pinceladas sobre ciencia" hitzaldia eman zuen. Erakundearen izenean, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Fisika Teorikoko katedradun emeritu eta Errege Akademiako ohorezko presidente Alberto Galindo Tixairek erantzun zion akademiko berriari.

"Zientzien Errege Akademiako kide izatea poz eta ohore handia da. Geure espezializazioak galarazi egin ohi digu ikasteko beste modu batzuk edo mundua ulertzeko beste modu batzuk ikastea, eta akademiek hori saihesten laguntzen digute", esan zuen Pedro Miguel Etxenikek. "Kate handi bateko maila txiki bat banintz bezala sentitzen naiz. Nire ustez, zientzia estetikoki ederra da, kulturalki garrantzitsua eta ekonomikoki erabakigarria. Zientzia politiketan aurrera egiteko eskaera gizarte osoak egiten dutenean, eta ez bakarrik zientzialariek, orduan egongo da bermatuta etorkizuna".

Akademiko berriak, halaber, azpimarratu zuen zientzialarien XXI. mendeko erronkarik garrantzitsuenetako bat zientzia gehiegizko utilitarismotik salbatzea dela. Haren iritziz, aurrerabide handiak, hau da, aldaketa kualitatiboak eta teknologia disruptiboak ekartzen dituzten horiek, oinarrizko ikerkuntzari esker sortu dira. "Alferrikako zientziaren etekin ezin hobea da".

Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiaren sorrerak XVI. mendean du jatorria, Felipe II.aren erregealdian; izan ere, garai hartan, Madrilgo Matematiken Akademia sortu zen, egungo erakundearen aurrekaria. Juan de Herrerari otu zitzaion akademia eratzea, eta hura izan zen aurreneko zuzendaria. Gero, XVII. mendean zientzia akademiek goraldia izan zutenean Europan, Medikuntzaren eta Zientzia Naturalen Errege Akademia sortu zen 1734an, eta, handik gutxira, bi zientzia adar horietan bereizi zen. Ondoren, 1834an, Madrilgo Zientzia Naturalen Errege Akademia sortu zen, eta handik hamahiru urtera, 1847an, desagertu egin zen, Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademia eratu zenean. Errege Akademiaren estatutuen arabera, guztira 54 akademiko oso izango ditu akademiak.
Pedro Miguel Etxenike Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da, Donostia International Physics Center DIPCeko presidentea, CIC nanoGUNEko presidentea, BERC Material Physics Center-eko presidentea eta UPV/EHUren Nazioarteko Bikaintasun Campusaren Euskampus Fundazioko presidenteordea, eta Zientzien Errege Akademiako 35. domina jaso du. Gainera, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako ohorezko presidentea da.

Hainbat sari jaso ditu, hala nola Ikerkuntzaren Euskadi Saria (1996), Ikerkuntza Zientifiko eta Teknikoaren Asturiasko Printzea Saria (1998), Fisikako Max Planck Saria (1998), Ikerkuntzaren Blas Cabrera Sari Nazionala (2005), Donostia Hiriko Urrezko Domina (2000) eta, duela gutxi, Nafarroako Urrezko Domina (2016). Horrez gain, Doctor in Science da Cambridgeko Unibertsitatearen eskutik (1998) eta Honoris Causa doktorea beste lau unibertsitateren eskutik. Belgikako Zientzien, Letren eta Arte Ederren Errege Akademiako atzerriko kidea da, eta Amerikako Fisika Elkarteko nahiz Zientziaren Aurrerapenerako Amerikako Elkarteko Fellow kidea.

Ikerketa lan handia egin du, 400 artikulutik gora kaleratu baititu aldizkari espezializatuetan eta 200 hitzalditik gora eman baititu hala nazioarteko biltzarretan nola mundu osoko unibertsitate eta erakunde prestigiotsuetan. Horrez gain, azken urteotan ahalegin handia egin du zientzia jarduera kultural gisa sustatzeko eta zientifikoki informatutako gizarte baten garrantzia azpimarratzeko.