euskaraespañol

«Etxean bezala egon gara»

2017ko urtarriletik uztailera bitartean atzerriko 28 ikasle aritu dira ikasten UPV/EHUn Erasmus+ programako "Nazioarteko Kreditu Mugikortasuna" proiektuaren barruan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/02

Irudia

Erasmus+ programako "Nazioarteko Kreditu Mugikortasuna" proiektuari esker, Ukrainako, Georgiako, Txinako eta Errusiar Federakundeko 28 ikasle hartu ditu UPV/EHUk 2016/2017ko bigarren seihilekoan.

2015/2016 ikasturtean hasita, Erasmus+ programak aukera ematen du programako kide diren unibertsitateen (Erasmus tradizionala) eta munduko gainerako herrialde kideetako unibertsitateen artean mugikortasunak egiteko. Iaztik "Nazioarteko Kreditu Mugikortasuna" deitzen da proiektua.  

Ikasturte honetako bigarren seihilekoan, eta proiektu honen barruan, Bilboko Ingeniaritza Eskolan aritu dira ikasten Ukrainako 6 ikasle, Georgiako 9 eta Txinako 1. 

Bestalde, Gasteizko Letren Fakultateak Errusiako 10 ikasle eta Georgiako bi hartu ditu. Bilboko ikasleek, Erasmus+ programaren baitan hirian, eta zehazki, UPV/EHUn, bizi izan duten esperientziaz hitz egin dutenean aho batez esan dute: "Etxean bezala egon gara".

Despedida de alumnado extranjero 2017 from UPV/EHU on Vimeo.

"Gure bizitza independenterantz emandako lehenengo urratsa izan da, eta esperientzia aparta izan da", esan du Oleksandr Herhovskiyk, Ukrainiatik etorri den Ingeniaritza Mekanikoko ikasleak.  Herhovskiyk hasiera batean ez zuen batere argi Txekiako Errepublikako hiri bat ala Bilbo aukeratu, baina azkenean Bizkaiko hiriburura etortzea erabaki zuen, eta "ez naiz batere damutu", esan du.

UPV/EHUn egindako seihilekoaz esan dute esperientzia "harrigarria" izan dela, eta ziurtatu dute zalantza izpirik egin gabe aukeratuko luketela berriz. "Irakasleak eta ikaskideak benetan atseginak izan dira, eta asko ikasi dugu", esan du Lizi Kvirikashvilik, Ziber Elektronikako Georgiako ikasleak. Unibertsitatea alde batera utzita, Bilbo hiriaren "xarma eta kultura aberastasuna" ere azpimarratu dituzte, eta hiriarekin liluratuta geratu direla esan dute. 

Unibertsitateko instalazioei buruz ere denak bat etorri dira.  Batez ere azpimarratu dituzte laborategietako praktikak eta lanak, eta esan dute "pozez zoratzen" geratu direla liburutegiekin.  Ildo berean, ziurtatu dute batez ere "bertakoek emandako tratua" baloratu dutela, eta adierazi dute "txundituta" utzi dituela arkitekturak, eta bereziki museoek eta antzokiek.

Buddy programa

Nazioarteko Kreditu Mugikortasuneko gazteak oso gustura geratu dira GKZ Buddy programarekin ere. Ekimen horren bidez hirian eta Campusean moldatzen laguntzen zaie ikasle iritsi berriei. Horretarako, "buddy" bat izendatzen zaio bakoitzari, beti izaten da Unibertsitateko ikasle bat eta esperientziaz baliatuz eta bere ekimenez edo adiskidetasunez, iritsi berrien laguntzaile eta gidari izaten da.

"Ondo dago benetan norbaiten laguntza izatea ezagutzen ez duzun leku batera iristen zarenean, hain galduta senti ez zaitezen: asko lagundu ziguten, batez ere hasieran", esan du Li Zhaohuik, Tianjin University of Scirence and Technology unibertsitatearekin ezarritako Ingeniaritza Mekanikoko titulazio bikoitzeko ikasle txinatarrak. Orokorrean guztiek azpimarratu dute programaren garrantzia eta baliagarritasuna, eta, batez ere hasieran, "oso lagungarria da", esan dute. Eta Bilbora ahalik eta lasterren itzuliko direla berretsi dute, esperientzia "ahaztezin horren ondoren".