euskaraespañol

Punta Begoñaren memoria kolektiboaren erakusketa, Algortan

Toki horretako historiarekin zuzenean erlazionatuta dauden pertsonen testigantzak eskainiko dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/01

Irudia

Ekainaren 1etik 15era "Getxoko memoria kolektiboa" erakusketa egingo da Punta Begoñako galerien balioa nabarmentzeko proiektuaren barruan. Bertan UPV/EHUko ikerlariek Punta Begoñako memoria immateriala eta materiala berreskuratzeko egindako lana azalduko da. Erakusketak bi zati ditu: toki horretako historiarekin erlazionatutako pertsonen testigantzak, Torrene Aretoan egongo direnak, eta galeriak berreskuratzeko aurreikusitako esku-hartzeak, Billamonteko Kultur Etxean ikusi ahal izango direnak.

Testigantzak Torrene Aretoan

Galerien inguruan eratu den gizarte-sarearen bitartez, herritarrek lagatako dokumentuak, irudiak, grabazioak eta elkarrizketak bildu, sailkatu, katalogatu eta aztertu ahal izan dira. Horren emaitza narrazio bat izan da, Punta Begoñako historia ez ezik, Getxokoa, Bilbokoa eta Bizkaiakoa ere bildu dituena. Horiei esker, jakin ahal izango dugu nolakoa zen galerietan bizitzea, zertarako erabiltzen ziren, zein asmoz eraikiarazi zituen Horacio Echevarrieta jabeak, Ricardo Bastida arkitektoa gogoan zuelarik, eta zer eragin izan duten getxotarren bizimoduan.

Testigantza horiek ikus-entzunezkoen bilketaren lehenengo fasean jaso dira, eta nagusiki tokiaren historiarekin zuzenean erlazionatutako pertsonak edo haien oinordekoak hartu dira ardatz gisa. Aurreikusi da bigarren fase bat egitea, Getxoko herritar guztiei irekita, hala nahi dutenek Punta Begoñari lotutako testigantzak, bizipenak eta bestelako materialak emateko aukera izango dute. Fase horretako lehengo urratsean, biltzeko postontzi bat jarriko da Torrene Aretoan, ekainaren 1etik 15era, getxotarrek beren harremanetarako datuak eta eman dezaketen informazioa utzi ditzaten (hala nola galeriei buruzko argazkiak, posta-txartelak, bideoak, gutunak, dokumentuak, istorioak, oroitzapenak eta bizipenak).

Erakusketa Billamonteko Aretoan

Getxoko historia kolektiboaren ildotik, Billamonteko Kultur Etxeak ere erakusketa bat hartuko du ekainaren 1etik 15era, zeinak herritarrei hurbilduko dizkien Punta Begoñan 2017. urterako aurreikusi diren esku-hartzeak. Hain zuzen ere, erakusketan birsortzeen eta planoen bidez azalduko da, esate baterako, obrak zertan dautzan, eraikinaren zein gunetan esku hartuko den eta zein teknika erabiliko diren. Egingo diren lan horiei esker, eraikinaren irisgarritasuna hobetuko da eta, horrela, galerietako eremuak gehiago erabili ahal izango dira eta eraikinaren elementuen narriadura geldiaraziko da. Besteak beste, honako esku-hartze hauek aurreikusi dira: aretoa iragazgaiztea, hegoaldeko galerian bi sabai aizunak eskoratzea, aretoaren azpiko gune berrirako sarbidea sortzea, iparraldeko sarreran igogailu panoramiko bat jartzea eta beste sarrera bat eratzea hegoaldeko galerian.